Joxe Rojas
Galdetu zalantzak teknopatari:
Aurrekoan esan nizuen: gauzak nola jartzen ari diren ikusita, garaia da GAFAM ‘klubaren’ atzaparretatik ihes egin eta Google, Amazon, Facebook, Microsoft eta enparauetatik alde egiteko.
Bada, GAFAMetik ospa egiteko mugimendu hori gutxiegi iruditzen zaio honezkero aditu askori, eta harago joateko ekimenak antolatzen hasi dira. Kanadan, esate baterako, Trumpek muga zergen eta anexioaren gaineko mehatxuak egin ostean, AEBetako produktuen aurkako boikot masiboak egiten ari dira, eta bertara esportatzen zuten enpresa estatubatuarrak hasiak dira beren presidente ahoberoaren kalteak jasaten. Trumpen eskuin eskuak ere, Elon Muskek berak, dirutza galdu du azken asteotan, nazioarteko zein AEBetako bertako erosleek bere auto elektrikoei egindako boikotaren ondorioz.
Eta gure inguruan ere, gero eta ozenago entzuten dira Europan ekoitzitako produktuen alde egiteko aldarrikapenak. Hainbat arrazoi bururatzen zaizkit horretarako. Beharbada, eskerrak ere eman beharko dizkiogu Trumpi, olatu hau pasatzen denean.
Hasteko eta behin, Trumpekin zein hura gabe, beti izango da eraginkorragoa hurbil ekoitzitako produktuak erostea munduko beste puntatik ekarritakoak baino. Garraio gutxiago beharko dute, energia eta erregai kontsumo txikiagoa, eta epe ertain-luzera merkeago aterako zaizkigu ekonomia zein ekologia aldetik.
Gainera, kontuan hartuta AEBetatik hedatzen ari den diskurtso komertzial protekzionista oldarkorra, beti izango da hobe ‘geure’ produktuak erostea gure dirua etsaitzat jotzen gaituenari ematea baino. Zirkulu zentrokideetan antolatu beharko genuke erosketa: auzoan erosi; ezin bada, herrian; ezin bada, herrialdean... baina betiere ahalik eta hurbileneko produktuak.
Eta hirugarrenik, muga zergen gerrak aurrera eginez gero, AEBetatik datozen produktuak dezente garestituko dira laster, eta gure poltsikoa zaintzeko ere komeniko zaigu ahalik eta gertueneko produktuak erostea.
Boikota ez, beharbada, baina tira... buru apur batekin erosten has gintezke, behintzat, ezta?
LOTURAK
https://goeuropean.org
Webgune bidezko bilatzaile bat produktu amerikar ezagunen alternatiba europarrak bilatzeko eta/edo proposatzeko.
BuyfromEU
Android eta iOS aplikazioa, aurreko webguneko datu-basean bilaketak eta iradokizunak egiteko.
https://labur.eus/boikota
Argian diotenez, Eskandinavian ere boikota egiten diete AEBetako produktuei.