Azken asteotako albisteak ikusita, inoiz baino urgenteagoa iruditzen zait AEBetatik kanpo bizi garenok gure eguneroko bizimoduan hainbesteko pisua duten tresna eta azpiegitura digitalak herrialde horren orbitatik ateratzea. Ez da gauza erraza, noski, azken urteotan Silicon Valleyko enpresei gure sukalderaino sartzen utzi diegulako, literalki, bai gutako bakoitzak zuzenean bai gure erakunde publiko eta pribatu guztiek.
Arrazoi asko daude zerbitzu digital europarren alde egiteko. Ekonomiari begiratuta, adibidez, ‘zero kilometroko’ filosofiari jarraitzea da: gertuko negozioak babestuz, geure burua ere babestuko dugu, negozio horiek zergetan, lanpostuetan eta abarretan sortzen dituzten onurak bueltan etorriko baitzaizkigu batetik edo bestetik.
Pisu handiko beste arrazoi bat datu pertsonalen babesa da. Europako enpresek men egin behar diote erabiltzaileon pribatutasuna babesten duen DBEO legeari. Europatik kanpokoek, eta batez ere AEBetako multinazionalek, etengabe egiten diote muzin lege horri, gure pribatutasun eskubideak urratuz eta gutako bakoitzaren gaineko informazio multzo beldurgarriak pilatuz.
Baina garrantzitsuena da Silicon Valleyko teknologia enpresa handi guztiak, salbuespenik gabe, Donald Trumpen alde jarri direla AEBetako azken hauteskundeetan. X eta Meta, besteak beste, batere disimulurik gabe, Trumpen aldeko kanpaina egiten haren gobernuan karguak lortzeko esperantzarekin baino gehiagorekin. Beste batzuk era diskretuagoan, baina denak ere epaitegietan kondenatutako kriminalaren alde, haren balio arrazista, misogino, homofobo eta negazionistak sustatuz, behin boterea hartzen duenean euren negozioen alde egingo duelakoan eta poltsikoak gehiago betetzen lagunduko dielakoan, horrek munduko potentziarik handiena faxismorantz bultzatzea badakar ere.
Google, Apple, Microsoft, Amazon, Meta, X... horietako bakoitzari guri buruzko informazio pixka bat oparitzen diogun bakoitzean, pauso bat hurbilago jartzen ditugu euren mundu ikuskera soziopata gugana ere hedatzeko. Nik, behintzat, ez diet lagundu nahi!

LOTURAK

https://european-alternatives.eu/
Webgune honetan, ohiko zerbitzu digitalak eskaintzen dituzten enpresa europarrak aurkituko dituzu: Interneteko bilatzaileak, posta elektronikoa, nabigatzaileak, mikroblog eta sare sozialak...
https://libreoffice.org
Ofimatikako suite librea. MS Officeren antzekoa, baina dohainik, euskaraz eta zer egiten ari zaren etengabe zelatatu gabe.
https://ni.eus
PuntuEus Fundazioak euskarazko posta elektroniko zerbitzua eskaintzen du, doakoa eta iragarkirik gabea.


Harpidedunentzako sarbidea:

Gogora nazazu

Hil honetako AIZU! aldizkarian erreportaje gehiago aurkituko dituzu. Horrez gain, “Ez da hain fazila” gehigarria ere eskura dezakezu. Hainbat eduki biltzen ditu: "Galde Debalde?" ataltxoa gramatika-zalantzak argitzeko, denbora-pasak, lehiaketak... Kioskoetan salgai, harpidetza ere egin dezakezu, digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.