“Euskaraz ligatzea trikimailu ona da”
Leire Ruiz
Iruñea, 1983
“Euskaldun berria naiz eta harro nago”, diosku1. Aktorea, Iruñeko Butaca 79 Eserlekua antzerki eskolako zuzendaria da, Laura Laiglesiarekin batera. Antzerkian, zineman eta telebistan lan ugari egindakoa da. Baita euskaraz ere, jakina: Erlauntza filmean, esaterako. Eñaut Mitxelena.
Zergatik erabaki zenuen euskara ikastea?
Gure hizkuntza delako. Txikitan, gaztelaniaz ikasi nuen eta ez nuen euskaraz ikasteko aukerarik izan. Hogeita bost urte nituela, pentsatu nuen euskara ikasteko garaia zela, poliki-poliki. Iruñeko Hizkuntza Eskolan hasi nintzen. Duela bost bat2 urte, B2 titulua lortu nuen. Ondoren, Iruñeko IKAn jarraitu nuen ikasten.
Nolako prozesua izan duzu?
Hizkuntza Eskolan nengoenean iruditu zitzaidan gehiago hitz egin behar nuela eta euskaltegira joan nintzen. Bertan oso gustura ibili nintzen; agian, ez nuelako azterketen presiorik, baita elkarrizketa gehiago egiten genituelako ere. Duela bost urte, utzi egin nuen, eta orain nire helburua da beti euskaraz egitea eta ez uztea. Hasieran, euskaraz hitz egitea asko kostatu zitzaidan, baina orain gustatuko litzaidake3 beti euskaraz aritzea.
Zer izan da zailena eta errazena zuretzat?
Zailena, hitz egitea. Familia euskalduna dut, eta aktorea naizen arren, batzuetan lotsa sentitzen dut. Asko gustatzen zait euskaraz egitea. Etxean, umeekin euskaraz saiatzen naiz, baina oraindik zaila egiten zait. Errazena, berriz, irakurtzea edo telebista euskaraz ikustea izan da.
Erabiltzen al duzu?
Bai, etxekoekin beti euskaraz saiatzen naiz. Umeak ikastolara joaten dira, eta haiekin euskaraz hitz egiten dut. Haserretzen naizenean, zailagoa egiten zait, ez dudalako pentsatzen; euskaraz egiteko, baina, pentsatu behar izaten dut.
Trikimailuren4 bat?
Euskaraz ligatzea5, adibidez. Bestalde, ohiturak ez uztea, hori oso garrantzitsua da: telebista euskaraz ikusi, euskaraz irakurri, dendetan euskaraz hitz egin, belarriprest izan... Egunero-egunero zerbait egitea euskaraz.
1. Diosku: esaten digu.
2. Bost bat: gutxi gorabehera bost, bost inguru.
3. Gustatuko litzaidake: me gustaría (es), j’aimerais (fr).
4. Trikimailu: truco (es), truc (fr).
5. Ligatu: ligar (es), serrer (fr).

