Joxe Rojas
Galdetu zalantzak teknopatari:
Feministek ‘betaurreko moreez’ hitz egiten dute. Behin munduari ikuspegi feministarekin begiratzen ikasiz gero, ez dago ‘betaurreko’ horiek kentzeko modurik. Bada, ‘sare sozial’ esaten diegun propaganda plataformekin ere antzera gertatzen da. Benetan nolakoak diren ikusten ikasiz gero, ez dago atzerabueltarik.
Jakina da Facebook, Instagram eta WhatsAppen jabearen, Meta enpresaren, negozio nagusia zein den: erabiltzaileon datuak jaso, informazio berria eskuratzeko haien artean gurutzatu, eta gutako bakoitzaren ahalik eta profilik zehatzena osatzea, gure erabakietan ahal beste eragingo duten iragarkiak erakutsi ahal izateko. Iragarkiok izan daitezke Txinan ekoitzitako trepetatxo1 batenak, edo gehien ordaindu duen alderdi politikoaren aldeko argudioak, gure pentsaera, lanbide eta era guztietako gustu zein joeren2 arabera pertsonalizatuak. Ondo jakina da bai norbanakoon osasun mentalean bai gizartearen iritzi publikoan oso eragin kaltegarria dutela, baina, tabakoarekin bezalaxe, kontsumitzaileei mendekotasuna sortzen diete eta oso zaila da adikzio horretatik ateratzea.
Edukietan ez ezik, formetan ere harrigarriro zitalak3 dira plataforma horiek. Duela gutxi, ikertzaile talde bat kasualitate hutsez konturatu da Android sistemarako Metaren aplikazioek (WhatsApp, Facebook, Instagram) espero gabeko konexio eskariak egiten dituztela. Konexio horien haritik tiraka, hara non jabetu diren hiru aplikazioak informatikako birusak bezala programatuta daudela: etxera deitu eta erabiltzailearen informazio piloa bidaltzen dute hara. Horretarako, propio saltatzen dituzte tartean topatzen dituzten segurtasun neurri guztiak.
Alegia: alfer-alferrik dira hamaika lekutan ikusi dituzun segurtasun eta pribatutasun aholku guztiak. Metak zure datuak nahi ditu eta, bere aplikazioak erabiltzen badituzu, hartu egiten ditu. Zuk baimena eman zein espresuki ukatu.
Labur esanda, WhatsApp, Facebook eta Instagram, teknikoki eta literalki, birus informatikoak dira. Erabiltzen jarraituko duzu?
LOTURAK
https://labur.eus/birus
Metaren softwarearen izaera maltzurraren4 gaineko azalpen gehiago, Sustatu.eus webgunean
https://labur.eus/agurfbk
Zergatik―eta nola― irten Facebooketik. Nire kasuan, horrela hasi zen guztia.
https://fedibertsoa.eus/
Bestelako sare sozialak posible dira. Fedibertsoan batzen dira denak.
1. Trepeta: gailu, tresna.
2. Joera: tendencia (es), tendance (fr).
3. Zital: gaizto, maltzur.
4. Maltzur: gaizto, zital.