Joxe Rojas

Jende asko aztoratuta dabil azken asteotan, Facebookek, WhatsApp aplikazioaren jabeak, haren erabilera baldintzak aldatu dituelako. Facebookek WhatsApp indartu nahi du, merkataritza elektronikoko plataforma gisa, hots, salerosketak aplikazioan bertan egin ditzagun nahi du. Azalpen ofiziala da erosleoi bizimodua erraztu nahi digula, eta saltzaileei beren saltokiak biziberritzeko aukerak eskaini... betiere egiten den salerosketa bakoitzaren zatitxo bat Facebooken poltsikora doalarik, noski.
Hori guztia egiteko, Facebookek erraztasunak behar ditu WhatsApp erabiltzaileon datuak saltzaileei eman ahal izateko, eta, beraz, horretarako baimena ematea jarri du ezinbesteko baldintza aplikazioa erabiltzen jarraitu ahal izateko. Askori ez zaigu batere gustatu baldintza hori, eta WhatsAppi agur esateko baliatu dugu abagunea.
Bai! Egin daiteke, eta ez da ezer pasatzen! WhatsApp ez da bere estiloko lehen aplikazioa, ezta bakarra ere. Alternatiba gisara, hor daude Telegram, adibidez, nahiko hedatuta dagoena eta aukera oso antzekoak  eskaintzen dituena; edo, segurtasun eta pribatutasun handiagoak nahi badituzue, Signal delakoa, oso gomendagarria. Halere, ez dira bakarrak, dozenaka aukera daude eta.
Pentsa, Internet daturik kontsumitu gabe erabil daitekeen teknologia bat ere badago, RCS izenekoa, SMS sistemaren eguneratze moduko bat, orain arte oihartzun handirik lortu ez duena. Telefonia operadoreek beren sareetan gaitu behar dute; beharbada, orain, WhatsAppen inguruko gorabehera guztiak ikusita, ekingo diote.
WhatsAppetik alde egiteko prozesuan, zailena da, agian, kontaktuei jakinaraztea. Lan astuna da idazten dizun lagun bakoitzari esatea, banan-banan, aurrerantzean ez zaituela bertan topatuko. Baina horretarako ere badaude irtenbideak. Watomatic aplikazioak, adibidez, automatikoki erantzuten dio WhatsAppera idazten dizun bakoitzari, zuk aurrez ezarritako mezu batekin.
Aukerak, beraz, ez dira falta. Orain, urratsa egitea zure esku dago!

Loturak, estekak, linkak

https://telegram.org
Telegram mezularitza aplikazioaren webgunea. WhatsApp bezala, hainbat sistema eragilerekin erabil daiteke, eta seguru eta pribatuagoa delako fama du. Badu aukera oso garrantzitsu bat Whatsappek ez duena: euskaraz konfigura daiteke!

https://signal.org
Signal mezularitza aplikazioa ere plataforma anitzekoa da, eta euskaraz jar daiteke. Gainera, segurtasunari garrantzi handia ematen dio. Kode irekikoa da, eta garatzaile komunitate batek zaintzen du.

https://watomatic.app
WhatsApperako erantzungailu automatiko bat (Androiderako baino ez), zure kontaktuek jakin dezaten WhatsAppetik alde egiten ari zarela. Hau ere kode irekikoa da, eta egunotan amaitzen ari dira euskarazko itzulpena.


Harpidedunentzako sarbidea:

Gogora nazazu

Hil honetako AIZU! aldizkarian erreportaje gehiago aurkituko dituzu. Horrez gain, “Ez da hain fazila” gehigarria ere eskura dezakezu. Hainbat eduki biltzen ditu: "Galde Debalde?" ataltxoa gramatika-zalantzak argitzeko, denbora-pasak, lehiaketak... Kioskoetan salgai, harpidetza ere egin dezakezu, digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.