Facebook, Instagram, TikTok, YouTube, Twitter, Twitch... duela urte batzuetatik, oso zaila bilakatu da sare sozial horietako batean edo gehiagotan konturik izan gabe bizitzea. Gazteen artean, batez ere, elkarrekin komunikatzeko berezko kanalak dira, eta, inoiz txoko honetan bertan komentatu dugun moduan, hain gazte ez garen askorentzat ere gaur egun inguruan gertatzen denaz informazioa jasotzeko tresna nagusiak dira.
Ez gara konturatzen, baina sare sozialak horrela erabiltzeak, komunikatzeko zein informatzeko tresna nagusi gisa, arazo potoloa dakar atzetik: gure komunikazioaren eta jasotzen dugun informazioaren kontrola sareon jabeen esku uzten dugu. Pentsarazten digutenaren kontra, haiek erabakitzen dute bertara zabaltzen ditugun mezuetako bakoitza nola, noiz eta nori iristen zaion, ekonomikoki zein bestela komeni zaienaren arabera. Twitterren kasuan, adibidez, Elon Muskek erabakia du AEBetako ultraeskuinari babesa ematea, eta azken asteotan bere esku dagoen guztia egin du bere sarean era guztietako konspirazionistei, ultrakontserbadoreei eta abarri ahotsa emateko. Eskubide osoa du, noski, jostailua 44.000 milioi dolarrean erosi ondoren.
Zorionez, badira bestelako aukerak, gero eta erabiltzaile eta zale gehiago dituztenak, beste filosofia batean oinarrituta. ‘Fedibertsoa’ delakoa elkarren artean ‘federatuta’ edo komunikatuta dauden hainbat sare sozialen sarea da. Mastodon izango da ezagunenetakoa, Twitterren antzekoa dena. Badu zerbitzari bat, Mastodon.eus, euskaraz jardun nahi dugunontzat, baina beste makina bat topa daiteke, adibidez, gaika: zientziari buruzkoak, politikaz eztabaidatzekoak, arteaz... Haietako edozeinetan izena emanda, beste zerbitzari guztietako erabiltzaileekin komunikatzeko aukera dago. Iragarkirik eta gutako bakoitzari sarearekiko mendekotasuna eragiteko diseinatutako algoritmorik gabe.
Animatuko zarete fedibertsoan zehar txango txikia egitera? Ziur esperientzia polita izango dela!

LOTURAK

https://kaixo.mastodon.eus
Mastodon.eus sarera ongietorria egiteko orria, lehen pausoak egiteko azalpen ezin argiagoekin.

https://pixelfed.eus
Testua baino argazkiak nahiago badituzu, Pixelfed da Instagramen fedibertsoko bertsioa.

https://labur.eus/fedi
Fedibertsoari buruzko azalpen ganorazkoa, bideoz zein idatziz.

 


Harpidedunentzako sarbidea:

Gogora nazazu

Hil honetako AIZU! aldizkarian erreportaje gehiago aurkituko dituzu. Horrez gain, “Ez da hain fazila” gehigarria ere eskura dezakezu. Hainbat eduki biltzen ditu: "Galde Debalde?" ataltxoa gramatika-zalantzak argitzeko, denbora-pasak, lehiaketak... Kioskoetan salgai, harpidetza ere egin dezakezu, digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.