Bada, bai: Internet apurtuta dago. Gero eta apurtuago, gainera. Baina tira, udako oporrak bueltan ditugunez, utz ditzagun udazkenerako haserreak eta kopeta ilunak! Gaurkoan, nik udan sarritan erabiltzen ditudan hiru aplikazio ekarri nahi dizkizuet, zuoi ere baliagarriak egingo zaizkizuelakoan.
Lehenengoa GPS aplikazio bat da. Badakizue, gidatzeko laguntza ematen duten horietakoa. Waze du izena eta Android zein iOS sistemetan instalatu ahal da. Esan daiteke gidarien sare sozial modukoa dela. Denbora errealean jasotzen du erabiltzaileen informazioa; horri esker, oso informazio eguneratua du trafiko egoeraz, adibidez, edo errepideetan aurki daitezkeen oztopoen gainean: eguraldi kaskarra, bide ertzean gelditutako ibilgailua, lanak edo polizia kontrolak. Alderik onenetakoa du euskaraz konfigura daitekeela, ahozko jarraibideak barne; txarrenetakoa, berriz, Google multinazionalak erositako Israelgo enpresa batek sortua dela.
Bigarrena ere GPS aplikazio bat da, baina oinez ibiltzeko jarraibideak ematekoa. Mendi bueltak eta halakoak gogoko badituzu, Wikiloc aplikazioak zu bezalako beste erabiltzaile batzuek egindako/gomendatutako ibilbideak erakutsiko dizkizu. Zailtasunaren, luzeraren zein aldapa mailaren arabera bila daitezke, ibilbide zirkularrak besterik ez, umeekin egiteko modukoak... Oso-oso gomendagarria da, antolatutako txangoetatik ihesi bizi bazara. Honek ere euskaraz dagoela du aldeko, eta apur bat aurka, ostera, funtzio guztiak erabiltzeko ordaindu beharra dagoela.
Gomendatu nahi dizuedan azkena ere GPS bat da, baina geldi gaudela erabiltzekoa. Udan gaueko ordu txikitan izarrei begira jartzekoak bazarete, SkyMap aplikazioa oso lagungarria izango duzue. Zeruko izarren mapa erakusten du sakelakoaren pantailan, eta horrela erraz asko identifikatu ahal dira konstelazioak, adibidez; edo pertseidak nondik etorriko diren jakin daiteke.
Eta zuok, baduzue udarako aplikazio kutunik?

https://waze.com
Oraintxe konturatu naiz Waze aplikazioa nabigatzailetik ere erabil daitekeela, mapak kontsultatzeko.

https://eu.wikiloc.com/
Wikiloc aplikazioa ere GPSa da, baina oinezko txangoak egin nahi dituzunerako.

https://labur.eus/skymap
Zeruko mapa zure sakelakoan, izarrak, konstelazioak eta ozar izarrak erraz topatzeko aplikazioa (Androiderako soilik).

 

 



Harpidedunentzako sarbidea:

Gogora nazazu

Hil honetako AIZU! aldizkarian erreportaje gehiago aurkituko dituzu. Horrez gain, “Ez da hain fazila” gehigarria ere eskura dezakezu. Hainbat eduki biltzen ditu: "Galde Debalde?" ataltxoa gramatika-zalantzak argitzeko, denbora-pasak, lehiaketak... Kioskoetan salgai, harpidetza ere egin dezakezu, digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.