Ion Martinez Txiki

 Komiko eta aktorea

2002an, Donostiako Kandela aretoan antolatutako bakarrizketa txapelketa batean parte hartzera animatu zuten Txiki (Donostia, 1980), eta ordutik dabil euskarazko isil-hizketak egiten. Ia 20 urteren ostean, 600 emanaldi baino gehiago egin ditu, “kalean palet baten gainean edota antzokietan”. Egun, 40 urte eta aldapan behera niek izenekoarekin dabil herriz herri. Aldatzen Laguntzen antzerki taldearen sortzailea da. Iaz,Birritan bortxatuaaurkeztu zuten; bortxaturiko andrazkoek pairatzen duten biktimizazio bikoitza jartzen du agerian Martinezek berak eta Saioa Royok sorturikoantzezlanak. Datorren urtean, 20 urte beteko ditu komiko jardunean, eta bi lan estreinatuko ditu: otsailean, bakarrizketa bat; urte amaieran, beste, ohikoak baino landuagoa.

2002an, gutxi zineten euskarazko egileak. Orain, gehiago. Zorioneko lehia?

Bai. Kandelako txapelketa hartan, denok gaztelaniaz egin genuen. Jon Plazaola eta biok laster hasi ginen bakarrizketak euskaraz egiten. Orain, hor daude Mirari Martiarena eta Idoia Torregarai, Beatriz Egizabal eta Ane Labaka... Nire ustez, egosten ari zen, sortu da eta jendea animatzen ari da. Euskaraz umorea egitea zaila dela dioen tabuak asko amorrarazten nau. Bertsolariak ikusi besterik ez dago, umorea euskaraz egiten dute eta. Bakarrizketari onenak Euskal Herrian ditugu, bertsolariak halakoak izan direlako. Gainera, inprobisatuz jarduten dute.

Barrea eragitea erraza al da?

Nik uste ezetz. Kuadrillarekin alderatzen dut: bada gatzduna, umore txarra duena, ederra... Baina denak ez dira barregarriak, bakarra izaten da. Gure kasuan, beti esaten dut neurri batean ligatzea bezala dela. Norbait ezagun duzunean, zerbait kontatzen badu, barre egiten duzu, berari gertatu zaiolako. Baina nire ikusleek ez banaute ezagutzen, nire umorearen bitartez maitemindu egin behar ditut. Tira, ni txikitatik izan naiz oso txistezalea, eta ateraldi ugarikoa. Uste dut energia hori hortik bideratzen dudala, eta baduela bere emaitza.

Nola definituko zenuke zure umorea?

Oso gertukoa, euskalduna eta tokikoa. Hori egiten saiatzen naiz, baita betiko topikoetan ez erortzen ere: sexuari buruzko bakarrizketak, drogei buruzkoak... Nahiago dut hitz egin niri gertatzen zaizkidan gauzez, edo lanean aditutakoen gainean...

Egunerokoak inspiratzen zaitu, beraz.

Bai. Kilometro 0 kontzeptu famatua bezala, tokikotik heltzea gustatzen zait: euskaldunok gaztetan Adidas txandalarekin joaten ginela institutura, Altus motxila bizkarrean... Geureari buelta ematen eta puzten ahalegintzen naiz, umore ukitua emateko.

Umorea egitea, gero eta arriskutsuagoa?

Tira, nire kasuan... Badakit herri bateko jaietan plaza batean baldin banago, agian hitz batzuk ez ditudala esango. Herri horretako taberna batera edo gaztetxera baldin banoa, ordea, esango ditut, adarra joko diet... Alderdi hori zaindu egiten dut, pixka bat, baina ez dudalako mugidarik nahi, besterik gabe. Halere, edozer gauzari buruz hitz egiteko beldurrik ez daukat.

Pandemia garaiotan, barre premia handiagoa da?

Pandemia garaian, argi eta garbi geratu da kultura beharrezkoa dela, eta etxean egon garenean pelikulak ikusten, musika entzuten... aritu garela. Jendeak beharra duela sumatu dut. Gainera, itxialdiaren ostean antzerkiari ateak pixka bat irekitzen hasi direnean ―musikari ez―, jendeak gosea duela egiaztatu dugu. Nik emanaldietan jende gehiago nabaritu dut.

Mikel Pagadik esana: “Beti txisteak kontatzen-eta ibiltzen den jendea nahiko aspergarria iruditzen zait”. Zu nolakoa zara egunerokoan?

Ni ere, antzeko. Beti diot: bakarrizketa dudan egunean sozializatzen dut gehien. Gainerakoan, nahiago dut mendian egon edo ibili. Ez naiz oso gizartekoia, eta beti ez nabil iji eta aja. Gaztetan bai, halakoa nintzen, parrandan ateratzen ginenean eta, baina orain ez. Orain, antisozial samarra naiz. Hori bai, emanaldietan jende ezezaguna ezagutzea pila bat gustatzen zait.

