‘Printzak begietan’, Ormatza Imatzen lan berria
XX. mendeko hamarkada bakoitzeko istorio bat sortuta, hamar kontakizun bildu ditu Iratxe Ormatza Imatzek Printzak begietan (Elkar) liburuan. Ipuinek ez dute loturarik beren artean, baina Bilbo inguruko emakume euskaldunak dira protagonista guztietan, giro sozial, politiko eta kultural ezberdinetakoak. Pertsonaiek zer egiten, zer pentsatzen eta zer sentitzen zuten asmatuz eta dokumentazio lan handian oinarritutako testuingurua emanez osatu ditu egileak kontakizunok. XX. mendean hasi zen jendea lan bila etortzen, zinema eta bestelako asmakizun batzuk ere mende berekoak dira, baita gerra ankerra, gerraoste luzea, askatasun ametsak berriro piztea... ere. Aldaketa asko, baina pobreen zapalkuntza, euskararen gutxiespena, emakumeen azpiratzea… beti presente. Hori guztia ageri da Ormatzaren lan berrian.
ALBERDANIA argitaletxeak euskarazko 14 audioliburu plazaratuz ospatu du bere 30. urtemuga: 9 nobela, 4 ipuin bilduma eta hainbat generotako piezek osaturiko haurrentzako bilduma bat. Liburugintzan bide berriak urratzen “gogotsu” jarraitzen dutela adierazi dute argitaletxekoek, “euskal literaturak gero eta zabalkunde eraginkorragoa izan dezan”. Izan ere, adierazi dutenez, badakite “hil edo biziko kontua” dela teknologiak eskura jartzen dizkigun baliabideak modu egokian erabiltzea.
DEITORA ZAITZALA TIGRISEK
Emilienne Malfatto
Itzultzailea: Irati Bereau
Txalaparta, 2023
Egungo Irakeko landa eremuan, debeku zorrotza hautsi du neskatxak: ezkontzatik kanpo maitasun harremana izan du eta haurdun geratu da; mutila, berriz, bonben azpian hil da. Mekanismo errukigabea abian jarrita, neskatxaren familiako kideak banaka-banaka agertuko dira itzal mutuen errondan. Malfattok gizonen autoritateak eta ohorearen legeak gobernatutako gizarte hertsian murgilduko du irakurlea.
IRATI
Juan Luis Landa/Joxean Muñoz
Erein, 2023
Komiki honek piztu zion Paul Urkijori Irati filma egiteko gogoa. Landak 1995ean argitaratu zuen lehen albuma; gerora, beste hiru heldu ziren, Muñozekin batera eginak. Hemen denak batuta datoz. Nafarroan kokatzen da istorioa, VIII. mendean, Abderramanen (musulmanak) eta Karlomagnoren (frankoak) inperioen artean. Eneko Aritzaren eta Irati izeneko lamina baten arteko maitasun istorioa kontatzen du.