Gauza beldurgarri asko entzuten ari gara adimen artifizialari buruz: nola biderkatu dituen gutako bakoitzaren gaineko zaintza eta datuen erauzketa, nola erabiltzen ari den irudiak eta bideoak faltsutzeko, nola garatzen ari omen den gizakion sormena ordezkatzeko ahalmena...
Baina kontu oso onak ere lortzen ari da, besteak beste hauek: zentzumenen bat galdu dutenei hura berreskuratzeko aukera ematea, elkarren hizkuntza ezagutzen ez duten pertsonen arteko komunikazioa ahalbidetzea... Horrelakoekin lotuta, oso garrantzitsua da euskara ere adimen artifizialeko sistemetan egotea. Bestela, uste baino lehenago gertatuko zaigu ahotsa galdu duen edonor berriz hitz egiteko gai izatea... euskaldunok izan ezik. Edo etxera iritsitakoan robot txiki batek eguneko eta gure gustuko albisteen laburpena egitea... baina erdarazko hedabideetan argitaratutakoena soilik.
Edozein hizkuntzatan lan egin ahal izateko, adimen artifizialek ikasi egin behar dute: hizkuntza horretako milioika esaldi irakurri eta entzun, eta horrela soinu bakoitza nola esaten den ikasi, esaldiak nola osatzen diren... Munduko hiruzpalau hizkuntza nagusietan badaude halako testu eta audio lagin handiak, baina beste askotan ez hainbeste, eta, ondorioz, lubaki digital moduko bat sortzen ari da: ingelesa, gaztelania eta, beharbada, portugesa eta frantsesa nahiko aurreratuta dabiltza makinek automatikoki ikasteko prozesu horietan; beste guztiek, ordea, euskarak ere bai, bide luzea dute oraindik egiteko.
Horregatik jarri dute martxan gaitu.eus kanpaina: milaka euskarazko esaldi grabatzea da erronka, adituek grabazio multzo horiek erabil ditzaten adimen artifizialak entrenatzeko.
Parte hartzeko bi modu daude: telefonoan edo ordenagailuan agertuko zaizkizun esaldiak irakurri eta grabatzea; edo, bestela, besteek grabatutako esaldiak entzun eta testuekin bat datozen ala ez adieraztea. Erraza, ezta?
Lerrook idazten ari naizenean, euskarazko 162.359 esaldi daude grabatuta. Animatuko gara guztion artean, ea AIZU!ren hurrengo zenbakia ateratzerako 300.000 diren?
LOTURAK
https://gaitu.eus
Ekimenaren webgunea. Euskal Herriko administrazio publikoek, Euskaltzaleen Topaguneak eta Librezale taldeak bultzatzen dute.
https://commonvoice.org
Mundu osoan ahalik eta hizkuntza gehienetako laginak jaso eta eskuragarri jartzeko webgunea, Mozilla Fundazioak abiatua.
https://librezale.eus
Librezale taldea, euskara eta software librea bultzatzen dituena.