Hasieranheltzear

IÑIGO ETXEZARRETA (Gasteiz, 1988) ETS taldeko abeslaria da. 20 Urte Zure Eskutik emanaldiarekin BEC hirutan bete ostean, Konkista aurkeztu dute Gasteizen, listening party batean. Durangoko Azokan ere izango dira, baina bitartean Iekoran (Araba) egon gara Iñigorekin, non bestela? M. Egimendi. Argazkiak: Javi Colmenero.

bideoa ikusgai

Omenaldia jaso zenuten udan, monolito eta guzti. Profetak herrian?
Profetak baino gehiago, zorionekoak sentitzen gara. Herriak taldearekin sentitzen duena geuk ere sentitzen dugu herriarekin. Azken urteotan estimulu asko jasotzen ari gara leku guztietatik, eta hori guztia barneratzeko lasaitasuna behar dugu. Guretzat Iekora heldulekua da, babesa. Herriarekin izan dugun harremana zintzoa eta berezia izan da beti, eta gero eta beharrezkoagoa zaigu lotura hori.

“Guretzat Iekora heldulekua da, babesa”

“Konkista diskoak emozio mingarriak, zauriak eta orbainak erakutsi nahi ditu”

“Aurrenekoz egin ditugu bachata, folk edo afrobeat abestiak, baina ETS dira”

“Musika jendearentzat egiten dut, ez jakitunentzat edo musika irakasleentzat”

“Taldekide gehienek ez dakite euskaraz, baina euskaraz abesten dute”

“Oreka bilatu beharko dugu jaietako kontzertuen eta emanaldi handien artean”

Beldurrik ez herria turistaz betetzeko?
Kar-kar! Aurten lehen aldiz ikusi ditugu gutxi batzuk, BECen herriari eman genion ikusgarritasunagatik1. Halere, Arabako Errioxako ekialdea ez da turistikoa, ez dagoelako hainbeste upeltegi, beharbada, edo errepideak ez direlako errazak. Ez dut uste turistikoa bihurtuko dugunik, jasotzen ditugun turistak ongi etorriak dira oraingoz.
Etxean, aurkeztu duzue Konkista, Gasteizen. Zer dakar?
Bizitzako kontrasteak erakusten ditu. Lehen aldiz, ETSk emozio mingarriak2, zauriak eta orbainak3 erakutsi nahi ditu, anbibalentzia eta kontraesan horiek azaleratu. Musikalki ere kontraste ugariko diskoa da: 11 abesti, 11 musika estilo. Sortzeko ere, Iekoran egin arren, atzerrira joan gara ekoiztera, eta gero hemen grabatu dugu. Ez da ohikoa hain aniztasun handiko musika proiektua aurkitzea. Une honetan, bizitza kontraste handiekin ikusten dugu, eta hori islatu nahi izan dugu. Aurkezpena, berriz, etxean izan behar zen. Izan ere, diskoa Iekora eta Arabari buruzkoa da, gure etxeari buruzkoa. Lehenbizikoz aurkeztuko dugu lan bat kanpoan, Madril eta Bartzelonako kontzertuetan, apirilean. Hasierak, ordea, etxean behar zuen, ez zegoen beste aukerarik.
Datozenak ere kanta itsaskorrak4 dira?
Bai. Orokorrean, kantuak egitean, erraz sartzen direnak gustatzen zaizkit, entzuleak berehala barneratzen dituen hit-ak. Hori da nire zigilua. Eta musika estilo piloa gustatzen zaidanez, disko hau orain arte landu gabeko hainbat estilo lantzeko tresna ere izan da, hemen aurkitu dugu horretarako lekua. Aurrenekoz5 egin ditugu bachata, folk edo afrobeat abestiak, baina entzutean konturatzen zara ETS direla, melodiak ETSren zigilukoak direlako. Beti bilatzen dut errepika6 itsaskor hori; batzuetan lortzen da eta beste batzuetan ez, baina esango nuke ETSren esentzia ez dela galdu.
Berez, musika itsaskorrak ez du ospe handirik erudituen artean...
Ez du zertan errazkeria izan, gauza ezberdinak dira. Nik musika ez dut jakitunentzat edo musika irakasleentzat egiten, jendearentzat baizik. Kontatzen ditugun istorioek jendearengan eragina izatea interesatzen zait. Denbora asko pasatzen dut melodia on bat bilatzen, gaur egun ETSren gakoetako7 bat melodia horiek lortzea delako. Gero eta ekoizpen landuagoak eta helduagoak sortzen ari gara; melodia itsaskorrak lortzea ez da hain erraza, nahiz eta jotzeko errazak izan.
Zer dauka ETSk hainbat belaunaldi erakartzeko?
Gure abestiek bizitza erretratatzen dute, mezu positiboekin. Oro har, emozio unibertsalei buruz hitz egiten dugu eta, gainera, atzean dauden musika eta melodiak nahiko itsaskorrak dira. Mezu positiboak, letra ulergarriak, musika nahiko garbia... Horregatik dela uste dut, baina batzuetan ez dago jakiterik, ez dago norberaren esku. Noizbait8 egin dugu kanturen bat 30 urteko jendearengana heltzen saiatzeko, eta gero konturatu gara 15 urteko gazteek entzuten dutela gehien. Ni, behintzat, neure gustuko kantuak egiten saiatzen naiz, neuk entzungo nituzkeenak.

