Maddi Ane Txoperena Iribarren: “Maitasunetik idatzitako liburua da 'Zaldi bat', aitortzatik”

MADDI ANE TXOPERENA IRIBARREN (Hendaia, 1994) bertsolariak Xilaba Bertsolari Txapelketa irabazi berri du, urtarrilaren 31n. Txoperena Iribarren idazleak, berriz, bere hirugarren nobela kaleratuko du egunotan, Zaldi bat, Txalaparta argitaletxearekin. M. Egimendi. Argazkiak: Javi Colmenero.
Pozik egongo zara urtearen hasierarekin...
Fruituak aldi berean ikusi dira, baina denbora gehiago neraman, urtebete edo, bai liburuarekin bai txapelketarekin, itzalpeko1 lanean. Bitartean, Arrano ostatuan aritu naiz lanaldi erdiz, eta bertze2 erdia, plazetan, bertso-eskoletan eta liburua idazten. Xilabako finalaren osteko3 astea emozio handikoa izan zen: txapela lortu berritan, justu aste horretan iritsi zitzaidan Zaldi bat liburuen lehenbiziko paketea etxera.
Zer kontatzen du Zaldi bat liburuak?
Hari nagusi bat dauka, eta tartean, hainbat kontakizun labur. Hari horretan, Miren da ahots nagusia, 30 bat urteko emakumea, herri ttipi batean bizi dena. Sei hilabeteko umea du eta, hortik pixka bat askatzeko, astean behin mendira joaten hasiko da, ordubeteko bueltatxoa egitera. Han zaldi bat aurkituko du eta, pixkanaka, harreman berezia sortuko da bien artean. Aldi berean, zaldiak Unai ekarriko dio gogora, Mirenen lagun zena4, duela urte batzuk hildakoa.
“Aurreko bi nobelekin sariketetara jo nuen zuzenean, autoestimu faltagatik edo”
“Sariei esker jasotzen duzun diruak ez dizu bizirauteko aukerarik ematen”
“Poesia eta ipuina oso gustuko ditut, baina niretzat errazagoa da nobela”
“Xilabako txapela nolabaiteko “zama” ere ari zait bihurtzen”
“Ez dut hobeto egingo bertsotan txapela lortu dudalako”
“Oso-oso korrikazalea naiz, euskal herrian dauden ekimen politenetako bat da”
Zerbait adierazi nahi izan duzu harreman berezi horrekin?
Mendebaldeko gizarteetan, obsesio handia daukagu gauzak arrazoimenaren bidetik ulertzeko, baina bizitzan gertatzen diren gauza batzuk ezin dira arrazoimen hutsetik5 azaldu. Miren bere doluari ulermen edo bide bat eman nahian dabil, eta hori zaldiaren bidez egiten du. Unairen heriotzak utzitako mina du barnean, erdi gordeta bezala. Ez zuen erabat presente, baina bat-batean harreman hori sortzen da mendian, ia magikoa eta surrealista une batzuetan. Irakurle bakoitzak diferente ulertuko du, norberaren zurruntasunaren6 arabera. Dolua arrazoimenetik at7 kanalizatzeko bertze modu bat dela uste dut, espiritualtasunarekin (ez erlijio gisa ulertuta) lotuagoa.
Joxe Angel Zubiria Leiza izan omen zenuen gogoan8 liburua idaztean.
Bai, Unairen pertsonaia harengan inspiratuta dago, edo hura du oinarri. Ezagutu zuten askok islatuta9 ikusiko dute Unairen pertsonaian, inongo dudarik gabe, baina kontakizun bat egin dut hortik, Unai fikziozko pertsonaia da. Errealitatearekin lotura estua daukaten gauzak egon arren, badira bertze anitz erabat asmatuak. Errealitatetik pertsonaia sortzera, ezinbestean10 dago salto bat. Oso ariketa interesgarria iruditzen zait bilatzea nola bildu benetako pertsona baten arima nobela batean, baina ezin da ehuneko ehunean11 egin; beraz, ez dut dokumentazio-lan handirik egin. Harreman pertsonala neukan harekin eta hari buruz neuzkan oroitzapenetatik tiraka osatu dut pertsonaia, hutsuneak asmatuz eta hutsuneak ez ziren zenbait gauza aldatuz.
Erakutsi diezu idatzitakoa haren ingurukoei?
Liburua idatzi bitartean baneukan kezka, nola hartuko zuen bere ingurune hurbilak. Banekien ez nuela zertan egin, uste dut idazleok askatasuna izan behar dugula nahi dugunaren gainean idazteko, baina herri ttipi batean bizi naizenez eta denok ezagutzen dugunez elkar, batzuei testua erakutsi nien, zer inpresio sortzen zien jakiteko. Ez dut erreakzio txarrik jaso, nahiz eta horrek ez duen esan nahi ez denik inor haserretuko edo ez duenik inork gaizki hartuko, posible da. Horretaz kontziente naiz eta horrekin noa aurrera, baina nik maitasunetik idatzitako liburu bat egin dut, aitortzatik12. Hala ere, pertsonaia bat sortzen duzunean, bere argiak eta itzalak ditu, eta pertsonaren argiak eta itzalak ere izan daitezke. Inoiz ez zaigu gustatzen hildako norbaiten alde txarrak nabarmentzea, baina uste dut hain zuzen argiek eta itzalek ematen diotela errealismoa eta interesa kontakizunari.
