AEBetan, hainbat aditu konturatu dira teknologiaren munduko plataforma, zerbitzu eta produktu guztiak kakaz betetzen edo, are okerrago, kaka pila izugarriak bilakatzen ari direla.
Shakespeareren hizkuntzan ez daukatenez fenomeno hori izendatzeko hitzik, asmatu egin dute: ‘enshittification’. Euskaraz betidanik ‘kakaztea’ esan izan dioguna. Behingoagatik, euskaraz badaukagu fenomeno teknologiko bat aipatzeko berezko izena, eta ingelesez ez!
Hitz eratorriak ere sortu dituzte. Adibidez, kakaztea orokortuta dagoen aroa ‘enshittocene’ izendatu dute. ‘Kakaztozenoa’ esaten diot nik, baina baditut ‘mokordaroa’ nahiago duten lagunak. Eztabaida mamitsua izan daiteke euskaltegiko ikasgelarako!
Eta zer da kakazte hori? Facebooken adibidearekin erraz ulertzen da. Interneteko zerbitzu bat sortzen denean, erabiltzaileak erakarri nahi ditu, beraz, eskaintza erakargarria sortzen ahalegintzen da: zerbitzu erabilgarria, doakoa, azkarra, ondo dabilena, erabiltzaileak errespetatzen dituena...
Baina erabiltzaileak pilatu ondoren, zerbitzua sortu duen enpresak inbertitzaileak eta iragarleak behar ditu. Horiek erakartzeko, erabiltzaileak apur bat okerrago tratatzen hasten da: haien datu pertsonalak batzen ditu, informazio faltsua eta/edo manipulatua hedatzen du, zerbitzuaren kalitatea ez du lehen bezala zaintzen, doakoa zenagatik kobratzen hasten da...
Azkenik, erabiltzaileak, inbertitzaileak eta iragarleak gatibu dituenean, enpresa bere benetako helburua garatzen hasten da: poltsikoak ahalik eta azkarren betetzea. Erabiltzaile, inbertitzaile zein iragarleen kontrako erabakiak batere lotsarik gabe hartzen ditu: baldintzak eta prezioak nahi bezala aldatzen ditu, eskura daukan informazio guztia beste enpresa batzuei saltzen die...
Fenomenoa guztiz orokorra da teknologia zerbitzuetan, eta gero eta azkarrago gertatzen da. Facebookek eta Twitter zenak hogei urte inguru behar izan dituzte bide osoa egiteko; TikTokek eta halako iritsi berriek, ordea, bost bat urtean burutu dituzte aurreko fase guztiak.
Erreparatu egunero erabiltzen dituzuen produktu eta zerbitzu teknologikoei. Seguru antzeko bilakaera sumatuko duzuela guzti-guztietan!

LOTURAK

https://labur.eus/kakaztea
Kakaztearen gaineko azalpen luzeagoa Teknopataren Txokoan.

https://labur.eus/doctorow
Ingelesezko hitza Cory Doctorow aditu kanadarrak sortu du. Benetan gizon interesgarria da.

https://labur.eus/IKTberbak
Jolas interesgarria: ea teknologia alorreko zenbat hitz asmatzeko gai zaren. Ni, 22!

Harpidedunentzako sarbidea:

Gogora nazazu

Hil honetako AIZU! aldizkarian erreportaje gehiago aurkituko dituzu. Horrez gain, “Ez da hain fazila” gehigarria ere eskura dezakezu. Hainbat eduki biltzen ditu: "Galde Debalde?" ataltxoa gramatika-zalantzak argitzeko, denbora-pasak, lehiaketak... Kioskoetan salgai, harpidetza ere egin dezakezu, digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.