“Neure buruari gehiago eskatzen diot orain”
Basque Team-eko igerilaria da Llopis (Donostia, 1998). Jaiotzetik ezgaitasun fisikoa du, eta igeriketa egokituan aritzen da, S8 mailan, hainbat modalitatetan. Tokioko Paralinpiar Jokoetan sekulako uzta bildu du: zilarrezko domina bizkar estiloko 100 metrokoan, eta hiru diploma. 2016an ere hartu zuen parte Rio de Janeiroko Paralinpiar Jokoetan. Beste lorpen garrantzitsu asko ditu. AEKn ibilitakoa da, B2-C1 mailetan. Eñaut Mitxelena. Argazkia: Elena Etxebarrieta/Basque Team.
Etxean, non duzu Tokion irabazitako zilarrezko domina?
Beira arasa batean gordeta, beste domina garrantzitsuekin.
Zilarrezko dominaz gain, hiru diploma. Pozik Tokion lortutakoarekin?
Oso pozik; jarritako helburuak lortu genituen, beraz, oso pozik.
Garaipen asko dituzu: Europako txapelketan urrea, zilarrak, brontzea; Espainiako txapelketak... Horiek guztiak txiki geratzen dira Tokioko dominaren aldean?
Denak dira pozgarriak, baina jokoak erakusleiho handia dira, eta egindako lana eta balio dudana mundu guztiari erakusteak ez dauka parekorik.
Domina soinean, horra iristeko sakrifizio guztiak ahazten dira?
Egia esan, nahiz eta aurten sakrifizio asko egin ditudan, asko gozatu dut entrenamendu guztiez. Sariak alde batera utzita, nire urterik politenetarikoa izan da.
Rio de Janeiroko Paralinpiar Jokoen ostean izandako lesio oso larria ere, ahaztuta?
Bai, belauneko min hura aspaldi joan zen. Hala ere, ariketa asko egiten ditut, lesiorik ez jasateko.
Zein diferentzia dago Rio de Janeiroko Iñigoren eta Tokioko Iñigoren artean?
Neure buruari gehiago eskatzen diot orain.
Zer dira Paralinpiar Jokoak kirolari batentzat?
Onenekin lehiatzeko eta mundu osoaren aurrean egiteko aukera.
Hedabideok eta gizarteak, oro har, kirol egokituei Paralinpiar Jokoak edo antzeko hitzordu garrantzitsuak daudenean soilik erreparatzen diegu?
Argi dago kirol egokitua pixka bat atzeratuta dagoela, zentzu horretan. Baina gero eta garrantzi handiagoa hartzen ari da.
Gero eta gehiago ikusten da?
Bai.
Nolako garrantzia izan du zuretzat kirolak?
Betidanik gustatu izan zait kirola egitea; txikitan futbola eta orain igeriketa. Nire bizitzaren atal garrantzitsua da.
Futbolean izandako lesio larri baten eraginez hasi zinen igeriketan, haurra zinela. Futbolzalea zarela kontuan hartuta, erabakia hartzea kosta zitzaizun?
Hasieran, bai; errehabilitazioa egiteko hasi nintzen, baina lehiatzeko asmorik gabe. Ondoren, txapelketak ezagutu nituenean, igerian jarraitzea erabaki nuen.
Zein modalitate duzu gustukoen?
Bizkarreko estiloa.
Rio de Janeiroko Paralinpiar Jokoetan dominarik ez eta Tokion zilarrezkoa. Hortaz, 2024ko Parisko Jokoetan, urrezkoa?
Horretarako, Pariserako txartela lortu beharko dugu lehendabizi, eta erronka zaila izango da. Maila gero eta handiagoa da; beraz, printzipioz, ez nago dominei begira.
Urrezko domina ala C1a, zer iritsiko da lehenago?
Ez dakit. NIre ustez, C1a, kar-kar-kar!
DI-DA BATEAN
Zerk alaitzen dizu eguna?
Lagunekin egoteak.
Eta tristatu?
Nire futbol taldeak galtzeak.
Zerk eragiten dizu barrea?
Osabak kontatzen dizkidan txiste txarrek.
Zerk haserrearazten zaitu?
FIFA bideo jokoko partidak galtzeak.
Zure bertute handiena?
Eskuzabaltasuna.
Defektu edo gabezia bat?
Haserretzen naizenean, ez dakit disimulatzen.
Bizio bat:
Bideo jokoak.
Plazer txiki bat:
Izozkia jatea.
Zer izan nahi zenuen txikitan?
Futbol atezaina.
Eta orain, zer ez duzu izan nahi?
Polizia.
Zer ez zaizu inoiz falta etxeko hozkailuan?
Urdaiazpikoa.
Igerilari bat:
Richard Oribe.
Igerilaria ez den kirolari bat:
Maradona.
Igerileku bat:
Tokioko igerilekua.
Lehiatzen hasi aurretik, baduzu maniarik?
Aitaren egiten dut.