Marrazkiak egitea politikoa izaten ahal da, biziki
Dom Campistron
Ilustratzailea
Bekatorosak izeneko lan grafikoa argitaratu du Campistronek (Aldude, Nafarroa Beherea, 1994), Aldudeko eta inguruko herri txikietako gay eta lesbianen lekukotzak bilduta; guztira, zazpi. Isilpean gorde dituzten bizipenei lekua eginda, horiek ezagutarazi eta, aldi berean, LGTBIfobiaren kontra egin nahi izan du. Bere euskalkian osatu du liburua, eta hiztegi txiki bat gehitu dio, lagungarr. Ikasketak Parisen eta Eskozian eginda, egun Baigorrin bizi da, eta Aldudeko apaizetxean du estudioa. Lehen liburua du Bekatorosak, baina beste hainbat ilustrazio lan egin izan eta egiten ditu: afixak, azalak...
Zergatik Bekatorosak?
Baxenabarreko herri txikietan, giro biziki giristinoan hazi gara. Joaten ginen mezetara igande oro... Nahi edo nahi ez, erlijioa gure kulturaren parte da. Kultura horretan hazten zarelarik, eta zuk LGTBI zarela sentitzen duzularik, hortik kanpo sentitzen zara, eta bekatuan bizi zarela uste ahal izaten duzu. Orain, Elizak ez du hainbertzeko pisua gure herrietan, baina txiste gisa oroitu nahi nuen.
Bekatorosa zara, eta harro.
Biziki! Bai, bai! LGTBI familiak anitz baliatzen du harrotasuna, balio gisara, eta erraiten ahal dut euskaldunok ere anitzetan erabiltzen dugula gure nortasunaz harro garela adierazteko. Ni harro naiz euskalduna izateaz, bai eta hagitz harro LGTBI familiakoa izateaz ere.
Zergatik erabaki zenuen liburua egitea?
Hastapenean, bide arras pertsonala izan da. 16 urte nituela neska batekin maitemindu nintzelarik, egia da LGTBI izaterik ez zela. Homosexual hitza laido gisa bakarrik aditzen genuen; lesbiana, berriz, entzun ere ez genuen egiten. Gogo horrekin ikusten nuen beti hemengo bizitza, pentsatuz zerbait landu behar zela gai horri buruz, gauzak aldatzeko edo, bederen, entseatzeko, jendeak hobeki ulertzeko nola bizi dugun gure LGTB bizia herri ttipietan. Elkarrizketak egin ditut lagun batzuekin, ene bidea ere hobekiago ulertzeko eta ikusteko kezka berak bizi izan ditugun ala ez. Gero, elkarrizketa horiek biziki onak zirela pentsatu nuen, eta bertze pertsona batzuekin partekatu nahi nituela.
Lekukotzak topatzea edo pertsona horiek hitz egin nahi izatea kostatu al zitzaizun?
Xantza anitz ukan dut. Biziki isilik egon gara gu, homosexualak, transak eta bertze identitate guztiak, eta orain badugu halako... hitza hartu nahi dugu. Iruditzen zait badela mugimendu handia memento honetan. Xantza ukan dut orain proposatu dudalako proiektua eta jendea mintzatzeko prest zelako. Gainera, saiatu naiz intimitatea, konfiantza, sortzen. Eta azpimarratu behar da enekin mintzatzeko alimaleko kuraia izan dutela.
Zer eman dizute elkarrizketek?
Anitz. Deja ohartu naiz edozein adin izanik ere bide bera bizi izan dugula. Pentsatzen dut hobekiago ulertu dituztela ene kezkak eta bide pertsonala, eta, oro har, harroago sentitu naizela ere bai, eta kuraia handiaz jabetu naizela hona etorritakoan. Frantzian eta Eskozian luzaz bizi ondotik, Euskal Herrira berriz itzultzerakoan, enetako zeharo indartsua zen hau ulertzea: “Bai, emazte batekin bizinaiz, ez naiz bakarra”. Eta, orain, saretzen ari gara. Beraz, indar anitz emanda eta geroan esperantza ikaragarria izanda.