Oraingoz, hiru nobela plazaratu dituzu. Beste generoren bat lantzeko asmorik bai?
Poemaren edo ipuinen bat idatzi dut, baina neuretzat. Oraingoz, ez dut uste animatuko naizenik, poesia eta ipuina oso genero zailak iruditzen zaizkidalako. Nobelak, luzeagoa izanik, zailtasun handiagoa duela ematen du, denbora-tarte luzeagoa eskatzen du, diziplina zehatza ere bai, beharbada, gai batekin denbora luzez aritzeko; halere, niretzat errazagoa da, baldin eta denbora hori badaukat. Poesia eta ipuina oso gustuko ditut, baina egun ez diot gaitasunik ikusten neure buruari ur horietan murgiltzeko13.
Eta beste ideiaren bat idazten jarraitzeko?
Badut baten bat, burua beti dabil martxan, baina gauza bakoitzari bere denbora ematea gustatzen zait. Azkenean, liburu bat idaztea prozesu luzea da, lan handia eskatzen du, eta orain nahi nuke emaitzaz gozatu eta zaldiak zer ibilbide egiten duen ikusi, ea pausoan, trostan14 edo lauhazka15 doan. Aurkezpen batzuk lotuak ditut, eta badut jendeari zer inpresio sortzen dion jakiteko gogoa. Finean, zuk gauza bat duzu buruan, baina ez dakizu jendeak nola irakurriko duen.
Lehen bi nobelak saria irabazita argitaratu zenituen, oraingoan ez duzu behar izan. Dagoeneko idazle errekonozitua zaren seinale?
Aurreko biekin ez nintzen saiatu argitaletxeetara bidaltzen, sariketetara jo nuen zuzenean, autoestimu faltagatik edo. Izan ere, sari bat lortzen duzunean, epaimahaiak erraten16 dizu zure lana aski17 ona dela publikatzeko, eta diru-saria eta argitaletxea bermatzen18 dizkizu. Hasteko bide ona da, batez ere aitortzagatik, baina alde txarrak ere baditu, epe aski estuak, adibidez. Gainera, jasotako diruak ez dizu bizirauteko19 aukerarik ematen. Ez erran inori nobelaren bukaeran gaizki pasatu nuen epeekin, aldi berean lanean nengoelako, idazten eta bizitzako beste gauza pila batean. Hor erran nion neure buruari ez nintzela berriz lehiaketetara aurkeztuko, baina ez dakit eutsiko diodan tentazioari, aunitzetan20 sortzen baitzait. Orduan, Eusko Jaurlaritzak sorkuntza-prozesuetarako duen dirulaguntza eskatu nuen, ez dutelako argitaratzeko epe zehatzik jartzen. Eman zidaten eta horren babesarekin idatzi dut Zaldi bat. Bestalde, gogoa nuen edizio-prozesuan hasieratik lagunduko zidan editore batekin lan egiteko. Txalapartako Garazi Arrularekin hitz eginda, hura eta argitaletxea prest agertu ziren, eta horrela animatu nintzen. Oso aberasgarria izan da Garazirekin eta Iñigo Satrustegirekin egin dudan prozesua, oso gustura aritu naiz.
Hilabete igaro da txapela jantzi zizutenetik. Ongi asentatua duzu buruan?
Uste dut jada sinetsi dudala. Lehenbiziko egunak pixka bat eroak izan ziren, kazetariak, elkarrizketak... halako euforia-giro moduko batean egon nintzen. Neke handia nuenez pilatuta, atseden hartzea izan dut helburu. Txapelaren ondorioz, saio nahikotxorako deitzen ari zaizkit. Poztasun handiz hartzen dudan arren, arduraz ere bai, txapela nolabaiteko21 “zama” ere ari zaidalako bihurtzen. Plazetan ongi kantatzeko obsesioa daukat, baina dagoeneko gustura aritu naiz saio batzuetan eta orain arte bezala kantatuko dudala uste dut. Saiatuko naiz nire onena22 eskaintzen toki bakoitzean, txapela eskuratzeagatik ez dut hobeto egingo bertsotan.
Zerbaitetan aldatu edo aldatuko zaitu txapelak?
Txapela irabazteak ikusgarritasun handia ematen dizu, eta aitortza handia orain arteko ibilbideari. Nolabait, ikusarazi dit posible dela horrelako zerbait lortzea, orain dela urte batzuk pentsatzen ez nuena, baina aldi berean oso kontziente naiz bertze edozeinek ere irabaz zezakeela, egun bakarrean erabakitzen delako. Hortaz, umiltasunez bizitzen saiatu nahi dut. Ingurukoei hala erraten diet, eta neure buruari ere oroitarazi23 behar diot txapela lortu aurreko astean bezala eginen dudala bertsotan, ez hobeki.
