Lightyear
Zuzendaria: Angus MacLane. Gidoia: Jason Headley, Angus MacLane eta Matthew Aldrich. Animazioa. AEB, 2022.
Istorioa: Toy Story filmetik (John Lasseter, 1995) eta haren ondorengoetatik eratorritako pelikula da. Saga hartan, Buzz Lightyear Espazioko Zaintzailea jostailua pertsonaia nagusietakoa zen. Bada, film hau jostailu horren ustezko sorrerari buruzkoa da. Hots, istorioak Buzz Lightyearren abenturak kontatzen ditu, eta ez du Toy Story-ko munduarekin inolako zerikusirik; hemen ez dago jostailurik, robot maltzurrak, espazio-ontziak eta antzekoak baizik.
Polemika: Etorkizunean kokatutako istorioak iraganekoa dirudien polemika piztu du: bi emakumeren arteko muxu bat ageri da pelikulan eta, ondorioz, gutxienez 14 herrialdetan zentsuratu egin dute filma. Urrutiko herrialdeetara joan gabe, naftalina kiratsa gertuago ere sumatu dugu, eszena kritikatu duenik ez baita falta izan inguruan, zer eta umeentzako film batean ageri delako. Bistan denez, zoko usaina infinitura eta harago iristen da oraindik ere. Pixar ekoizleak (Disney etxearen eskuetan dago), behintzat, ez die halako kontuei kasurik egin, eta filma bere horretan utzi du.
Onena: Ongi egina dago eta entretenigarria da.
Txarrena: Ongi egina dago eta entretenigarria da, besterik ez. Ez da gutxi, baina Toy Story sagako lau filmen itzala luzea da, oso luzea, apartak zirelako. Eta, zoritxarrez, Lightyear honek zerikusi eskasa du haiekin. Ez du ez gatzik ez piperrik.
Eñaut Mitxelena