Pintzela arma eta marrazkiak sendagai?
Hori da. Marrazkiak egitea politikoa izaten ahal da, biziki. Artetik, artea baliatuz, gizarteari ideia berriak ekartzen ahal dizkiozu, eta, arteari esker, gizarteak aitzinera egiten du. COVIDaren garaian, zulora erori gara pixka bat, baina uste dut gizarteak, oro har, eta Euskal Herrian ere bai, gure eguneroko bizitzan arterik ez ukaiteakzer-nolako kaltea eragiten digun ikusten dugula. Eta marrazkia manera bat da, nik hautatu dudan arte forma, hagitz indartsua.
Heterosexuala ez denarentzat, herri txiki, infernu handi?
Heterosexuala ez denarentzat, gizona ez denarentzat eta abarrentzat. Zenbaitetan, zaila izaten ahal da, baina gero eta errazagoa izanen da, gaur egun jende anitz borrokatzen baita gauzak aldatzeko. Ez da nahitaez LGTBI edo izan behar. Adibidez, hemen gizartea biziki zuria da; bada, ez da nahitaez beltza izan behar herri ttipietako funtzionamendua gaizki bizi izateko. Herri ttipiek badituzte alde oso onak, elkarlaguntza, esaterako, edo euskal kulturan parte hartzea, abertzalea izatea... Baina bada bertze aldea: herri ttipietan, badira kutzikeriak, jendeak zure bizian zer egiten duzun jakin nahi du... Balio batzuk hautsi egin behar ditugu, eta iruditzen zait, zinez, bide horretan garela. Belaunaldi gazteetakoak horretan ari dira, eta borroka feministak eta bertze borroka askok bidea irekitzen dute.
Denentzat ere, hiria askatasunaren sinonimo da.
Bai, zeren eta hirian deja zerbait erran behar da. LGTBI eta euskalduna aldi berean izatea posible zenik ere ez genekien guk. Uste genuen LGTBI Espainian, Frantzian edo bertze nonbait izaten ahal zela. Hiriak bertze gauza batzuk dakartza: anonimotasuna, inork ez jakitea norekin zaren eta zer egiten duzun... LGTBI pertsonak saretzeko gay ostatuen boterea ere bada. Hiria askatasun handia izan da denondako, baina irrigarri antzematen dut, denak berriz herrira itzultzen baikara edo usu bisitatzen baitugu. Hirian ere, maiz bizi izan ditugu bertzelako bazterkeriak. Adibidez, Parisen nintzelarik, lesbiana izatea ez zen problema bat, baina euskalduna izatea bai.
Herri txikietan, errealitate ezkutatuan bizi behar izatea al da LGTBI izatea?
Bai. Ez baduzu hitza ere entzuten, haurtzaroan ez baduzu eredurik eta ez badituzu parean ikusten, bi gizon edo bi emazte elkarri musu ematen, adibidez, edo elkarrekin dantzan, ez da posible, izate hori ezin duzu ezta zure buruan ere eraiki. Herri ttipietan, tradizioek luzaroagoan irauten dute, eta pentsatzen dut gauzak arribatzeko denbora pixka bat gehiago behar dutela. Gainera, boterean diren pertsonak zaharrak izan ohi dira, gazteek libre izateko alde egiten baitute. Orain, bagara garai batean zeinetan gazteak ez diren joaten lehen bezala, edo berriz itzultzen diren eta erraiten duten: “Orain, boterea geuk nahi dugu”. Horregatik, nik hagitz begi onez ikusten dut geroa. Bertze alde batetik, euskal telebistetan eta euskal irratietan ez zait iruditzen hainbat desberdintasun erakusten dugunik. Oro har, ez da bakarrik herri ttipietako problema, gauzak gizarte gisa landu behar ditugu. Homosexualitatea ez da homosexualen gaia, gizartearena baizik, eta denok ulertu behar dugu elkarrekin ontsa bizitzeko denok egin behar dugula urrats bat. Euskal Telebista piztu eta trans gehiago ikusi nahi nuke, dibertsitate handiagoa. Hortaz, bide bat dugu egiteko.
