Danel Abando
Boxeolaria

2016an oilar-pisuan Bizkaiko eta Euskadiko txapelduna, Espainiakoan brontzezko domina... garaipen politak lortu ditu Danel Abando Deustuko Tigreak edo Flacok (Bilbo, 1995) lehia utzi aurretik. Futbolean jokatzen zuen, 14 urterekin boxeoa ezagutu zuen arte. Politika Zientziak ikasi zuen, eta egun Garaiko Historia masterra eta irakaskuntzan irakasle aritzekoa amaitzen ari da. Euskaraz bizitzeko urratsa eginda, Bilbo euskalduntzen saiatzen da. Ukabilketan proiektuarekin, gazteei boxeoa euskaraz gerturatzeko saioa egin du. Eñaut Mitxelena.  Argazkia: Iñaki Mendizabal.

Zuretzat ezezaguna izatetik boxeoaz maitemintzera. Boxeoaren zein alderdik erakarri zintuen?
Ez dakit. Lehenik eta behin, futbolean ez nuela nire tokia topatzen, akaso. Beti gustatu izan zait asko, baina txapelketetan-eta ez nuen disfrutatzen. Presio handia... Boxeoan, justu kontrakoa gertatu zitzaidan. Ez dakit zergatik, baina lasaitasuna, gauzak egiteko beste erritmo bat, presioa batere... Hasieratik gozatu nuen. Maykel Balmaseda entrenatzaile kubatarrarekin topo egiteko zortea izan nuen; oso berezia. Haren eskutik hasi nintzen, boxeo oso zehatza ezagutu nuen, Kubakoa, eta horrek egundoko zirrara eragin zidan.

Zer eman dizu boxeoak?
Gauza asko. Neure burua egunerokoan kokatzeko modu bat, adibidez. Entrenamenduak, diziplina... Hori guztia etorri zitzaidan garaian, garrantzitsua izan zen: ikasketetan nahiko kaskar nenbilen, jarrera pixka bat txarrarekin, eta boxeoak diziplina eman zidan. Kirol honetan, diziplina funtsezkoa da; eduki ezean, zeuk sufritzen duzu ringean. Hortaz, boxeoak hurbildu ninduen bizitzaren errealitatera. Ahalegina eginez gero, emaitzak ikusiko dituzu, eta bestela ere bai.

Eta zer erakuts dezake?
Oso diziplina gogorra izanik, lehenengo gauza, agian, errespetua. Aurrena, zeure buruarekiko errespetua, gorputza eta burua zaindu ezean galduta zaudelako ringean. Ondoren, kidearenganako eta aurkariarenganako begirunea. Borrokan oinarritutako kirola da, baina betiere errespetuari eta kiroltasunari eutsita. Gauzak aintzat hartzeko modu bat ere erakusten dizu, beste ikuspuntu batetik ikusten baitituzu.

Lehiatzen zinenean, emaitza onak izan zenituen. Ez zara inoiz damutu utzi izanaz?
Beti. Bizkaiko txapelketak sasoi honetan izaten dira, eta urtero pentsatu ohi dut: "Berriro ekin behar diot", "Zergatik utzi nuen"... Baina azterketak iristean edo lanen bat entregatu behar dudanean, berehala konturatzen naiz zergatik utzi nuen: ezin dut guztiarekin. Halere, ez dut baztertzen egunen batean bueltatzea edo borrokaren bat egitea; gauza bakoitza dagokion unean.

Boxeoan garrantzitsuena, ukabilak ala burua?
Buruak agintzen du ukabilen gainetik; hortaz, argi eta garbi, burua. Bai boxeolari finak bai indartsuak burua erabiltzen dute, beti. Bururik gabeko boxeolariak ez du asko irauten ringean.

Jose Anton Artzeren Eman eta hartu poemaren arabera, “Hartzaile onak egiten du emaile ona”. Boxeoan ere bai?
Bai. Hartzailea izatea oso gaitasun garrantzitsua da, baina badauka bere arriskua, gorputzak edozein unetan “Nahikoa da!” esan baitezake. Nik, agian, nahiago dut kolpeak saihesteko edo ez hartzeko gaitasuna izatea, dohain moduan. Boxeoan ordaindu beharreko bidesaria da: lehiatzen ari zarenean, trukean zure osasunaren parte bat emango duzu. Horixe da kirol honek daukan gordintasuna.

Boxeoa indarkeriarekin lotu ohi da. Aurreiritzi asko sortzen ditu oraindik ere?
Bai. Alde batetik, uste baino gutxiago ezagutzen dugulako kirol hau. Irudiak eta ikusi arren, ez dugu ezagutzen. Tatuajeak, beti oso zurrun... kanpotik irudi hori ikusten da, eta ohitua ez dagoen jendearentzat arrotza izan daiteke. Baliteke kirolak berak ere hala eskatzea: ez da gauza bera futbolean jokatzea edo beste pertsona batekin borroka egitea. Nik uste horrek ere baldintzatzen duela, askotan, baita norberaren burua ere; zure gorputza horretarako prestatzen duzu. Horregatik hainbeste tatuaje, gogortasuna... Hortaz, nik uste aurreiritziak beti izango direla. Batzuetan, jendeak arrazoia dauka, baina gehiago da ospea, nire iritziz.

