Euskadi Literatura sariak ezagutarazi dira
Euskadi Literatura sari bana eskuratu dute Pello Lizarraldek (Argiantza), Anjel Lertxundik (Haltzaren Muinoa) eta Joxan Elosegik (Nik kantatu eta dantza egiten du mendiak). Hurrenez hurren, Euskarazko Literatura, Euskarazko Haur eta Gazte Literatura eta Euskarazko Literatura Itzulpena modalitateak irabazi dituzte. Epaimahaiaren iritziz, Pello Lizarraldek, “indar liriko handiko deskribapenak baliatuz, maisutasunez eraikitako kontakizuna” eskaini du. Anjel Lertxundiren obra, berriz, “kalitate literario handikoa eta aberatsa” dela uste du epaimahaiak, “kontatzeko modu arin, poetiko eta zainduagatik”. Joxan Elosegiren itzulpenean, “itzultzaileak erakutsitako irudimena eta sormenerako gaitasuna” azpimarratu ditu. Hil honen 18an banatuko dira sariak, Gasteizko Artium Museoan egingo den ekitaldian.
HILI (Elkar, 2021) liburuak (Uxue Alberdiren testuaz eta Araiz Mesanzaren ilustrazioez osatua) heriotza du hizpide. Album ilustratu hau haur baten eta haren panpinaren arteko solasaldi isila da, pentsamenduz, burutazioz eta, batez ere, galderaz betetako sormen lana. Alberdik aitortu duenez, umeak gogoan hasi zen idazten, baina liburuaren ekarpena ez dago haiei mugatua, “heriotzaren gaineko galdera-erantzunak ez direlako inoiz erabakita geratzen”.
ERROLANEN ELEZAHARRA
Juan Luis Landa
Itzultzailea: Koro Navarro Etxeberria
Erein, 2021
778. urtean, Karlos Handiak, erresuma germaniarren konkistatzaile eta Erromako elizaren babesleak, Marka Hispaniarra ezarri beharra du Pirinioetako hegoaldean, inperio islamiarraren oldarrari eusteko. Hala, Zaragozara abiatu dira armada frankoak inoiz ezagutu duen errege boteretsuenaren osteak, Hispaniako iparraldeko hiri handiaz jabetzeko. Hara heldutakoan, baina, espero ez duena topatuko du erregeak.
UZTA GARAIA
Asel Luzarraga
Elkar, 2021
Iraultza eta Zigor neba-arrebek mahatsa biltzera joaten diren sasoikakoen kanpamentuan ezagutuko dute Baazima, ezkutuan. Beren eskuen indarra baino ez duten gizon desjabetuen artean, neska gaztea ezagutzeak umetako xalotasuna galaraziko die: Baazima ez da bere gorputzaren jabe ere. Gure artean ere, ikusi ez arren, ehunka desjabetu bizi dira. Gizartea eraldatzeko indarra eta konpromisoa, gazteen esku.