Pentsatzen jarrita, bitxia da informazio eta komunikazio teknologiek nola aldrebestu duten gure inguruarekin, errealitatearekin dugun harremana. Hitzak ere asmatu behar izan ditugu bihurritutako errealitate hori aipatzeko: ‘errealitate birtuala’, ‘fake news’, ‘egia-ostea’... Elementu komun bat partekatzen dute denek ere: benetakoa dirudien arren, faltsua den zerbaiti egiten diote erreferentzia, benetakoa badirudi ere marrazkia besterik ez den ingurunea, albiste itxura duen gezur biribila, egiazkoa dirudien argudio edo ondorio faltsua...
Adimen artifizialaren boomak are gehiago lausotu ditu zentzumenetatik jasotzen dugun errealitate horren mugak. Nire sakelakoak funtzio berezi bat du, ilargiari argazkiak egiten saiatuz gero, irudiak ‘findu’ eta osatzen dituena, memorian programatuta dituen ilargiaren argazki onekin nahasiz. Hau da: ilargiari argazki bat egiten badiot, emaitza ez da izango benetan une horretan zeruan dagoen ilargiaren irudia, baizik eta telefonoak memorian duen ilargiaren argazki ideal baten hurbilpena.
Anekdota hutsa eman dezake, baina efektu hori gero eta gehiago areagotzen ari da. Ukrainako gerra hasi zenean, bertara iritsi ezin ziren egunkari batzuk adimen artifizial ‘sortzaileak’ erabiltzen hasi ziren jasotzen zituzten kroniken ilustrazioak sortzeko. Eta ‘ilustrazioak’ esaten dudanean, argazki errealistak diruditen irudiak esan nahi dut, noski, benetako argazkiak balira bezala argitaratuak.
Azken asteotan jakin da, Israel Palestinan egiten ari den sarraskiaren harira ere, Adobe enpresa, Photoshop programa ezagunaren jabea, adimen artifizialez sortutako argazki itxurako irudiak saltzen ari dela argazkiak saltzeko bere plataformaren bidez. Ez-argazki horiek hainbat komunikabidetan eta, nola ez, sare sozialetan ere zabaldu dira, benetako gertakizunen irudi errealak direlakoan.
‘Manex, ikus eta sinets’ esapidea jasota du Gotzon Garatek bere atsotitzen bilduman, baina martxa honetan, laster, hurbil-hurbiletik ikusita ere, ezin sinetsi!

LOTURAK

https://labur.eus/adobestock
Adoberen irudi faltsuen salmentari buruzko informazio gehiago (ingelesez).
https://labur.eus/ez-arg
Adimen artifizial bidez eraldatutako ez-argazkien gaineko gogoeta gehiago.
https://labur.eus/AAberria
Europar Batasunaren akordioa adimen artifiziala arautzeko, Berrian.

 


Harpidedunentzako sarbidea:

Gogora nazazu

Hil honetako AIZU! aldizkarian erreportaje gehiago aurkituko dituzu. Horrez gain, “Ez da hain fazila” gehigarria ere eskura dezakezu. Hainbat eduki biltzen ditu: "Galde Debalde?" ataltxoa gramatika-zalantzak argitzeko, denbora-pasak, lehiaketak... Kioskoetan salgai, harpidetza ere egin dezakezu, digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.