Euskal Herrian boxeorako zaletasun handia dago, ezta?
Betidanik egon da, eta gaur egun ere bai. Kontua da ez dakit zein urtetatik aurrera nolabaiteko ospe txarra hartu zuela eta gero eta gutxiago ematen zela telebistan. Orain, aldiz, badago halako boom bat. Horretan, Kerman Lejarraga bezalako fenomenoek lagundu dute. Telebistak ere bai, Rocky pelikula berriak... Nik inoiz ez dut ezagutu boxeoa hain egoera politean.

Ukabilketan proiektua jarri zenuen martxan Bilboko Udalaren laguntzarekin. Gustura erantzunarekin?
Bai, gustura jendearen erantzunarekin. Alde batetik, pertsona asko laguntzeko prest agertu direlako; euskararen alde lan egiteko prestasun handia nabaritu dut. Beste alde batetik, gazte ugari hurbildu direlako, eta oso esperientzia polita izan da. Administrazioaren aldetik, ordea, ez da izan hain positiboa. Jarraitzeko asmoa dut, baina Udalaren erantzunaren zain nago. Orain arte jorratu gabeko bide bat zabaldu dut, euskarari aukera berriak eskaini dizkiona. Ez dut uste euskara aukerak galtzeko moduan dagoenik, bereziki gazteen artean; hortxe dugu erronka eta beharra. Horregatik harritu nau Bilboko Udalak, zentzu horretan, interes gutxi adierazi izana. Azken finean, helburua da gazteek, boxeoaren bitartez, eremu eroso bat izatea, ongi pasatzeko eta, bitartean euskaraz aritzeko.

Beraz, borroka zaila da?
Bai. Baina horiek dira borrokarik politenak, borroka zailak. Borroka errazak, azkenean, ez dira borrokak.

Deustuko Tigrea edo Flaco. Izan daiteke boxeolaria ezizenik gabe?
Egon badaude, baina ezizenarena oso ohitura errotua da. Ez galdetu zergatik, baina hala da, eta esango nuke polita dela, berezia. Ez dakit beste kirol batzuetan gauza bera gertatzen den, nik ez dut ezagutzen, eta gure bereizgarrietako bat dela uste dut.

Zientzia Politikoak ikasi zenuen. Boxeoan ikasitakoak baliagarriak izan daitezke politikan?
Politika baino borroka handiagorik ez du ezagutu... Agian, aurkaria hurbileko sentitzen erakutsi dit. Nire ustez, hori balio interesgarria da politikan; lehiakidea kiroltasunez edo nolabaiteko adiskidetasunez ikustea, etsaitzat jo gabe. Boxeoan, kolpeez ari gara: ringera igo, eta badakizu haren helburua zu jotzea dela, zeurea hura jotzea bezala; eta lurrean KO utzi ahal bazaitu, utziko zaitu. Ez dauka ezer zure kontra, hori da bere zeregina, besterik gabe. Bada, akaso, bada politikarako eman didan balioetako bat.

Di-da batean

Zerk alaitzen dizu eguna? Irakurtzeak.
Eta tristatu? Kalera ezin ateratzeak.
Zerk eragiten dizu barrea? Lagunek.
Eta negarra? Maitasunak.
Zerk haserrearazten zaitu? Euskararen aurkako jarrerak.
Bizio bat? Euskaraz bizitzea, gero eta gehiago.
Plazer txiki bat? Kalean presa barik ibiltzea.
Eta sekulako plazer bat? Gimnasioan lagunekin boxeatzen aritzea.
Zer izan nahi zenuen txikitan? Gauza gehiegi! Boxeolaria, adibidez.
Eta orain, zer ez duzu izan nahi? Irakasle txarra.
Boxeolari bat? Muhammad Ali.
Zure borrokaldi bat? Espainiako Txapelketako azken borroka, brontzezko domina lortu nuenekoa. Espainiako txapeldunaren kontra kaleratu ninduten, hozka egin zidan gorputzean, epaileak bi puntu kendu zizkidan...
Besteren borrokaldi bat? Muhammad Alik George Foremanen kontra Kinshashan egin zuena.
Gustuko kolpea? Aurreko zuzenekoa.
Boxeo izarrak ikusten duzu? Bai, txikitatik.

Harpidedunentzako sarbidea:

Gogora nazazu

Hil honetako AIZU! aldizkarian erreportaje gehiago aurkituko dituzu. Horrez gain, “Ez da hain fazila” gehigarria ere eskura dezakezu. Hainbat eduki biltzen ditu: "Galde Debalde?" ataltxoa gramatika-zalantzak argitzeko, denbora-pasak, lehiaketak... Kioskoetan salgai, harpidetza ere egin dezakezu, digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.