Asko hitz egiten ari da Facebooken gainean azken boladan: erorialdi masiboak, ikerketak komunikabideetan eta AEBetako Senatuan bertan ere... Zergatik hainbesteko interesa? Bada, hona hemen susmo txarrak piztu dituzten arrazoietako batzuk.
Tamaina eta eragina. Izen bereko sare sozialaz gain, Instagram, Whatsapp eta Giphy Facebookenak dira. Urriaren hasieran zerbitzarien matxura izan zutenean, 3.000 milioi pertsona ingururi eragin zion erorialdiak, tartean presentzia digitalari haien bidez eusten dioten negozioak. AEBetan, batez ere, hainbat erakunde lehendabizi gomendatzen eta azken asteotan serio aztertzen ari dira enpresa legez zatitzera behartzea, eta erositako zerbitzuak beste jabe batzuei saltzeko agintzea.
Datu pribatuen egarria eta segmentazioa. Facebooken negozio nagusia publizitate ‘segmentatua’ da, hots, erabiltzaile bakoitzari bere intereseko iragarkiak erakustea. Horretarako, hainbat teknika garatu ditu erabiltzaile bakoitzaren profila osatzeko: maila ekonomikoa, erosketa ohiturak, gustu gastronomikoak, joera politiko, erlijioso eta sexualak, ikasketak... Horrek botere izugarria ematen dio Facebooki. Arrasto oso argiak daude pentsatzeko zuzeneko zerikusia izan zuela 2016ko hauteskundeetako Trumpen garaipenarekin, Brexitaren inguruko erreferendumarekin edota Europa osoko alderdien diskurtsoaren erradikalizazioarekin.
‘Engagement’ delakoaren tirania. Publizitatea saltzeko, erabiltzaileek plataformaren barruan ahalik eta denbora eta klik gehien egitea behar du Facebookek. Horretan, muturreko mezuek asko laguntzen dute, kontrako eta aurkako jarrera oso biziak sustatzen dituzten horiek, hain zuzen. Facebookek nahita haizatzen ditu eduki polemiko eta muturrekoak, tonua altu mantentzeko. Zenbait kasutan (Etiopia, Nigeria, Myanmar...), giro mikaztu horrek gerrak eta eraso basatiak ere elikatu ditu, edo zuzenean sorrarazi.
Gomendioa onartzen badidazue, irten berehala Facebook, Instagram eta WhatsAppetik, eta atera zuen lagun eta senideak ere. Ez da hain zaila, eta askoz lasaiago biziko zarete!
https://labur.eus/fbirratian
Solasaldia Euskadi Irratian, arazo hauek xeheago aletzen
dituena.
https://labur.eus/igtoxikoa
Instagram toxikoa da, batez ere neska gazteentzat, eta Facebookek badaki.
https://labur.eus/agurfb
Gida pausoz pauso: zergatik eta nola itxi Facebook kontua.