Sakelakoen masifikazioak ekarri dituen gaitz ugarien artean, gupidarik gabeko dei komertzialak izango dira gogaikarrienetakoak. Komunikazio zerbitzuak, aseguruak, gobernuz kanpoko erakundeak, osasun zerbitzu pribatuak, alarmak... denetarik eskaintzeko deitzen digute operadore gero eta oldarkorragoek, eguneko edozein ordutan eta asteko edozein egunetan.
Gure telefonoak ‘adimendunak’ direnez, baditugu aukerak dei horiek automatikoki baztertzeko. Erosoenak, lehen begiratuan, telefonoan bertan instalatzen diren aplikazioak dira. Baina arazo handi hau daukate: aplikazio horiek, salbuespenik gabe, gure agendako kontaktuen zerrendaren kopia gordetzen dute beraientzat.
Halaxe egiten du, adibidez, hau bezalako artikulu gehienetan (ordaindutako) gomendio gisa ikusiko duzun Truecaller aplikazioak: datu base erraldoia elikatzen du aplikazioa erabiltzen duten pertsona guztien agendetako kontaktuak batuta, eta horrela antzematen du zein diren marketin deiak eta zein ez. Baina, bide batez, zure lagun guztien datuak ere gordetzen ditu, nahiz eta espresuki legez kanpokoa izan, zerrenda horiek marketin enpresei saltzeko. Ustez telemarketin deiak eragozteko aplikazioa denak telemarketin deiak elikatzen ditu.
Truecaller ez da bakarra, noski. Beste makina bat aplikaziok ere, tartean telefono egileek eurek sisteman bertan txertatutakoak, antzera funtzionatzen du. Ordaindu gabeko gomendio bat onartzen badidazu, ez erabili inoiz horrelakorik. Epe luzera, arazo gehiago eragiten dituzte konpontzen dituztenak baino.
Hala ere, baditugu moduak dei komertzialak baztertzeko. Zenbaki ezezagun baten deia jasotzen duzunean, espezializatutako bilatzaile batzuek zenbaki horrek aurrez dei komertzialak egiteagatik salaketarik jaso duen ala ez esan dezakete. Bertan bilatu eta, telemarketin gisa markatuta agertzen bada, zenbakia zure telefonoan blokeatu eta kito, ez duzu haren dei gehiagorik jasoko. Publikoki konpartituko den informazio bakarra telesaltzaileari dagokiona da, ez zure lagunen gainekoa.

LOTURAK

https://www.listaspam.com
Deitu berri dizun zenbakia bilatzeko zein salatzeko (bilatzailean gehitzeko) aukera ematen dizun webgunea, gaztelaniaz. Batez ere Espainiako merkatura bideratua.

https://whocallsme.com
Aurrekoaren antzekoa, baina nazioartekoa. Webgune osoa ingelesez dago.

https://tellows.com
Beste bat, oso antzekoa, aplikazioa ere eskaintzen duena. Gogoratu: gauza hauetarako, ez da batere gomendagarria aplikazioak erabiltzea.

 


Harpidedunentzako sarbidea:

Gogora nazazu

Hil honetako AIZU! aldizkarian erreportaje gehiago aurkituko dituzu. Horrez gain, “Ez da hain fazila” gehigarria ere eskura dezakezu. Hainbat eduki biltzen ditu: "Galde Debalde?" ataltxoa gramatika-zalantzak argitzeko, denbora-pasak, lehiaketak... Kioskoetan salgai, harpidetza ere egin dezakezu, digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.