‘Smishing’, ‘phishing’, ‘vishing’, ‘baiting’... Gure Internet zerbitzuen pasahitzak lapurtzen saiatzeko teknikak hain ugariak direnez, komeni da gogoan izatea gutako edozein eta edonon izan daitekeela halako baten biktima.
Halako lapurreten ondorioak oso ezberdinak dira batetik bestera. Gerta daiteke lapurrek gure sare sozial bateko profilaren kontrola eskuratzea, adibidez. Edo, erabiltzaile eta pasahitz berak erabiltzen baditugu beti gure sare sozialen, posta elektronikoaren, banku elektronikoaren, laneko artxiboen eta abarren kontrol osoa lortzea. Kontrol hori produktu jakin baten publizitatea egiteko aprobetxatuko dute; edo gure lagun, kontaktu edota laneko bezeroei ere lapurtzen saiatzeko; gure artxiboak, batez ere lanekoak, "bahitu" eta haien truke dirua eskatzeko; edo, zuzenean, guk ordaindu beharko ditugun erosketak egiteko zein gure kreditu txarteletatik edo banku kontuetatik dirua ateratzeko.
Lapurreta horiek ekiditeko tresnarik eraginkorrena sen ona da. Hamaika bider irakurri eta entzun dugu, baina, hala ere, komeni da errepikatzea: bankuek sekula ez digute pasahitza e-postaz edo SMS bidez eskatuko. Eta zure gogoko sare sozialean ‘onegia, egia izateko’ moduko zozketa edo sariren baten berri ikusten baduzu... zure datuak eskuratzeko amua besterik ez da izango, seguruenik.
Gure pasahitzak kudeatzeko orduan ere komeni da zuhur jokatzea. Lehenengo eta behin, sekula ez erabiltzea ‘abcde’, qwertyuiop’, ‘12345’ eta antzeko pasahitzak. Honezkero, sistema gehienetan eskatzen digute, arrazoiz eskatu ere, gure pasahitzek letra larriak eta xeheak, zenbakiak eta karaktere bereziak nahastea. Zerbitzu bakoitzean pasahitz ezberdina erabiltzea ere komeni da. Aholku gisa, pasahitzak baino, ‘pasaesaldiak’ erabil ditzakezu. Zailagoak dira asmatzen, eta errazagoak gogoratzen. Baina esaldia erabiliz gero ere, izan dadila ezberdina zerbitzu batetik bestera.
Azkenean, kontua erraza da: etxeko giltzak ez galtzeko kontuz ibiltzen garen moduan, gure giltza digitalak ere behar bezala zaindu behar ditugu!

LOTURAK

https://monitor.firefox.com
Zure e-posta idatzita, mundu zabalean ezagutzen diren datu filtrazio masibo horietako batean agertzen den ala ez esango dizu zerbitzu honek. Agertzen bada, aldatu zure pasahitz guztiak ahalik eta bizkorren.

https://labur.eus/smishing
KZGuneen orritxo honek oso modu ulergarrian azaltzen du eraso mota bakoitza zer den.

https://labur.eus/pasah
Pasahitz seguruak sortzeko aholkuak, hauek ere KZGuneen blogetik hartuak.


Harpidedunentzako sarbidea:

Gogora nazazu

Hil honetako AIZU! aldizkarian erreportaje gehiago aurkituko dituzu. Horrez gain, “Ez da hain fazila” gehigarria ere eskura dezakezu. Hainbat eduki biltzen ditu: "Galde Debalde?" ataltxoa gramatika-zalantzak argitzeko, denbora-pasak, lehiaketak... Kioskoetan salgai, harpidetza ere egin dezakezu, digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.