Adimen artifizialeko sistemak izugarri garatzen ari dira azken urteotan, eta gero eta azkarrago, gainera. Sistema horiek, labur eta azkar azalduta, beren kasa ikasteko ahalmena ematen diete ordenagailuei. Makinari erabili nahi dugun alorreko datu multzo ahalik eta handiena eman eta, horretan oinarrituta, adimen artifizialak gauza dira adibide multzo horietatik arauak ondorioztatu eta datu multzo berriak sortzeko. Horrela, adibidez, aurrerapauso handiak lortu omen dira medikuntzan, besteak beste minbizien prebentzioan: denborarekin bularreko minbizia garatu duten emakumeen mamografien historia emanda makinari, gaixotasuna agertu aurreko adierazleak zein diren ikasten du, eta gaitza agertu aurretik abisa dezake, horrela sendagileen lana izugarri erraztuta. Beste horrenbeste gertatzen da hizkuntzarekin. Orain arte, itzultzaile automatiko bat sortzeko, hizkuntza bakoitzaren arauak formula matematiko bilakatu behar ziren, ordenagailuak uler zitzan. Euskararen kasuan, adibidez, jakina da horrek oso emaitza kaskarrak eman dituela. Orain, aldiz, nahikoa da erdarara itzulitako euskarazko dokumentu multzo handiak ematea adimen artifizialei makinak konparazioa egin eta bertatik ikasteko. Sistema horiei esker garatu dira azken bi urteotan gero eta hobeto dabiltzan euskarazko itzultzaile neuronalak. Kontua hain azkar garatzen ari da, non adimen artifizialak ‘sormen’ puntu bat ere garatu duen. DALL-E proiektuan, esaterako, makina irudi berri bat sortzeko gai da, erabiltzaileak ematen dizkion ahozko aginduak oinarri. “Emakumezko beltzarana soineko gorriarekin”, adibidez, eta ttak!, hortxe irudia. Aurrerapauso ikaragarriak ikusiko ditugu esparru honetan etorkizun hurbilean... eta adimen artifizialen erabilera ondo arautu beharko da. Pentsa zer gerta daitekeen, bestela, enpresa handiek kontratatu behar dituzten langileen etorkizuneko osasunaren aurreikuspena egin badezakete. Edo non geratuko den euskaraz ikasteko motibazioa makinek itzulpen perfektuak egin ditzaketen unean. Edo komunikabideen fidagarritasuna, makinek guk nahi dugun irudia istantean sortu badezakete...
LOTURAK
DALL-E ‘margolari automatikoa’-ren gaineko informazioa sustatu.eus atarian.
Elhuyarren ELIA itzultzaile automatikoari buruzko azalpenak (10 minutuko audioa).
Adimen artifizialaren gaineko informazioa Wikipedian.