Joxe Rojas

Paperean, behintzat, domotikaren, Gauzen Interneten eta etxe konektatuen gaia oso polita da: etxeko gailu guztiak haien artean konektatuta, eta zure telefonoarekin, adibidez, edo bozgorailu adimendun1 horietako batekin komunikatuta, norberak ahozko aginduak eman ditzake eta magia gerta daiteke: “Alexa, freskotxo egiten du, ezta?”, eta konturatu orduko berogailua epel-epel. “Siri, aspertuta nago!”, eta telebista piztu eta hantxe zure telesail gogokoenaren azken kapitulua. “Google, zerbait arina afaldu beharko!”, eta, hara, arrautzopil goxo-goxoa prestatzeko dozena bat errezeta zure begien parean.
Baina, ai, errealitatea apur bat gordinagoa da. Lehenengo eta behin, Siri, Alexa zein Googlerekin euskaraz egin dezakegu, nahi badugu... baina haietako bat ere ez da belarriprest, eta “Lo siento, no te he entendido” siku batekin erantzungo digute.
Baina, ulertuko baligute ere, gailu konektatuen munduak badu beste arazo potolo bat: enpresa bakoitzak bere komunikazio protokoloak erabiltzen ditu. Telebista marka batekoa baduzu, eta etxeko bonbilla adimendunak beste batekoak, eta xurgagailua ere hirugarren batekoa, oso litekeena da hiru gailuak adimendunak eta konektatuak izatea, bai, baina elkarrekin ezin komunikatzea. Orain arte, marka bakoitza saiatu da bere gailuetan bere komunikazio protokoloak erabiltzen, erabiltzaileon ‘leialtasuna’ bultzatuko zuelakoan.
Baina badirudi ez garela hain-hain tontoak ere, eta trikimailua txarto irten da. Sistema ezberdinen arteko bateragarritasunik ezak gailu konektatuen salmenta murriztu du, areagotu beharrean. Beraz, sektoreko 170 enpresa baino gehiago ados jarri dira, Amazon, Apple eta Googleren gidaritzapean, gailu konektatuak beren artean komunikatzeko protokolo edo hizkuntza komuna sortzeko. CHIP izena jarri diote: Connected Home over IP. Hari esker, askoz errazagoa izango omen da etxeko traste guztiei aginduak ematea, gailu bakar baten bidez. Azkenean, konspirazionistek arrazoi: txip bat sortu dute guzti-guztia kontrolatzeko!

Loturak, estekak, linkak

https://labur.eus/chip
Informazio gehiago CHIP protokoloaz, zientzia.eus webgunean.

https://eu.wikipedia.org/wiki/Gauzen_Internet
Gauzen Interneten gaineko jakingarriak, Wikipedian.

https://labur.eus/bozgorailuak
Laguntzaile birtualei buruzko erreportaje mamitsua, Consumer aldizkarian.


Harpidedunentzako sarbidea:

Gogora nazazu

Hil honetako AIZU! aldizkarian erreportaje gehiago aurkituko dituzu. Horrez gain, “Ez da hain fazila” gehigarria ere eskura dezakezu. Hainbat eduki biltzen ditu: "Galde Debalde?" ataltxoa gramatika-zalantzak argitzeko, denbora-pasak, lehiaketak... Kioskoetan salgai, harpidetza ere egin dezakezu, digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.