493rojas

Joxe Rojas

Galdetu zalantzak teknopatari: Helbide elektroniko hau spambot-etatik babestuta dago. JavaScript gaituta izan behar duzu ikusi ahal izateko.

Seguruenik, berandutxo nator urte berriko asmoez hitz egitera. Baina tira, bilbotarrok nahi dugun lekuan jaiotzen gara, badakizue, eta urte berria ere nahi dugunean hasten dugu. Horregatik, proposamen batekin baino, ia-ia agindu batekin natorkizue oraingoan. Oraindik egin ez baduzue, probatu oraintxe bertan sare sozial irekiak!
Benetan, jada ez dago aitzakiarik zuk, pertsona zintzo eta jator horrek, sare sozial komertzialak bilakatu diren kakatza horretan jarraitzeko. Elon Musk, Xren jabea, batere lotsarik gabe azaldu da ultraeskuineko alderdien alde, AEBetan zein Europan. Mark Zuckerberg, Facebook, Instagram, Threads eta WhatsAppen jabeak, uko egin dio bere sareetako edukien fidagarritasuna egiaztatzen jarraitzeari; eta, hori gutxi balitz bezala, trans pertsonak iraintzea ‘politika onargarrien’ barruan sartu du bere sareetako azken politika aldaketetan. Bitartean, TikTokek, hor zehar barreiatuta dituen zenbait dokumentutan, bertan 47 minutu jarraian ematea edozein erabiltzaileri mendekotasuna sortzeko nahikoa dela aitortzen du… Benetan, ez duzu hor egon nahi. Are gehiago, ez duzu maite duzun edo axola zaizun beste inor ere bertan egotea nahi. Irten hortik atoan!
Gainera, badaude alternatibak, zorionez. ‘Fedibertsoa’ elkarrekin konektatuta dauden sare txiki ugariz osatutako mundutxoa da, eta, nahiz izanez gero, azkar eta eroso topatuko duzu zure lekua bertan. Euskaraz ere mota guztietako sareak ditugu hor: Mastodon.eus eta Mastodon.jalgi.com, Xren estiloko mezu laburrak trukatzeko; Pixelfed.eus, Instagramen bezala argazkiak trukatzeko; Peertube.eus, bideoak partekatzeko; Paperjale.eus, irakurri dituzun liburuak eta haien gaineko komentarioak partekatzeko… Denak ere gertutik sortuak, erabiltzailea zaintzeko pentsatuak, ez gutako bakoitzaren datuak zukutzeko, eta jende jatorrak kudeatuak, psikopata milioidunen ordez.
Urtarrilaren bukaeran, #goazenlagunok kanpaina jarri zen martxan sare horiek proba ditzagun… Beharbada, berandu samar da, baina zergatik ez probatu?


LOTURAK

https://goazenlagunok.eus/
Jendea fedibertsoko sareetara bultzatzeko kanpainaren webgunea

https://kaixo.mastodon.eus/
Mastodonen lehen urratsak egiteko gida, euskaraz

https://labur.eus/desinfo
Sare sozial komertzialetan dagoen desinformazioari buruzko elkarrizketa, Berrian

 


Harpidedunentzako sarbidea:

Gogora nazazu

Hil honetako AIZU! aldizkarian erreportaje gehiago aurkituko dituzu. Horrez gain, “Ez da hain fazila” gehigarria ere eskura dezakezu. Hainbat eduki biltzen ditu: "Galde Debalde?" ataltxoa gramatika-zalantzak argitzeko, denbora-pasak, lehiaketak... Kioskoetan salgai, harpidetza ere egin dezakezu, digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.