“Egunero ikasten dut zer edo zer”
Andrea Arrizabalaga
Galdakao, 1981
ETBko kazetari eta aurkezlea da Arrizabalaga, aurpegi ezaguna askorentzat. Unibertsitate ikasketak hastean ikasi zuen euskara, eta “20 urte eta gero” euskaltegira bueltatu da. Oraingoan, C2 maila lortzeko asmoz hasi da AEKn. Lanean, etxean... euskara erabiltzen du, baina gehiago erabiltzeko erronka jartzen dio bere buruari. “Egindakoarekin oso pozik nago, baina are gehiago ikasi behar dut oraindino”. Eñaut Mitxelena.
Nolatan iritsi zinen euskarara?
Herriko ikastolan ez zegoenez lekurik, beste ikastetxe batera bidali ninduten; han, euskara irakasgaietako bat zen. Ikasketak bukatu nituenean, banekien ingelesa, banekien euskara, baina ez hitz egiteko moduan. Hortaz, unibertsitatera iritsi, eta zera esan nion neure buruari: “Orain bai, trebetasuna hartu behar dut; gainera, beharrezkoa izango dut lan egiteko. Galdakaoztarra naiz, eta Galdakaon euskaraz egiten da. Euskara jakin behar dut, hemengo hizkuntza delako”. Hau da, lanagatik ez ezik, barruan neukan sentimenduagatik ere. Ez dakit lotsa zen, edo, baina txarto sentitzen nintzen. Zorra neukan. Euskaltegira horregatik joan nintzen, neurri batean.
Nolako prozesua izan duzu?
Hizkuntzak pila bat gustatzen zaizkit, hortaz, prozesua nahiko erraza izan zen, gogorra ez. Egunero 2 ordu euskaltegian, lagunak egiten dituzu… Garai hartan, ez neukan beste betebeharrik, unibertsitatea eta euskaltegia besterik ez. Gainera, niretzat egin nahi nuen, ez betebehar gisa. Oso gustura ibili nintzen euskaltegian, eta hiru urtean eskuratu nuen EGA.
Zer izan da zailena zuretzat?
Mintzamena, batez ere. Aditz trinkoak ere bai, kalean erabiltzen ez ditugun horiek, ikasi egin behar direnak. Baina, nagusiki, mintzamena. EGA lortu eta gero konturatu nintzen kalean erabiltzen den euskara ez dela euskaltegikoa. Hurrengo erronka kaleko euskara ikastea izan zen. Erronka nagusia, mintzamena. Hala, uda oso bat barnetegi batean eman nuen, mintzamena soilik lantzeko.
Eta errazena?
Idazlanak. Idaztea pila bat gustatzen zait, eta erraz ateratzen zait. Mintzamena... beste kontu bat da; oraindik ere asko daukat hobetzeko, baina egunero ikasten dut zer edo zer.
Gustuko hitza edo esamoldea:
Behin irakurri nuen esaldi hau: Euskaldun berri bakoitzak freskotasuna ekartzen du. Euskaldun berria sentitzen naiz, zer hori badaukat barruan. Horrela sentitzea, batzuetan frenoa da niretzat. Ondorioz, hitz egiteko orduan, 20 urte geroago, oraindik lotsa sentitu eta horregatik gaztelaniara jotzen dut. Hanka ez sartzearren edo…ez dakit!
Trikimailuren bat?
Hasi nintzenean, gogoz hasi nintzen, eta oso pozik. Trabarik ez nuen ikusten, zerbait egin nahi nuelako. Zeren, jakina, euskara ez baita erraza, eta gaztelaniarekin ez dauka zerikusi handirik. Gaztelaniaz pentsatzen baduzu, are zailagoa da. Orduan, hartu pazientziaz. Irakurri asko, niri asko lagundu zidan. Baita irratia entzuteak edo telebista ikusteak ere. Poliki-poliki, lortzen dira gauzak. Eta ez egin nik bezala: ez izan lotsarik. Egin aurrera.