493rojas

Joxe Rojas

Galdetu zalantzak teknopatari:Helbide elektroniko hau spambot-etatik babestuta dago. JavaScript gaituta izan behar duzu ikusi ahal izateko.

Zenbait ideia errepikatzearen errepikatzeaz, ultraeskuinak eta negazionismoak gizartearentzako oinarrizko zutabe bat apurtzea lortu dute. Egia zer den eta zer ez, dagoeneko ez dago adostasun sozialik. Jada ez dago egia objektiborik, dena da iritzia.
Horren adibide bikaina eskuinak irain1 moduan darabilen woke kontzeptua da. Giza eskubideen aldeko keinurik txikiena daraman edozer woke-tzat jotzen dute eskuindarrek. Edo jotzen zuten, hobeto esanda. Izan ere, gaur egun, hedapenez2, eskuinari kontra egiten dion edozer da woke.
Elon Musk “enpresaurioaren” iritziz, adibidez, Wikipedia entziklopedia digitala munduko gauzarik woke-ena da. Egia zientifikoak gizarteratzen ditu, Musken negozioetarako onuragarriak izan ala ez; eta, gainera, erabiltzaile guztien ekarpen eta zuzenketak onartzen ditu, ordaindu dutenen eta ez dutenen artean bereizi gabe. Muskek badaki Wikipedia erreferentea dela milioika eta milioika lagunentzat, eta badaki, halaber, ez duela erosi eta edukiak bere gustura editatzeko modurik. Horregatik esaten dio ‘Wokepedia’, eta gerra irekia deklaratu dio.
Hala, behinola3 Twitter izenez ezagutu genuen sare sozialaren jabeak iragarri du laster Grokipedia plazaratuko duela. Wikipediaren antzeko entziklopedia, baina bere kontrolpeko Grok adimen artifizialak sortua. Horrela saiatuko da desagerrarazten genero identitatearen gaineko ikerketa eta ondorio zientifikoak, Marten koloniak ezartzearen inguruko zailtasun teknikoak azaltzen dituzten artikuluak edo bere interesekin bat ez datorren beste edozer, besteak beste.
Baina sortu ere, sortuko ditu artikuluak: Musken beraren biografia xarmagarria4, Trumpena ere bai... Orain arte errealitate objektibotzat genuen entziklopediaren bertsio alternatiboa jarriko digu eskura. Eta beste pauso bat aurreratuko dute, ezinezkoa izan dadin inortxok ere guztiz seguru jakitea bi gehi bi zenbat den edo Lurra esferikoa ala laua den.
Eta gero harritzen gara gaixotasun mentalak ugaritzen eta hedatzen ari direlako...

LOTURAK

https://labur.eus/antiwokismoa
Mundu zabaleko eskuina definitzen duen ‘antiwokismoa’ hobeto ezagutzeko gakoak, Larrun pentsamendu aldizkarian.
https://labur.eus/berriagrok
Grok adimen artifizialaren sorreraz, Berrian.

https://labur.eus/grokpod
Grok probatzen, zuzenean, Segura Irratia eta Sustatu-ren podcastean.

 

1. Irain: insulto (es), insulte (fr).
2. Hedapenez:
por extensión (es), par extension (fr).
3. Behinola:
antiguamente (es), jadis (fr).
4. Xarmagarri:
encantador, -a (es), enchanteur, -euse (fr).


Harpidedunentzako sarbidea:

Gogora nazazu

Hil honetako AIZU! aldizkarian erreportaje gehiago aurkituko dituzu. Horrez gain, “Ez da hain fazila” gehigarria ere eskura dezakezu. Hainbat eduki biltzen ditu: "Galde Debalde?" ataltxoa gramatika-zalantzak argitzeko, denbora-pasak, lehiaketak... Kioskoetan salgai, harpidetza ere egin dezakezu, digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.