Joxe Rojas
Galdetu zalantzak teknopatari:
Sony multinazionalak otsailean utzi zion Blu-Ray diskoak ekoizteari. Gutxienez bi hausnarketa ekarri dizkit gogora albisteak.
Lehenengoa, produktu teknologikoen iraunkortasunarekin lotuta. Etengabe iragartzen dizkigute bizimodua irauliko omen diguten teknologiak. Gehien-gehienak, ordea, etorri diren bidetik desagertzen dira. Blu-Ray diskoek goitik behera eraldatu behar zuten kultura kontsumitzeko modua: disko bakoitzean informazio gehiago, modu fidagarriagoan gordeta, aurreko formatuetan baino euskarri iraunkorragoetan... Baina ttak! Urteak joan, urteak etorri, 3Dko telebisten, robotxakurren eta metabertsoaren zulo beretik behera joan dira.
Beste bat da kultura kontsumoaren “plataformizazioa”. Ez hain aspaldi, film, telesail edo kantu bat oso gustuko izanez gero, diskoa erosi eta hantxe genuen, etxean, nahi bezala ikusi edo entzuteko moduan. Orain, aldiz, ilobak arraro begiratzen dit, autoan goazela telefonoan gordetako MP3ak entzuten ditudalako, eta ez Spotify edo beste plataformaren bat.
Egia da plataformek izan badituztela alde onak, noski: eduki katalogo izugarriak beti eskura, etxean espaziorik okupatu eta hautsik pilatu gabe... Baina alde txarrak ere ez dira, ez, gutxi, ezta nolanahikoak ere. Adibidez, gustuko duzun eduki bat jasotzeko, plataformaren katalogo osoa ordaindu beharra: Zetaken azkena entzuteko, Mocedadesen errepertorio osora ere harpidetu beharra. Eta inolako bermerik gabe, gainera: plataformen katalogoak etengabe aldatzen diren hitzarmen konplexuen araberakoak izaten direnez, edonoiz alda daitezke (aldatu egiten dira, berez). Abisurik gabe, Zetak jada ezin duzu entzun, baina Mocedades bai.
Eta beste bat: gustatzen zaigun eduki hori plataformaren ordenagailuan gordeta dagoenez, inork ez digu bermatzen denborarekin ez dutenik moldatuko. Sekuentzia batzuk kendu edo gehitu, letra egokitu, ez dakit zer remix edo ustezko hobekuntza egin...
Aitona erretxinon gauzak izango dira, baina aitor dezadan, bai: disko fisikoen falta sentitzen dut!
LOTURAK
https://labur.eus/aiobr
Albistea eitb.eus atarian.
https://eu.wikipedia.org/wiki/Blu-ray
Blu-Ray formatuaren gaineko jakingarriak Wikipedian.
https://labur.eus/
bizkaieBR Blu-Ray eta HD-DVD formatuen arteko bere garaiko gerra, Bizkaie atarian.