Red Rocket
Zuzendaria: Sean Baker. Gidoia: Sean Baker eta Chris Bergoch. Aktoreak: Simon Rex, Bree Elrod, Suzanna Son, Brenda Deiss. AEB, 2021.
Istorioa: Zinema pornografikoaren munduan izar izandako Mikey Saber gainbehera betean da. Aspaldiko loria itzalita, Los Angeles utzi eta bere jaiolekura, Texaseko herri txiki eta ahaztu batera, itzultzea erabakiko du. Deus gabe, aurrera egitea izugarri kostatuko zaio, baina garai bateko arrakasta berreskuratzen saiatuko da.
Zuzendaria: Iaz, Canneseko Zinemaldiko sail ofizialean parte hartu zuen filmak. Izan ere, Baker AEBetako zinema independenteko izen ezagunetakoa bihurtu da azken urteetan. Lehendik ere lan gehiago eginak izan arren, batez ere bere azken film luzeek eman diote sona: Tangerine (2015) eta The Florida Project (2017).
Onena: zuzendariak AEBetako gizartea erretratatzeko duen begi zolia. Aurretik ere azaldu izan du amets amerikarraren ifrentzua erakusteko aparteko trebetasuna, batik bat arestian aipatu The Florida Project nabarmenean. Protagonistak txeraz tratatuta eta errukiorra izateko tentazioari iskin eginda, ametsetik baino amesgaiztotik gehiago duen bizi molde horri erreparatu dio beste behin. Trumpen garaipena iritsi aurreko sasoiko Ipar Amerika sakonean murgilduko gaitu, ustezko paradisuaren atzealdean. AEBetako eredu arrakastatsuaren aldirietara ere eramango gaitu, gordinkeriaz, baina ez krudelkeriaz, enpatiari leku eginda, irria eta tragedia uztartzen dituen bidean, orain nazka eta orain irribarrea eragiten duen protagonistari segika.
Txarrena: Kontakizuna nahi duen lekura eramateko, zenbait gertakari gehiegi behartzen ditu, akaso.
Eñaut Mitxelena