Pr-pr-pr! Laneko beste eskari urgente bat. Pi-pi-pi! Zuzendariaren mezua eskaria ikusi ote duzun galdezka. Tu-tu-tu! Amaren mezua, bere etxean bazkaltzera gonbidatzeko. Tiruri! Bankuko azken laburpena iritsi da. Tu-tu-tu! Kuadrillaren taldeko mezu tonto horietako bat WhatsAppen. Pi-pi-pi! Zure telebista plataformak gustuko duzun telesailaren denboraldi berria estreinatu du. Pr-pr-pr! Online dendaren denboraldi berrirako arropa eskaintza. Pr-pr-pr! Bezeroak eskari urgentea aldatu du. Pi-pi-pi! Zuzendariak ea aldaketa ikusi duzun. Tirrin-tirrin! Eguneko azken lerroburuak iritsi dira...
Lehendik gutxi ez, eta pandemiak gure ‘teknoestresa’ biderkatu du: batez beste, 6 ordu baino gehiago ematen dugu egunero Internetera konektatuta. Telelanean ari diren (edo garen!) langileen kopurua % 5 izatetik % 34 izatera pasatu da. Teknologiaren kontsumoa biderkatu egin zaigu, hala lanerako nola aisialdirako, eta horrek betekada eta neke sentsazio handia eragiten digu.
Besteak beste, gure inguruneko errealitatea asko aldatzen ari delako. Pandemiak eta haren ostekoak ziurgabetasun mordoa ekarri dute gure egunerokotasunera. Hala, gure burmuina ahalik eta informazio gehiena biltzen saiatzen da, egoera berrira egokitzeko. Ondorioz, informazio betekada sumatzen dugu, alde batetik, baina, bestetik, ezin diogu ihes egin datu gehiago jasotzeko bulkadari. Horri gehitu informazioaren teknologietako multinazionalek beren produktu eta zerbitzuek ahalik eta mendekotasunik handiena eragin diezaguten egiten dituzten ahaleginak, eta ekaitz perfektua dugu.
Albiste ona da badela gurpil zoro horretatik ateratzeko modurik, zaila izan arren. Lehen pausoa da gure kontsumo digitalaren jabe izatea: sistema eragile berriek badituzte erabilera estatistikak ematen dizkiguten tresnak. Hortik aurrera, saiatu muga batzuk jartzen; esaterako, ezarri Internetik gabeko ordutegiak, batez ere lotarakoan. Gogoratu ez dagoela inolako beharrik posta elektronikoak eta bestelako mezuak berehala erantzuteko... Laburbilduta, izan gaitezen gu teknologia erabiltzen dugunak, eta ez alderantziz!
LOTURAK
https://labur.eus/telelan
Telelana hainbeste hedatu da, ezen Euskaltzaindiak ere haren inguruko hiztegi berezia kaleratu duen.
https://labur.eus/telel
Telelanaren abantailak eta desabantailak guraso.eus atarian.
https://labur.eus/MaiteInfo
Arazoa aspalditik dator. Duela bost urteko bideo honetan, Maite Goñik ondo azaltzen du zer den infoxikazioa...