Tristea izan arren, aisialdirako ere laguntzaile aparta bihurtu zaigu telefonoa, eta horrek arazotxoak sortzen dizkigu oporretan, etxetik (eta entxufeetatik) kanpo denbora gehiago pasatzen dugunean, batez ere gutxien espero edo behar dugunean geratzen garelako bateriarik gabe. Hona hemen, bada, aholku sinple batzuk zure sakelakoaren bateria oporretan zaintzeko.
Hasteko eta behin, kontuz beroarekin! Baterien etsairik handiena da: uneko karga azkarrago gastatzeaz gain, bateriaren biziraupena bera ere asko kaltetzen du. Sekula ez utzi telefonoa eguzkipean, are gutxiago kristal edo leiho baten atzean. Eta bai, horrek telefonoa autoko GPS moduan erabiltzen dugunontzat ere balio du: sakelakoa kotxeko panelaren gainean, haizetakoan zehar sartzen diren eguzki izpiek zuzenean jotzen diotela gidatuz gero, lehenago ala beranduago larregi berotu eta automatikoki itzaliko da, bere burua babesteko. Eta itzaltze automatiko hori, hitz ematen dizuet, 800 kilometroko bide osoan zalantza daukazun bidegurutze bakarraren aurretik gertatuko da.
Pantailaren kontsumoa ere egoki daiteke: jarri pantailaren atzealde gisa argazki ahalik eta ilunena, erabili sistemaren modu iluna bateria aurrezteko, murriztu pantailaren freskatze maiztasuna, eta piztu distira automatikoa, behar baino bateria gehiago ez gastatzeko. ‘Bateria aurrezteko modua’ piztea ere ez da ideia txarra: telefonoa mantsoago ibiliko da, baina zuku gehiago aterako dio bateriari.
Beste ideia on bat erabiltzen ez ditugun irrati zirkuituak itzaltzea da: Bluetooth, Wi-Fi, NFC... Opor lekuan seinale onik ez badago, konfiguratu zure gailua 3G sareak erabiltzeko, 5G edo 4G beharrean. Geldoagoak dira, baina bateria gutxiago kontsumitzen dute. Ezarpenetako ‘Sare modua’ atalean topatuko duzue aukera.
Azkenik, badaezpada: sakelakoarekiko mendekotasun handia izan behar baduzu (GPS gisa erabili behar duzulako, adibidez), ez ahaztu motxilan kanpoko bateria gehigarria eramatea. Txikiak eta merkeak dira, eta atsekabe bat baino gehiago aurreztuko dizute!
LOTURAK
https://labur.eus/bateria
Aholku gehiago Teknopataren Txokoan, bateria urte osoan zaintzeko.
https://labur.eus/bateriaMU
Mondragon Unibertsitatearen blogean ere (beste) aholku batzuk.
https://labur.eus/BatGastatu
Nola identifikatu bateria gehien kontsumitzen duten aplikazioak.