Gaztelaniaz hasi zineten abesten. Zergatik egin zenuten euskararako jauzia?
Taldekide gehienak Errioxan bizi zirenez, gure arteko hizkuntza gaztelania zen, eta da. Hala ere, Euskal Herrian jotzen hasi ginenean, modu naturalean egin genuen taldearen euskalduntze prozesua, ia konturatu gabe. Taldekide gehienek ez dakite euskaraz, Errioxakoak dira eta han bizi dira, baina euskaraz abesten dute. Gerora jabetu9 gara zenbaterainoko balioa izan duen keinu horrek, jende askok erreferentetzat hartzen gaitu. Aldi berean, daukagun altxorra babesteko eta belaunaldiz belaunaldi transmititzeko tresna garela sentitzen dut. Hartutako erabakiarekin erabat konforme nago, bat dator10 oraingo nire balioekin.
Zuen kantak ulertzeko hurbildu dira euskarara zaletu batzuk.
Idatzi izan digute Valentziatik, Alacantetik, Madrildik... Batzuetan, bikotekidea euskalduna da eta ETS entzuten dute elkarrekin; are gehiago, bikote batzuek beren kantutzat hartu dute gure abestiren bat. Horrelako mezuak etortzen direnean, hunkitu11 egiten naiz, baita harritu ere, Euskal Herriko gizartearen zati batek ez duelako euskararekiko inolako interesik. Gure kultura geurea da, baina baita guztiona ere. Ez da baztertzailea, justu kontrakoa baizik: mundu osoarekin elkarbanatzeko ondasuna12. Eta kanpora joaten garenean, aurreiritzi gutxiago ikusten dut. Baikorra naiz zentzu horretan, hemendik kanpo euskarak jakin-mina sortzen duelako. Lehen, ateak egunero ixten zirela sentitzen nuen, baina egun irekitzen ari direla ikusten dut.
Zuen kantuak ulertzetik aparte, zergatik merezi du euskara ikastea?
Bada, bizitzaren beste ikuspegi bat edukitzeko eta komunitate baten parte izateko. Eta, horrez gain, belaunaldiz belaunaldi zaindu den altxor horren transmisioan parte hartzeko.
Talde askoko kontzertu erraldoiak jarri dira modan, musikari batzuek uko egiten diote horri... Musikaz gozatzeko modu ezberdinak sortzen ari dira?
Bai, baina denetik egon behar da, aniztasun hori beharrezkoa da. Guk, adibidez, 15 urte igaro ditugu plazetan, gaztetxeetan eta tabernetan, baina musika bizitzeko estilo hori Euskal Herrira ere heldu da. Kontzertu handiek emanaldi bereziak eskaintzeko aukera ematen dute, esperientzia ezberdinak. Hori aberasgarria da, baina ez du zertan baztertzailea izan. Nik bizitza osoan gozatu dut musikaz areto txikietan, eta kontzertu handi batek ez dizu hurbiltasun hori eskaintzen.
Zer adierazten du kontzertu batzuetarako sarrerak urtebete lehenago agortzeak13?
Batetik, jendeak ez duela ezer galdu nahi. Plan edo esperientzia bat ez gozatzeko arriskua dagoela sentitzen badu, FOMO delako sentsazioa sortzen zaio, eta sareek areagotu egiten dute. Arriskutsua ere bada, ez delako ezer gertatzen zerbait galtzen baduzu. Bestetik, normalean, bira egin ondoren azken kontzertua ematen da, gero beste proiektu bat hasteko. Guk, ordea, 20 urte pasatu ditugu gelditu gabe, orain geratu gara lehen aldiz, urtebetez. Ona da gelditzea, baina beldurra ere sortzen da batzuetan, zure lekua beste edonori uzten diozulako. Aldi berean, taldeontzat onuragarria da sarrerak aurretiaz saltzea, batez ere emanaldia prestatzeko zer aurrekontu dagoen jakiteko. Zaila da emanaldi bat zenbat jende joango den jakin gabe antolatzea. Kontuz ibiltzeko moda da, frustrazio asko sortzen direlako sarrerak hartzeko garaian, baina taldeoi ongi datorkigu nolako emanaldia eskaini ahal dugun jakiteko.
Ez da presio handiegia beti zerbait berria asmatu behar izatea?
Gauza berriak sortzea artearekin lotuta baldin badago, aberasgarria da sormena lantzea eta gauza berriak eskaintzea. Estrategiari eta salmentari etengabe14 begira egotea, aldiz, ez. Nik tarteka sentitzen dut artetik asko urruntzen naizela beharrezkoa den alde hori lantzeko, eta frustrazio asko pizten zaizkit barruan.
Zer egingo du ETSk Madril eta Bartzelonako kontzertuen ondoren?
Oraingoz, ez daukat erantzunik, ez dakigu. Oreka bilatu beharko da. Alde batetik, ongi dago jendeari erakustea artelanen eta esperientzien truke ordaindu egin behar dela, horrek kostua duelako. Bestetik, ETS herriko plazetan hazi dela eta jaietara itzuli behar dugula sentitzen dut; uste dut plazak ez ditugula guztiz alboratuko15. Seguruenik, kontzerturen bat emango dugu, baina ez lehen bezainbeste, ez bira bakoitzean egiten genituen 30-40 haiek. Oreka bilatu beharko da jaietako kontzertuen eta emanaldi handien artean. Dena den, ez dakigu zer gertatuko den datorren urtean, oraingoz Madril eta Bartzelonako kontzertuetan daukagu burua. Gauza asko pasatu dira denbora gutxian eta ez dugu izan aukerarik epe luzera zer gertatuko den pentsatzeko. Aldaketa handia gertatzen ari da musikaren munduan, eta Euskal Herrian zer gertatzen den ere ikusi beharko da.

