Adimen artifizialak ekarri dituen aurrerapen teknologiko handienen artean itzultzaile automatiko neuronalak daude. Orain arte, itzultzaile automatiko bat egiteko, ezinbestekoa zen hizkuntzaren arau guztiak makinak ulertzeko moduko programazio kode bihurtzea eta, nolabait, gramatika bera programazio informatiko bilakatzea. Makinari irakatsi beharreko hizkuntza bakoitzeko dirutza, denbora eta ahalegin ikaragarria behar ziren.

Orain, aldiz, nahikoa da ‘entrenatu’ nahi dugun itzulpen programari hizkuntza bateko ereduak (milaka eredu, hori bai) erakustea, makinak berez ondorioztatzeko arauak zein diren. Azken boladan mugimendu handiak ikusten ari gara, eta badira Euskal Herriko eta nazioarteko enpresak, txikiak zein handiak, itzulpen sistema benetan trebe eta eraginkorrak sortzen ari direnak. Bai: euskaraz ere, trebeak eta eraginkorrak.

Teknologia horren hedapenak aukera zoragarriak ekarriko dizkigu epe ertainean: edozein hizkuntzatako literatura, kantak, albisteak eta abarrak euskaraz jaso ahal izango ditugu, eta euskarazko edukia ere munduko edozein hizkuntzatan ulertu ahal izango da, klik bakar bat eginez. Zalantzarik gabe, aukera paregabea da euskara, baita okerrago dauden ehunka hizkuntza gutxitu ere, ezagutzera emateko, haien kulturarekin batera.

Baina, aldi berean, esango nuke arrisku handiak ere badakartzala. Google eta Meta bezalako multinazional handiek tentazio erraz samarra izan dezakete beren eduki guztia ingelesez sortu eta automatikoki itzultzeko, beste hizkuntzetako jatorrizko edukiak baztertuta. Adibidez: Euskal Herrian eta euskaraz sortutako komunikabidea baino, errazagoa izan daiteke haientzat AEBetako beren bulegoetan ingelesez sortutako albisteak automatikoki euskaratuta ematea. Justifikazio erraza izango luke hala jokatzeak, gainera, eraginkortasunaren eta abarren izenean, eta mesede baino askoz ere kalte handiagoa egingo lieke ingelesa ez diren beste hizkuntzei eta, batez ere, kultura guztiei.

Eta zuk zer deritzozu? Zer abantaila eta desabantaila ikusten dizkiozu itzulpen automatiko txukun eta unibertsalari?

LOTURAK

https://labur.eus/mikelaa

Gai honi buruzko iritzi artikulua Debagoieneko Goiena aldizkarian

https://labur.eus/neuronal

Itzultzaile automatikoen gaineko erreportajea Berrian, zertaz ari garen hobeto ulertzeko

https://labur.eus/mlasai

Euskarazko itzultzaile neuronal txukunen erreferentziak Mintzalasai webgunean


Harpidedunentzako sarbidea:

Gogora nazazu

Hil honetako AIZU! aldizkarian erreportaje gehiago aurkituko dituzu. Horrez gain, “Ez da hain fazila” gehigarria ere eskura dezakezu. Hainbat eduki biltzen ditu: "Galde Debalde?" ataltxoa gramatika-zalantzak argitzeko, denbora-pasak, lehiaketak... Kioskoetan salgai, harpidetza ere egin dezakezu, digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.