WhatsAppez hitz egin behar dugu
Imajinatu zure herriko udalak antolatutako ikastaroetan izena emateko edo irrati publikoan mezu bat uzteko, telefonia operadore jakin batetik deitu behar izatea, halabeharrez. Edo erakunde publiko horietara gutun bat helarazi behar izanez gero, mezularitza enpresa pribatu jakin batekin egin behar izatea, ezinbestean. Zentzugabekeria galanta, ezta?
Bada, horixe bera gertatzen ari zaigu oraindik ere egunero telefono bidezko mezularitza zerbitzuekin. Elkarte eta enpresa ugarik, eta, are larriagoa, erakunde publiko askok eta askok, WhatsApp eskaintzen dute haiekin komunikatzeko bide bakar edo, behintzat, lehenetsi gisa. “Doakoa da eta mundu guztiak dauka” izaten da azalpenik ohikoena.
Bada: ez bata ez bestea. WhatsApp ez da doakoa, baina dirutan baino datutan ordaintzen da zerbitzua. Jabeari, Facebooki, erabiltzaile bakoitzaren datuak, elkarrizketak, kontaktuak, telefonoan instalatuta dituen aplikazioen zerrenda eta abar miatzeko eta informazio hori erabiltzeko baimena ematen zaio.
WhatsApp ez da zerbitzu publikoa. Ez da egia “mundu guztiak” duenik. Gero eta gehiago gara hura erabiltzen ez dugunok, erabaki dezakegun bezala gure argindar kontratua edo telefoniakoa enpresa honekin ala harekin egitea edo sukaldeko hozkailua marka batekoa ala bestekoa erostea, eskaintzak konparatu ondoren.
Ondorioz, elkarte, enpresa eta, batez ere, erakunde edo komunikabide publiko batek bere komunikazio kanal nagusi gisa WhatsApp lehenesten duenean, bere ingurukoak mezularitza zerbitzuko jardunbide okerrengatik sobera ezaguna den enpresa jakina kontratatzera behartzen ditu. Gauza oso-oso larria da; are gehiago, onartezina herritar guztion eskura egon beharko luketen erakunde publikoen kasuan.
Konponbide erraza du, hala ere: jarrai dezatela WhatsApp bidezko komunikazioa eskaintzen, nahi badute, baina ez kanal bakar edo lehenetsi gisa. Betiko telefonoa, posta elektronikoa eta/edo beste mezularitza aplikazio batzuk ere eskain daitezke aukeran. Erakunde publikoen kasuan, nahitaezkoa iruditzen zait komunikatzeko kanal bat baino gehiago eskaintzea... eta beste guztien kasuan ere, oso aukera gomendagarria!
LOTURAK
https://labur.eus/whats
Bost arrazoi WhatsApp gorrotatzeko. Aspalditxoko testua nire blogean.
https://labur.eus/alter
WhatsApp moduko beste aukera batzuk, Sarean irratsaioaren artxiboan.
https://labur.eus/lanhar
WhatsApp eta lan harremanak, artikulu mamitsua Berriaren webgunean.