Azken hilabeteotan sare sozialen inguruan izan diren gorabehera guztiek albo ondorio positiboak ere izan dituztela esango nuke: inoiz baino argiago utzi dute sareok ez direla, inondik inora, erabiltzaileoi saldu nahi dizkiguten plaza publiko irekiak. Aitzitik, jolas parke pribatu itxiak dira, jabeen apeta eta unean uneko diru gosea dituzte lege bakar.
Aitortu behar dizuet niri neuri bereziki gogorra egin zaidala konstatazio hori Twitterri dagokionez ere egiaztatu izana. Lehengo jabeak ez ziren filantropo kuadrilla onbera izango, seguru, baina Elon Muskek, bere harropuzkerian, hain argi erakutsi du nolakoa den sare sozial baten erabakitze prosua, hainbeste maite nuen txoritxo urdinari ezinikusi itzela baitiot orain: langileak masiboki kaleratu, zerbitzua kobratzearen inguruko gorabehera guztiak, ultraeskuin konspiranoikoari ahotsa emateko maniobra gutxi eta txarto disimulatuak... Ufa! Zuk lehen molatzen zenuen, Twitter!
Gauzak horrela, beharbada bada garaia oinarrietara bueltatu eta sare sozialen eztandaren aurreko Internet berreskuratzeko. Twitter, Facebook, Instagram, TikTok eta enparauak hedatu aurretik, blogak ziren jaun eta jabe: gune pertsonalak, non bakoitzak, algoritmorik gabe, sudur puntan jartzen zaiona idazten (edo marrazten edo bideoz grabatzen) duen, munduari kontatzeko. Parekoak baino ‘atsegin dut’ gehiago lortzeko borrokarik gabe. Behar beste azalpen emateko karaktere kopuru mugaturik gabe. Berehala eta kosta ahala kosta zerbait erantzuteko bulkadarik gabe.
Euskararen ikuspegitik ere abantaila handiak ditu blogetara itzultzeak. Batetik, ikasten bazabiltza, idazteko erraztasuna lantzeko modu ezin egokiagoa da: aukeratu zure gogoko gai bat eta idatzi hari buruz zer dakizun... edo zer jakin nahiko zenukeen. Idazten duzun hori, bestetik, interesgarria suertatuko zaio zure interes bera duen beste norbaiti, eta gainera, konturatu gabe ia, oraindik euskarazko informazio gutxi duten hutsuneak betetzen lagunduko duzu!
LOTURAK
http://blogak.com
Euskarazko blogak sortzeko plataforma, doakoa eta erabilerraza. Zu arduratu edukiaz, alde teknikoa haien esku utzita!
https://labur.eus/musk
Elon Muskek Twitterreko ateak ultraeskuinari zabaldu zizkioneko albistea, eitb.eus-en.
https://labur.eus/gomen
Hamar gomendio blogak idazten hasteko, Azkue Fundazioaren YouTube kanalean.