Kezkatzen zaituzte Baztandarren Biltzarra bertan behera geratzeak?
Baztaneko festarik ezagunena, Baztandarren Biltzarra, desagertzeko arriskuan da. Jaia antolatzen duen elkarteak urtarrilean jakinarazi zuen festa antolatzeko ardura utziko zuela, denbora luzez aritu izan delako lan horretan. Horrenbestez, erreleborik izan ezean, aurten ez da egingo. Orain arteko antolatzaileek azaldu dutenez, lantalde berria sortzen bada, hari laguntzeko prest izango dira. Kezkatzen al zaituzte jaia ez egiteak?
Baztango Suinki AEK euskaltegiko B1/B2 mailetako ikasleak
1. Alvar
Pena ematen dit baztandarrak beraien bestarik handiena gabe gelditzeak. Dena den, urte bateko deskantsua ere ongi etorria izaten ahal da, indartsuago bueltatzeko.
2. Marian
Besta desagertzea pena da. Herria eta jendea elkartzeko egun polita da. Alaitasuna, musika, adiskidetasuna, aldarrikapenak.... erakusten dituzte baztandarrek. Baina atzean lan handia dago, segur aski.
3. Tasio
Bai, kezkatzen nau. Gazteek ez dituzte arazoak ikusten eta ez dira inplikatzen. Nik uste dut arazoak herrietan izaten direla. Baztandarren Biltzarra egin behar da.
4. Repi
Lehendabiziko aldiz Baztanera etorri nintzenean, Baztandarren Biltzarra zen. Gero bizitzera etorri nintzen. Horregatik, aunitz gustatzen zait eta pena ematen dit ez ospatzeak. Gazteak animatzea espero dut, eta aurten eduki ahal izatea.
5. Jakes
Kezkatzen nau aurten ez egiteak, betirako desagertzeko arriskua du. Gainera, 60. urteurrena ospatzeko aukera izanen litzateke. Urtez urte denetariko jendea etorri da, eta Baztango herri guztiak inplikatu izan dira, izugarrizko egun bat antolatzeko.
6. Kati
Pena handia ematen dit, egun polita da, bai baztandarrentzat, bai kanpotarrentzat. Lehen baztandarrak biltzeko besta zen, baina orain besta masiboa bihurtu da, ulertzen dut antolatzaileen jarrera ere. Nekatuta daude eta ez dute erreleborik ikusten.
7. Eva
Nik uste dut ez dela bertan behera geldituko, baztandarrentzat egun handia eta sentimenduko eguna baita. Hemendik, animatzeko eskatzen dizuet, gainera aurten 60 urte betetzen dira.
8. Maribel
Normalean ez naiz hemen egoten egun horretan, baina pena handia ematen dit ongi pasatzen duten baztandar guztiengatik. Duela urte aunitzeko besta da eta galdu eginen da tradizio hori...