“Euskara ikasten nabilela esanda, presioa kentzen da gainetik”
Aitor Oleagoitia Pestaña
Bilbo, 1980
Bilboko Indautxu AEK euskaltegian hasi zen ikasten, “euskaraz bizitzeko”. Irakasleak azterketa egitera animatu zuen, baina berak ezetz, “ez nuelako titulurik behar”. Tornulari fresatzailea da, irakaslea Lanbide Heziketan. Orain lanerako nahikoa du B2 maila, baina aukera gehiago izango ditu C1 lortuz gero. M. Egimendi.
Zergatik joan zinen euskaltegira?
Betidanik gustatu izan zait gure hizkuntza, baina ikasketak gaztelaniaz egin nituen, eta neure kabuz hasi nintzen ikasten. Duela 10 bat urte jo nuen euskaltegira, serioago ikasi eta euskaraz bizitzeko. Bi alaba txiki nituen eta, errietan hasten naizenean gaztelania apur bat atera arren, orain normalean euskaraz hitz egiten dut haiekin, baita neska lagunarekin ere.
Bitxikeriaren bat?
Alabek orain 11 eta 13 urte dituzte, eta askotan zuzentzen naute. Batzuetan, barre ere egiten didate! Eta bikotekideak bizkaieraz egiten duenez, neuri ere “zelan zagoz?” eta horrelakoak ateratzen zaizkit tarteka.
Nolako prozesua izan duzu?
Euskaraz bizitzeko hasi nintzen ikasten, baina orain titulua behar dut, eta presio hori asko nabaritzen da, ez da euskaraz bizitzeko ikastea bezala. Hasieran, B1 mailan, ez nuen titulurik behar, baina gero B2 lortu eta C1 azterketa ere egin nuen. Irakurmena, entzumena eta mintzamena gainditu nituen, baina idazlana ez. Halere, berriro saiatuko naiz eta datorren hilean gainditzea espero dut. Eta jarraituko dut ikasten, baina kalean.
Zer izan da zailena zuretzat?
Idazlanak. Eta euskaraz pentsatzen ahalegintzen naiz, baina ez da erraza. Berba egitean ere, batzuetan apur bat trabatuta geratzen naiz.
Eta errazena?
Euskaltegira etortzea ez zait kostatzen, giroa nahiko ona delako. Eta berbetan, normalean, txarto hasten naiz, baina gero lasaitu egiten naiz.
Lanean erabiltzen duzu?
Orain, eskolak ematen ditut Lanbiden, gaztelaniaz, baina pandemian Tolosara joatea tokatu zitzaidan eskolak euskaraz ematera, eta nahiko ondo. Beti eskatzen dut hasieran astiroago hitz egiteko, ikasten ari naizelako, eta jendearen jarrera oso ona izaten da.
Gustuko hitza edo esamoldea?
Kili-kiliak, umeekin jolasean ikasi nuen.
Trikimailuren bat?
Inportanteena, lotsa kentzea. Baita ere hasieratik esatea ikasten ari zarela. Horrela, presioa kentzen da gainetik.