Zer ote dira azken boladan sarean nonahi dabiltzan ditxosozko NFT edo non-fungible token horiek?
Hara, gure ekonomian badira bi ondasun mota: ingelesez, fungible eta non fungible esaten zaie; euskaraz, suntsikorrak eta ez-suntsikorrak. Lehenengoek beren balioa kantitatearen edo bolumenaren arabera aldatzen dute: hiru sagar sagar bakarra baino garestiagoak dira. Erabiltzean, suntsitu egiten dira: sagarra janez gero, hura gabe geratzen gara. Gainera, beren artean truka daitezke: tamaina eta mota bereko sagarrek balio bera dute.
Ondasun ez-suntsikorrek, aldiz, ez dituzte arau horiek betetzen. Etxean duzun margolan txiki horrek ez dauka Louvreko Mona Lisaren balio bera, nahiz eta neurri berekoa izan. Ondasun hauen balioa, gainera, interes sozialaren araberakoa izaten da: ganbaran duzun amonaren josteko makina traste zaharra edo, interesa duen norbait topatzen baduzu, bildumazaleentzako pieza oso preziatua izan daiteke.
Tokena, berriz, informatikan erabiltzen den testu kate luzea da, edozein motatako elementu bat eta hura bakarrik identifikatzeko balio duena.
NFTak, beraz, identifikazio kodeak dira, artelan edo bildumako pieza digitalei ezartzen zaizkienak, ‘originalak’ direla egiaztatzeko. Horrela, digitalki ezin errazago kopia daitezkeen irudiak, testuak eta mezuak milioika dolar balio duten ‘artelan’ gisa sal daitezke merkatuan, kode horrek elementua originala dela ziurtatzen baitu, eta ez kopia.
Ideia horren bueltan, espekulazio merkatu ikaragarria sortu da, eta interesa duten eragileak egundoko inbertsioa egiten ari dira NFTak guztion ahotan egon daitezen. Gogoratu beren balioa haiekiko interes soziala hazi ahala handitzen dela.
Aholku bat onartzen badidazue, urrundu ahalik eta gehiena NFTetan ‘inbertitzea’ gomendatzen dizueten horiengandik. Beharbada, zure gogoko futbolari horrek milioi batzuk irabazi ditu NFTak erosiz... baina galdu izan balitu ere, konturatu ere ez zatekeen egingo. Zu eta bioi ez litzaiguke gauza bera gertatuko galtzerdian gordeta dauzkagun 5.000 euroak espekulatzaile batzuen mesedetan galduz gero...

LOTURAK

https://labur.eus/nft
Iñaki Alegriaren artikulu mamitsua sarean.eus atarian, NFTak zer diren azaltzen duena.

https://labur.eus/nft2
Artikulua eitb.eus atarian, adibide praktikoak barne.

https://labur.eus/nft3
Ainhoa Vitoria Gaztea Irratian NFTei buruz hizketan.


Harpidedunentzako sarbidea:

Gogora nazazu

Hil honetako AIZU! aldizkarian erreportaje gehiago aurkituko dituzu. Horrez gain, “Ez da hain fazila” gehigarria ere eskura dezakezu. Hainbat eduki biltzen ditu: "Galde Debalde?" ataltxoa gramatika-zalantzak argitzeko, denbora-pasak, lehiaketak... Kioskoetan salgai, harpidetza ere egin dezakezu, digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.