Urtea estreinatzen ari garen honetan, ohiturak aldatzen eta “hobetzen” saiatu ohi gara: gimnasiora joan, zerbait ikasi, tabakoa utzi... Fase horretan gaudela aprobetxatuta, proposamen batzuk utzi nahi dizkizuet 2022an zuen bizimodu teknologikoa ere ‘osasungarriagoa’ izateko. Ea baten bat gustatzen zaizuen.
1. Euskaratu zure gailuak. Mundu digitalean ere ahal beste erabiltzea da euskararen presentzia handituz joateko modu bakarra. Ordenagailuen kasuan, Windows eta GNU/Linux sistema eragile guztiak euskaraz jar daitezke, baita Chrome OS ere. Telefonoetan, Android gailu gehienek aukera dute sistema euskaraz jartzeko, eta Googleren aplikazio erabilienak ere euskaraz jar daitezke. Aprobetxatu urte hasiera erabiltzen dituzun softwareak euskaraz jartzen saiatzeko. Horrela, software horien estatistiketan handixeagoa izango da euskaldunon presentzia.
2. Erabili software librea. Errazenetik hasteko, Mozilla Firefox, Interneten nabigatzeko. Erabiltzaileon informazioa mimatzeaz gain, estandar irekietan oinarritutako nabigatzaile bakarrenetakoa da, beste handi gehienek Googleren Gecko softwarea baitute oinarri. Horrez gain, software libreko irtenbide oso onak daude ofimatikarako, multimediarako... Doakoak, erabiltzaileon pribatutasunarekiko adeitsuak eta euskarazkoak!
3. Gainbegiratu zure segurtasuna. Zenbat denbora da ez dituzula zure pasahitzak aldatu? Gogoratu komeni dela pasahitz ezberdinak jartzea erabiltzen ditugun zerbitzu guztietan, tartean behin aldatzea eta ez erabiltzea erraz asma daitezkeenak. Nire aholkua da erraz gogoratzeko moduko esaldi laburrak erabiltzea eta, arazoak badituzu, ez baztertu pasahitzak gogorarazteko aplikazioren bat izatea.
4. Kontsumitu euskarazko edukia. Ikus-entzunezkoak dira gure aisialdiko kontsumoaren zati handi bat. Tamalez, eduki horiek multinazional handien esku izaten dira gehienetan, eta oso-oso zaila da haiek euskarari leku handiagoa emateko konbentzitzea. Lehen pausoa, eta garrantzitsuena, han-hemenka dauden euskarazko aukerak kontsumitzea da.
LOTURAK
https://lehenhitzaeuskaraz.eus
Android gailuak euskaraz jartzeko aplikazioa eta jarraibideak.
https://librezale.eus
Euskaraz eskuragarri dagoen software librearen inguruko erreferentzia taldea, zalantzarik gabe.
https://podcastak.eus/
Podcasten munduan hasi nahi baduzu, hortxe euskaraz daudenen bilduma.