Euskal Herriko Unibertsitateak badu Ikusiker izeneko behatokia, gazteen eduki kontsumoa aztertzen duena. Udaren atarian, 2023-2024 ikasturteko emaitzak argitaratu zituen eta, tira, ezin esan albiste onik dakartenik hedabide tradizionalen munduan lan egiten dugunontzat. Are gehiago, esango nuke besteentzat ere ez direla albiste onak, baina, bueno, aitona erretxinaren kontuak ere izan litezke.
Itxaropen printza bat, behintzat, badakar txostenak: gazteen % 67,5ek diote nahiko edo oso interesatuta daudela gaurkotasuneko albisteetan. Datu pozgarria, zalantzarik gabe, baina hortik aurrera seinale kezkagarriak datoz.
Adibidez, informatzeko orduan, euskal gazteek nahiago dute ikus-entzunezko edukia, testuaren zein audioaren oso-oso gainetik. Gazteen % 56,5ek diote nahiago dutela albisteak ‘ikusi’, irakurri edo entzun baino. Hiperestimulatuta bizi garen garaiotan, mugimendua eta soinua erraz gailentzen zaizkio irakurketak eskatzen duen ahaleginari.
Sakontzen jarraituta, hurrengo datua are kezkagarriagoa da. Euskal gazteen lehen informazio iturria sare sozialak dira (hala diote inkestatuen % 48,3k): Instagram, X, Facebook, YouTube... Hau da, euskal gazteen dieta informatiboaren zatirik handiena AEBetako gizon zuri ultraeskuindarrek gidatutako komunikabideak dira. Bigarren kanalik gogokoena telebista omen da (% 24,3).
Hori bai, sare sozialetan kontsumitzen duten horren jatorriaz galdetuta, informazioaren % 51 hedabide tradizionalek partekatutako edukiek osatzen dute. Beste era batera esanda: euskal hedabideak dohainik ari dira lanean, beren edukiak sare sozialetan argitaratuz gazteak (eta ez hain gazteak) sareotan gatibu gera daitezen.
Hori diozunean, erantzunik ohikoena “hedabideek sare sozialetan egon behar dute, jendea hor dagoelako” izaten da. Alabaina, datuak ikusita, beharbada beste era batera ere plantea daitezke gauzak, alegia: informazioa nahi duten pertsonek jarraituko lukete sare sozialetan, hedabideak bertan egongo ez balira? Uste dut proba egin beharko genukeela.

LOTURAK

https://ikusiker.eus/
Ikusiker behatokiaren webgune ofiziala.
https://labur.eus/sustiker
Ikusiker-en txostenaren azterketa interesgarria, Sustatu webgunean.
https://labur.eus/sustiker2
Azterketa bera podcast formatuan, zuek ere ikus-entzunezkoak nahiago badituzue...


Harpidedunentzako sarbidea:

Gogora nazazu

Hil honetako AIZU! aldizkarian erreportaje gehiago aurkituko dituzu. Horrez gain, “Ez da hain fazila” gehigarria ere eskura dezakezu. Hainbat eduki biltzen ditu: "Galde Debalde?" ataltxoa gramatika-zalantzak argitzeko, denbora-pasak, lehiaketak... Kioskoetan salgai, harpidetza ere egin dezakezu, digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.