Seguruenik zeu ere, irakurle, jausiko zinen haien atzaparretan bizpahiru aldiz, gutxienez. Honezkero olatua pasatua bada ere, azken asteotan sekulako arrakasta izan dute sarean bi hitz joko oso sinplek: Berbaxerka eta Wordle. Errealitate areagotua, 3D betaurrekoak, metabertsoa eta NASAko ordenagailuek besteko kalkulu ahalmena daukaten ordenagailuetarako txartel grafikoen garaiotan, hitzak nahasi eta lekuz aldatzeko bi jokok haietara guztiz emanak izan gaituzte; gutako batzuk bai, behintzat.
Paradoxikoa da bi joko hauek sortu duten zurrunbiloa, eta, aldi berean, adin bat daukagunontzat badu bere alde samurra. Teknikoki oso sinpleak izateaz gain, badute beste ezaugarri bat, galbidean dagoen Interneten ideia eta aro oso bat gogorarazten duena: bi jokoon helburu nagusia jokatzea da. Are gehiago: jokatzea baino, jolastea dela esango nuke, denbora pasatzea, besterik gabe, tartetxo bat (edo gehiago!) entretenituta igarotzea.
Asko esatea da hori, 2022ko Interneti erreparatuz gero. Begiratu zure inguruan: edozein joko, sare sozial edo bestelako web txoko erabiltzaileon datuak zurrupatzeko zulo beltz bilakatu da (edo dute/digute; horretaz ere luze berba egin beharko genuke). Erregistroak, baimenak, ‘freemium’ aukerak, sailkapenak, ‘atsegin dut’ kopuruak, kolore, forma eta tamaina guztietako bannerrak... Zurrunbilo horren aldean, Berbaxerkak eta Wordlek, biek ere antzeko dinamikak partekatzen dituzte: sartu, jokatu eta kito. Duela 25 urteko webguneetan bezala, jolastu jolastearen plazeraz, eta ez erabiltzaileari mendekotasuna sortzeko edo ezkutuan bere datuak lapurtzeko.
Are gehiago: Wordleren sortzaileek gatazka legala izan omen dute, programatzaile talde bat, web jokoa hartu, sakelako aplikazio baten barruan sartu, eta aplikazio hori salgai jartzen saiatu denean. Sinpletasun hori, beraz, nahita bilatutako zerbait da, eta ez gutxi pentsatutako harrikada baten albo kaltea. Eta dinosauroekin akordatu naiz, bada: beste garai bateko izaki xarmagarriak!

https://berbaxerka.gitlab.io/
Berbaxerka jokoa. Egunero 7 letra eta erronka bat: horiek nahasiz ahalik eta hitz gehien osatzea.
https://wordle.talaios.coop/
Wordle jokoa. Egunero 5 letrako hitz bat, eta gehienez 6 aukera zein den asmatzeko.
https://labur.eus/wordle
Wordleren sortzaileek aplikazio garatzaile ‘azkarregiekin’ izan dituzten arazoak Teknopataren Txokoan.


Harpidedunentzako sarbidea:

Gogora nazazu

Hil honetako AIZU! aldizkarian erreportaje gehiago aurkituko dituzu. Horrez gain, “Ez da hain fazila” gehigarria ere eskura dezakezu. Hainbat eduki biltzen ditu: "Galde Debalde?" ataltxoa gramatika-zalantzak argitzeko, denbora-pasak, lehiaketak... Kioskoetan salgai, harpidetza ere egin dezakezu, digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.