hasieran web

KOLKOTIK

Definitu ETSren 20 urteko ibilbidea hitz pare batean. Herria eta emozioak.
Biharko egunkarian irakurri nahiko zenukeen berria? Giza eskubideak interes ekonomikoen gainetik lehenesten16 dira.
Nerabezaroan gehien entzun zenuen musika? Punk-rocka.
Noren kontzertua ez zenuke galduko? Duela gutxi ezagutu nuen zuzenekoa, baina gaur egun ez nuke Leivaren kontzertu bat galduko.
Taberna batean sartu eta zuen musika badago jarrita… Lotsatu egiten naiz, gehienbat jendea begira geratzen delako, ez zait asko gustatzen.
Zerk kentzen dizu loa? Barne presioak eta exijentziak.
Eta zerk ematen dizu nazka? Pertsona batzuen harropuzkeriak17.
Larunbat gauerako planik onena? Afaritxoa lagunekin eta pare bat kopa.
Eta igande arratsalderako? Pizza eta pelikula.
Zer janari ez da falta inoiz zure etxeko sukaldean? Gazta.
Nola moldatzen zara kozinatzen? Ez naiz oso sukaldari ona, baina moldatzen naiz.
Zer ateratzen zaizu ondo? Patata tortilla.
Nola ikusten duzu zeure burua 20 urte barru? Musikari lotua, baina askoz lasaiago. ETSrekin uste dut ezetz.
Zerk ematen dizu beldurra? Bakardadeak.
Bizitzako plazer txiki bat? Txokolatea, gaur-gaurkoz18 egunero behar dut plazertxo hori bazkaldu eta afaldu ondoren.
Nor da zuretzat heroia? Beste pertsona batzuk luzaroan zaintzen dituzten pertsonak, nire amak amona bezala.
Ahotsa zaintzeko erremediorik onena? Parrandarik ez egitea, argi eta garbi.
Zure bizitzako leloa? Konkista dezagun lehenengo geure burua, geure bizitzaren jabe egiteko.
Labur, nolakoa da Iñigo Etxezarreta? Arduratsua, oso perfekzionista, legala, baina musikarekin obsesionatua.

1. Ikusgarritasun: visibilidad (es), visibilité (fr).
2. Mingarri:
min ematen duena.
3. Orbain:
cicatriz (es), cicatrice (fr).
4. Itsaskor:
pegadizo, -a (es), accrocheur, -euse (fr).
5. Aurrenekoz:
lehen aldiz, lehenbizikoz.
6. Errepika:
estribillo (es), refrain (fr).
7. Gako:
clave (es), clé (fr).
8. Noizbait:
alguna vez (es), de temps en temps (fr).
9. Jabetu:
konturatu, ohartu, kontziente izan.
10. Bat etorri:
ados egon.
11. Hunkitu:
emocionar(se) (es), s'émouvoir (fr).
12. Ondasuna:
bien (es), bien (fr).
13. Agortu:
bukatu, amaitu.
14. Etengabe:
gelditu gabe, atsedenik hartu gabe.
15. Alboratu:
baztertu, alde batera utzi.
16. Lehenetsi:
nahiago izan, hobetsi.
17. Harropuzkeria:
fanfarronería (es), fanfaronnerie (fr).
18. Gaur-gaurkoz:
hoy por hoy (es), aujourd'hui (fr).

 

 

Elkarrizketa/erreportaje osoa irakurri nahi duzu? Hil honetako aldizkaria salgai dago kioskoetan; era berean, harpidetza egin dezakezu: digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.

Harpidedunentzako sarbidea:

Gogora nazazu

Hil honetako AIZU! aldizkarian erreportaje gehiago aurkituko dituzu. Horrez gain, “Ez da hain fazila” gehigarria ere eskura dezakezu. Hainbat eduki biltzen ditu: "Galde Debalde?" ataltxoa gramatika-zalantzak argitzeko, denbora-pasak, lehiaketak... Kioskoetan salgai, harpidetza ere egin dezakezu, digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.