493rojas

Joxe Rojas

Galdetu zalantzak teknopatari: Helbide elektroniko hau spambot-etatik babestuta dago. JavaScript gaituta izan behar duzu ikusi ahal izateko.

COVIDak ekarritako itxialdiaren ondorioz, ordura arte anekdotikoa zen kontzeptu bat egunerokoa eta noranahikoa bilakatu zitzaigun: telepresentzia. Bitarteko digitalak egon ezin gaitezkeen leku batean gaudela simulatzeko erabiltzea, nolabait. Bideodeiak, taldeko txatak eta kasu batzuetan arau bilakatu zaigun telelana dira haren oinordekoak, eguneroko bizimoduan etxeko sukalderaino sartu zaizkigunak.
Bada, kontzeptu hori are gehiago estututa, Massachussets Institute of Technology edo MIT delakoan beste ideia hau gorpuztu nahian dabiltza: “teleabsentzia”. Bitarteko digitalak dagoeneko gure artean ez dagoen norbait “ez egoteko modu berriak” esperimentatzeko erabiltzea. Betiere, gainera, zentzumen bat baino gehiago baliatuz, esperientzia ukigarri eta/edo beste zentzumenen bidez hautemangarriak eragiteko.
Hau da, kontua ez da hil den norbaiten pentsaera txatbot batean sartu eta harekin testu bidezko elkarrizketak eduki ahal izatea. Harago joan nahi dute MITen. Adibidez: amamak pianoa oso ondo jotzen bazuen, haren jotzeko estiloa benetako piano batean programatu eta harekin batera duetoa egiteko aukera eskaini, bitartean amamaren irudiak proiektatuz, esperientzia murgilgarriagoa izateko.
Edo osabak kantatzea gustuko bazuen, haren kantuak botila batzuen barruan programatu, botila horiek fisikoki irekitzen diren bakoitzean entzun ahal izateko. Edo, falta ezin zen klasikoa, Black Mirror telesailaren estiloan, telefono batean hildako lagunaren ahotsa programatu, harekin ahozko elkarrizketetan aritzeko. Kontua ez da hildakoa berpiztea, baizik eta “harekin bizi izandako une esanguratsuak berriz bizi ahal izatea”.
Teknologiaren eta artearen bidegurutzean kokatuta, Teleabsentzia egitasmoaren sortzaileek diote helburu bakarra dutela: maite duzun hori jada ez egoteak eragindako mina arintzea, dolua errazteko. Baina zalantza handiak sortu ditu proiektuak: joan zaizkigun lagunen irudikapen horiek dolu prozesua luza edo eragotz lezakete, erraztu beharrean. Eta nahiko mamu dauzkagu bestela inguruan, digitalak ere sortzen hasteko!

LOTURAK

https://labur.eus/teleabsentzia
Teleabsentzia proiektuaren webgunea, tartean bideo aurkezpen aztoragarri samarra (Ingelesez).
https://labur.eus/replika
Replika izeneko sistemak hildako lagunen simulazioak eskaintzen ditu. Zalantza etiko handiak eragin ditu.
https://labur.eus/ialkorta
Itziar Alkorta zuzenbidean eta bioetikan adituari gai honi buruz egindako elkarrizketa Euskadi Irratian.


Harpidedunentzako sarbidea:

Gogora nazazu

Hil honetako AIZU! aldizkarian erreportaje gehiago aurkituko dituzu. Horrez gain, “Ez da hain fazila” gehigarria ere eskura dezakezu. Hainbat eduki biltzen ditu: "Galde Debalde?" ataltxoa gramatika-zalantzak argitzeko, denbora-pasak, lehiaketak... Kioskoetan salgai, harpidetza ere egin dezakezu, digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.