Joxe Rojas

Eskolara buelta berriz eta, beharbada, normaltasun zaharrera ere bai. Zorte apur batekin, web-kamera gorde, eta eserlekuaren atzeko atrezzoko liburutegiak ezkutatu ahal izango ditugu. Aio bilera birtualei eta nork bere burua pantailan etengabe ikusteak dakartzan neke eta ezinegonari; ongi etorri, berriz, benetako bilerak, kafea eta pastak barne!
Telelanaren kontu honetan, patata tortillarekin gertatzen den bezala, bi bando sortu dira: aldekoak eta kontrakoak. Eta badakizue zein dauden kontrako porrokatuenen aldean?
Bada, nire harridurarako, behintzat, teknologia enpresa asko eta asko. Sonatuenak, handienak, sekula bururatuko ez litzaizkizukeenak, horiexek azaldu dira sutsuen telelana luzatzearen aurka. Pentsa: gure bizimodua digitalizatzeko trasteak saltzen jarduten duen Apple bera ere mezuak bidaltzen hasi zitzaien langileei udaberrian, pixkanaka bulegora bueltatzen hasteko garaia zela esanez. Langileek, ordea, ezetz: etxean oso ondo moldatzen ari direla; ez dagoela beharrik joan-etorrietan denbora alferrik galtzeko; haietako askori soldatak ez diela ematen enpresaren egoitza inguruan kobratzen diren alokairuak ordaintzeko... Oraingoz, badira dimititu duten langileak, baita Facebook edo Microsoft egiten ari zaizkien proposamenei kasu egitearekin  mehatxuka dabiltzanak ere.
Googlek ere antzeko arazoak dauzka. Hango ingeniariei galdetuta, gehienek azaldu dute nahiago dutela etxean lan egin eta pare bat egun bulegora joan. Baina enpresako arduradunetako batzuek askoz ere altuago jarri nahi dute langa. Sua apur bat hauspotzeko, telelanari ezezko biribilena eman dion agintariak, Urs Hölzle azpiegitura presidenteordeak, Zeelanda Berrira lekualdatzeko eta urtebetez handik jarduteko eskatu du... lankideei ukatzen dien telelanaren aukera baliatuta.
Normala da, noski, honen moduko gai batean aldeko eta kontrako iritziak egotea. Baina ez esan ez denik arraroa telelanarekin negozio gehien egiten ari diren multinazionalak izatea hura kentzeko presa handiena dutenak, ezta?

LOTURAK

https://labur.eus/errotelelana
Angel Erro Berrian: aukeran, nahiago betiko lana.

https://www.eitb.eus/eu/tag/telelana/
Telelanari buruzko albisteak EiTBn.

https://labur.eus/gurasotelelana
Abantailak eta desabantailak gurasoen ikuspegitik.


Galdetu zalantzak teknopatari: Helbide elektroniko hau spambot-etatik babestuta dago. JavaScript gaituta izan behar duzu ikusi ahal izateko.


Harpidedunentzako sarbidea:

Gogora nazazu

Hil honetako AIZU! aldizkarian erreportaje gehiago aurkituko dituzu. Horrez gain, “Ez da hain fazila” gehigarria ere eskura dezakezu. Hainbat eduki biltzen ditu: "Galde Debalde?" ataltxoa gramatika-zalantzak argitzeko, denbora-pasak, lehiaketak... Kioskoetan salgai, harpidetza ere egin dezakezu, digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.