Joxe Rojas
Galdetu zalantzak teknopatari:
Maria Farrell idazle irlandarrak dio teknologiaren alorreko multinazionalen ikuspegia ideologia ez ezik, nortasunaren nahasmendua ere badela. Hau da, eguneroko bizimoduko alor guzti-guztietan erabat txertatuta dauzkagun hardware eta software tresnak diseinatzen dituztenek oso ikuspegi ideologiko zehatzetik sortzen dituztela tresna horiek, eta, are gehiago, ukitu soziopata edo psikopatekin ere diseinatzen dituztela.
Teknologiari buruzko albisteei kasu eginez gero, batzuetan badirudi Black Mirror erako telesail distopiko batean bizi garela. Japoniako Panasonic enpresako agintariak kezkatuta omen daude honezkero ez dagoelako ia inor enpresan haren sortzaile Konosuke Matsushitaren irakaspenak zuzenean jaso dituenik. 1989an hil zen Matshushita, eta, Panasonicen sortzailea izateaz gain, Japonian negozio gizon eredugarritzat dute.
Matshushita agurgarriaren irakaspenak galtzen ez direla ziurtatzeko, ateraldi bitxia izan dute Panasoniceko agintariek: adimen artifizial bat entrenatu dute Matsushitaren makina bat diskurtso, hitzaldi, txosten eta liburu erabiliz, eta informazio horrekin sortu duten robota langile berrien motibazioa areagotzeko eta zaharrenen zalantzak argitzeko erabili nahi dute. Ideia nagusia da aurrerantzean, enpresaren martxarekin lotutako zalantza handiren bat dagoenean, adimen artifizial bidez berpiztutako sortzaileari berak nola jokatuko zukeen galdetzea.
Albisteak hainbat geruza ditu, eta bakoitzak aurrekoak baino hamar aldiz hozkirri handiagoa sortzen du. Batetik, duela 35 urte hildako enpresaburua adimen artifizial bidez ‘berpizteko’ ahalegin makabroa. Bestetik, are makabroagoa, hildakoaren pentsaerekin elikatutako automata langile berriak motibatzeko erabiltzeko burutazioa. Eta, gainera, makinak Matsushitaren pentsamendua bere horretan errepikatzeko ahalmena duelako ideia saltzea, programatzaileen eta haien buruzagien alborapenik ez balego bezala: “Mila langile kaleratu behar ditugu atoan, baina ez guk nahi dugulako, e? Matsushitaren espirituak hala gomendatu berri digu!”.
LOTURAK
https://labur.eus/pana
Albistea (gaztelaniaz)
https://labur.eus/frank
Ana Galarragak eta Pettik sortutako Frankenstein agurgarria ikuskizunari buruzko informazioa.
https://labur.eus/aaberpiztu
Hildakoak adimen artifizial bidez berpiztearen inguruko elkarrizketa.