Atzerritik itzuli eta gero aldaketarik sumatu al duzu herrian?
Bai. Euskal Herrian berriz nintzelarik, gauza biziki larria izan da borroka feminista. Ni joan nintzenean, ez zen mugimendu feministarik, edo ttipia zen; gure herrietan, ez zen, zuzenean. Beraz, itzuli nintzenean, baziren zinez mugimendu interesgarriak, emazteak askeagoak eta indartsuagoak antzematen nituen, eta horrek arras hunkitu ninduen. Bigarren gauza izan zen lagun anitz armairutik atera zirela, harro ikusten nituen, bapo, herriko plazan nork bere bikotekideari musu ematen... Horrek hegalak eman dizkit pentsatzeko nik ere ene herriari zerbait eman behar niola. Bada, artistikoki egitea izan da nire manera, liburua sortuz. Beraz, bai, bost urtean gauza anitz aldatu ziren.
Euskara galdu egin zenuen, baina berreskuratu duzu.
Bai. Euskara gure familiatik atera, eta emeki-emeki frantsesera itzuli ginen. 10-12 urte nituelarik, kasik dena frantsesez egiten nuen. Orduan, ikastolarik ez zenez hurbil, ez ginen ikastolara joaten. Euskaldunak ginen, baina hizkuntza ez genuen sobera ezagun, ezta gure kultura zer zen ere. Joan nintzenean, ingelesa ikasi behar izan nuen, eta iruditu zitzaidan ene burmuinaren parte bat, euskara, ingelesari tokia uzteko joan zela. Atzera Euskal Herrian, arrunt galdua nintzen, eta ez nuen esaldi bat ere ematen ahal. Hitzak banekizkien, eta ontsa ulertzen nien jendeei, baina ez nintzen euskaraz mintzatzen. Orduan ikasi nuen zer den euskalduna izatea eta ama hizkuntza galtzeagatik errudun sentitzea. Hori ere bide ezin interesgarriagoa izan da enetako:berriz eskuratzea, berriz euskaldun sentitzea eta horretaz harro sentitzea.
Egun, apaizetxean duzu estudioa. Bekatorosak ez al ditu giristinoak aztoratu?
Berdin, agian! Kar-kar! Egia errateko, ez genuen nahitaez toki hori nahi, baina libre zen. Gune arrunt indartsua da gure herrian, lehen herriko etxea zelako; beraz, apezpikua eta auzapeza oso lagunak ziren Alduden, eta elkarren ondoan egiten zuten lan. Indar ikaragarria ematen digu plazan izateak, eta erabat interesgarri eta irringarri atzematen dut ene ilustrazioetan bular eta zakil hor, elizaren barnean, marraztea; zenbaitetan, meza dagoelarik, ni hor naiz estudioan ene gauzetan. Uste dut aitzinamendua dela, eta kohabitazio aski interesgarria enetako, kar-kar! Aldudeko pertsona frankok esan didate gozamena dela gazteak plazan eta elizaren ondoan ere ikustea, bertze gauza bat pizten ari dela, eta hainbat hobe!
DI DA BATEAN
Zerk alaitzen dizu eguna? Herri ttipi batean bizitzeak.
Eta tristatu? Herri ttipi batean bizitzeak.
Zerk eragiten dizu barrea? Libertimenduak.
Eta negarra? Marrazkia nik nahi bezala ezin geratzeak .
Zerk haserrearazten zaitu? Homofobiak, sexismoak.
Zer izan nahi zenuen txikitan? Artista.
Eta orain, zer ez duzu izan nahi? Giristinoa.
Ilustratzaile bat: Tara Booth.
Komiki edo liburu grafiko bat? Marjane Satrapiren Persépolis.
Gustura egingo zenuke... Baigorriko Gay Pride.