Lehen aldiz joango zara Euskal Herriko Txapelketa Nagusira...
Erabat esperientzia berria izanen da niretzat. Gogo handia daukat probatzeko: Euskal Herriko bertsolaririk onenak-edo egonen gara hor, kenduta sailkatu ez diren batzuk eta parte hartuko ez duten bertze batzuk. Aberasgarria izanen dela uste dut, final-laurdenetan24 kantatuko dut eta ahalik eta saio onena egiten ahaleginduko naiz, baina lehia-ikuspegitik ez dut batere helbururik oraingoz.
Nola hartuko duzu parte 24. Korrikan?
Oso-oso Korrikazalea naiz. Euskal Herrian dauden ekimen politenetako bat iruditzen zait. Bi urterik behin asteburu-pasa bat antolatzen dugu lagun batzuek eta asteburu horretan Korrikaren atzetik ibiltzen gara, furgonetaz. Aurten, Pirinioetan eginen dugu, Atharratzen hasita Zaraitzu aldera joanen gara. Hor ariko naiz korrika han eta hemen, eta ea parrandaren bat egiteko aukerarik ere badugun. Horretaz aparte, herrian ere eginen dut korrika.
Zergatik merezi du euskara ikastea? Zortziko txikian, mesedez.
Doinua: Orain hasi bihagu
Sortzaileok hizkuntzan
hainbertze maitasun
idazten ta kantatzen
zenbat estutasun.
Euskaraz behar duzu
idatzi ta entzun
guk egiten dugunaz
gozatu dezazun.

KOLKOTIK
Non jarri duzu txapela? Oraindik trastelekuan dago. Asmoa da etxeko egongelan jartzea.
Bertsolari Txapelketa Nagusia irabazteko faboritoa? Maialen Lujanbio.
Oholtzara25 igo aurreko maniaren bat? Komunera joatea.
Zerk galarazten26 dizu loa? Ezerk ez.
Biharko egunkarian irakurri nahi duzun berria? Euskal errepublika independentea sortu da.
Miresten27 duzun pertsonaia historiko bat? Mari Luixa Erdozio bertsolaria.
Zer egiten duzu erlaxatu nahi duzunean? Mendira edo igeri egitera joan.
Zer ikusten duzu ispiluaren aurrean jartzen zarenean? Egunaren arabera, kar-kar!
Nola ikusten duzu zeure burua 20 urte barru? Antzeko, baina zimur28 gehiagorekin.
Bizitzako plazer txiki bat? Lagun on batekin otordu on bat egitea.
Zerk ematen dizu lotsa? Harroegia izateak.
Eta beldurra? Hurbileko norbait hiltzeak.
Eleberri idazle bat? Annie Ernaux.
Gustuko eleberri bat? Azken etxea (Arantza Urretabizkaia, Pamiela).
Bertsolari bat? Alazne Untxalo.
Zer dauka ona literaturak? Dena, kar-kar!
Eta txarra? Norberaren29 alde txarrak agerian30 uzten ahal dizkizula, baina ona ere izan daiteke.
Zer dauka ona bertsolaritzak? Jolasa.
Eta txarra? Bertsolaritzaren barruko botere-harremanak.
Zure bizitzako leloa? Saiatu!
Labur-labur, nolakoa da Maddi Ane Txoperena? Burugogorra.
1. Itzalpe: sombra (es), ombre (fr).
2. Bertze: beste.
3. Osteko: ondoko, geroko, hurrengo.
4. Zen: difunto, -a (es), défunt, -e (fr).
5. Huts: mero, -a (es), seul, -e (fr).
6. Zurruntasun: rigidez (es), rigidité (fr).
7. At: fuera de (es), hors de (fr).
8. Gogoan (eduki): tener en mente (es), garder à l'esprit (fr).
9. Islatu: plasmar (es), révéler (fr).
10. Ezinbestean: necesariamente (es), nécessairement (fr).
11. Ehuneko ehunean: al cien por cien (es), à cent pour cent (fr).
12. Aitortza: reconocimiento (es), reconnaissance (fr).
13. Murgildu: sumergir(se (es), (se) plonger dans (fr).
14. Trostan: al trote (es), au trot (fr).
15. Lauhazka: a galope (es), au galop (fr).
16. Erran: esan, adierazi.
17. Aski: nahiko, dezente.
18. Bermatu: garantizatu, ziurtatu.
19. Biziraun: sobrevivir (es), survivre (fr).
20. Aunitzetan: askotan, sarritan, maiz.
21. Nolabaiteko: de algún modo (es), d'une certaine manière (fr).
22. Nire onena: lo mejor de mí (es), le meilleur de moi-même (fr).
23. Oroitarazi: gogorarazi, gogoratzera behartu.
24. Final-laurden: cuartos de final (es), quart de finale (fr).
25. Oholtza: agertoki.
26. Galarazi: impedir (es), empêcher (fr).
27. Miretsi: admirar (es), admirer (fr).
28. Zimur: arruga (es), ride (fr).
29. Norberaren: propio,-a (es), propre (fr).
30. Agerian: al descubierto (es), à découvert (fr).