Serio izateko eskubidea aitortzen al zaio komikoari?

Niri bai, gertukoek badakitelako: “Txiki ez da kuadrillaren afari batera joaten ezta...”. Beraz, nire kasuan, bai. Ingurukoek beti esaten didate izugarri antisoziala naizela.

Zergatik sortu zenuen Aldatzen Laguntzen, bakarrizketek asetzen ez dizkizutenei bidea emateko?

Ikastaroak-eta egiten hasi nintzen, eta, gainera, umoretik aparte zerbait egin nahi nuen. Antzerkia askoz mundu zabalago eta handiagoa da, eta horren inguruan zerbait egiteko gaitasuna banuela ikusten nuen. Oso obsesionatuta nengoen Oteizarekin, eta hari buruzko antzezlana sortu nuen. Harrera ona izan zuen, eta pozgarria izan zen. Horrek indar handiagoa eman zidan antzerki munduan gehiago sartzeko, eta orain arte lau ikuskizun egin ditugu, denetik: drama, komedia... Gustuko dut nire rola aldatzea; are gehiago, askotan nahiago dut antzeztu, nahiz eta drama indartsua izan, ni ulertzeko modu guztia antzezlan horretan ikusten delako.

Birritan bortxatua lanean, broma gutxi.

Bai, ez dago bromarik. Lehen 30 segundoetan dago txiste bakarra, nahita. Gero, zaplaztekoak datoz, bata bestearen atzetik, etengabe. Antzezlanean, oso ongi ikusten da emakumearen barne sentimendua, bai epaiketan bai bortxatu zuten gauean bizi izan zuena. Uste dut hori ongi agertu dugula, eta emakume hori ez dela, gainera, gaztea: edozein andre da, eta bortxa dezakete auzoko jaietan edota edozein ezagunek.

Nagore Laffageren kasua izan duzu inspirazio iturrietako bat. Protagonistaren izena Nagore da, berariaz ipinia.

Bai. Laffagerena gertatu zenean, 27 urte nituen, eta oso txundigarria iruditu zitzaidan nola erail zuten gaztea, hiltzaileak estatus jakin bat zuela... Gizarteak sekulako zartakoa jaso zuela ikusi nuen, eta gizartearen erantzuna oso handia izan zela. Ondoren, Manadakasua gertatu zen, eta biak izan dira antzezlana sortzeko ardatza. Antzezlanean, fiskalaren eta abokatu defendatzailearen galdera ia guztiak benetakoak dira, gehienak bi kasu horietatik ateratakoak, baita beste batzuetatik ere. Galdera batzuk benetan sinestezinak dira, txundigarriak.

Itxialdian, denok kulturazale. Denok gara kulturazale, doakoa izanez gero?

Bai. Jendeari ez zaio inporta kubata bat pagatzea, baina Txikiren bakarrizketa bat 3 edo 5 euro bai. Badakit horrela dela: Dokan, mila gauza antolatu ditut, eta prezioaren arabera badakit jende gehiago ala gutxiago gerturatuko dela. Zertxobait positiboa izateko, uste dut itxialdian aldatu egin dela uste hori, kultura beharrezkotzat jotzen hasi dela, alegia. Orain egiten diren emanaldi asko bete egiten dira, nahiz eta edukiera murriztuta egon ―lehen, ez ziren ezta edukiera horietara ere iristen―; hori garrantzitsua da. Agian, itxialdiarekin kultura erein da. Eta bere eragina edukiko du.

DI-DA BATEAN

Zerk alaitzen dizu eguna? Mendiak.

Eta tristatu? Lanak.

Zerk eragiten dizu barrea? Gauza gutxik.

Eta negarra? Albisteek.

Zerk haserrearazten zaitu? Ezjakintasunak.

Zerk ateratzen zaitu zeure onetik? Politikak.

Zer izan nahi zenuen txikitan? Artzaina.

Eta orain, zer ez duzu izan nahi? Polizia. Inoiz ez.

Umorista bat: Euskalduna, Ander Lipus. Espainola, Goyo Jiménez.

Umorea egiteko, antzokia ala taberna zuloa? 40 urte ditut jada, hortaz, antzokia. Tabernetan, borroka asko egin behar da, batzuetan.

Txiste txarrik gabeko komikoa, umorista ona ala txarra? Txarra. Nik beti botatzen ditut, herrien izenekin jolastuz, eta bukaeran. Oso txarrak dira.

Harpidedunentzako sarbidea:

Gogora nazazu

Hil honetako AIZU! aldizkarian erreportaje gehiago aurkituko dituzu. Horrez gain, “Ez da hain fazila” gehigarria ere eskura dezakezu. Hainbat eduki biltzen ditu: "Galde Debalde?" ataltxoa gramatika-zalantzak argitzeko, denbora-pasak, lehiaketak... Kioskoetan salgai, harpidetza ere egin dezakezu, digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.