Martxoaren 1etik 23ra egingo da 10. Loraldia Festibala Bilbon. Kirmen Uriberen poema bat oinarri, Munduari begiratzeko modu bat leloa ardatz, euskaratik sortzen den mundua ikusteko begirada propioa erakutsiko du hiru astez. Orotara, 28 ekintza eskainiko dira Bilboko 13 gunetan. Antzerkia, musika, dantza, bertsolaritza, literatura... diziplina ugariko lanak izango dira, baita haien arteko uztarketak ere. 120 sortzailek baino gehiagok hartuko dute parte, bai lehendik sortutako lanekin bai jaialdirako propio egindakoekin. Azken horien artean izango dira, esaterako, 2022ko Loraldiko Sormen Digitala Beka irabazi zuten Gorputzaren atzean emanaldia eta Bihar, Atzo, Gaur, Bihar ikuskaria. Sortzaileen artean ere, artista arituak zein hasiberriak: Lorea Agirre, Jon Maia, Izaro Bilbao, Eñaut Zubizarreta... Era berean, Loraldia Terminala gunea sormen berriari eskainiko zaio espresuki martxoaren 22an. Egitarau osoa, www.loraldia.eus atarian.

485masustondo

Iraganetik orainera, ‘Masustondoen patioa’-n

Isabel familiarengandik, sustraietatik eta hazi zen tokitik urrun bizi da aspalditik. Haatik, Amparo ama gaixotu egin dela eta, etxera itzuliko da ahizpari eta aitari zaintzan laguntzeko asmoz. Orduan, iraganeko oroitzapenak berpiztuko zaizkio eta horrek oraina ulertzeko balio izango dio. Istorio hori kontatzen du Masustondoen patioa antzezlanak, Vaiven Producciones konpainiaren lan berriak. Sandra Ferrúsek idatzi eta zuzendua, jatorrizko testua, gaztelaniazkoa, Aizpea Goenagak itzuli du. Hain zuzen, Goenaga aktore taldeko kide da, Sara Cozar, Olatz Beobide, Martxelo Rubio eta Dorleta Urretabizkaiarekin batera. Euskarazko lana martxoaren 15ean estreinatuko dute, Donostiako Antzoki Zaharrean. Hurrengo egunean, 16an, leku berean eskainiko dute, eta ondoren badituzte beste zenbait hitzordu zehaztuak: hilaren 20an, Eibarren, 47. Antzerki Jardunaldien barnean; 23an, Hondarribian; eta, apirilaren 19an, Zumaian.

485andereno

OTSAILEAN HASI ZEN 2024ko Ibilki, EKE Euskal Kultur Erakundeak Ipar Euskal Herrian euskarazko ikus-entzunezkoak hedatzeko asmoz urtero antolatu ohi duen programa. Ekainera bitartean gauzatuko da 2024ko Ibilkiren lehen partea, tarte horretan dozena bat antzerki, dantza eta musika emanaldi antolatuta Azkainen, Baionan, Donibane Lohizunen, Hendaian, Maulen, Urruñan eta Ziburun: Anita Maravillas-en Andereño; Pantxika Telleria koreografoaren Elirale konpainiaren Mamuka, Fuga eta O! lanak; Ion Martinez Txiki-ren Euskaldunon jatorria, historia eta irria... EKEren atarian (www.eke.eus) dago ikusgai ekitaldien informazio guztia.

485latxa

EHUko Hizkuntza Teknologiako Hitz Zentroak euskararako hizkuntza eredurik handiena garatu du: Latxa. Txatbot moduko adimen artifizialezko tresnak horrelako ereduetan oinarritzen dira, beraz, euskara oinarri dutenak sortzeko lehen urratsa izan daiteke. Meta-ren LLaMA eredua erabili du Hitz Zentroak Latxa sortzeko, eta oraingoz ez dago publiko orokorrak erabiltzeko prest, adituek baliatzeko baizik.

485ombuaren

PELLO MARI OTAÑO (Zizurkil, 1857 – Rosario, Argentina, 1910) bertsolari eta poetaren memoria berreskuratzea du helburu Ombuaren itzala filmak, Patxi Bisquert garatzen ari den lanak. Auzolanean ari da, eta, hala, berak zuzenduko duen filma ekoitzi eta grabatzeko crowdfunding kanpaina jarri dute abian. Beharrezko kopurua jasoz gero, kanpaina hasi eta berehala grabatzen hastea dute asmoa, udazken aldean estreinatzeko prest izateko. Proiektuari buruzko informazioa eskuratzeko eta ekarpenak egiteko, www.verkami.com atarira jo.

485ahozaho

2024ko AHOZ AHO Ahozkotasunaren Jaialdiak Euskal Herriko eta nazioarteko hainbat kontalariren lana zabalduko du, herriz herri, martxoaren 27ra bitartean. Intujai Teatroak antolatutako jaialdia otsailaren erdialdean hasi zen, eta berrogei kontaketa saio inguru eskainiko ditu. Saioez gain, Euskal Kontalarien VIII. Topaketa egingo dute Tolosako Amarotz Auzo Etxean, martxoaren 23an. Bertan, Urrezko Kalabaza saria emango diote Paul Urkijo zinemagileari. Egitarau osoa http://intujaiteatro.blogspot.com helbidean ikus daiteke.

485tokimom

TOKIKOM euskarazko hedabideen sareak, Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean, Matx izeneko aplikazioa sortu du. Kirolariak, kirolzaleak eta klubak batzen ditu, haien arteko harremanak erraztu eta gertuko kirol komunitatea sortzeko helburuz. Klubei buruzko informazioa (emaitzak, datak...), kirol edukiak eta komunitatea izango ditu zutabe nagusi. Doako aplikazioa da, eta IOS eta Android plataformetan bilatu, deskargatu eta erregistratu besterik ez da egin behar erabiltzen hasteko.

Harpidedunentzako sarbidea:

Gogora nazazu

Hil honetako AIZU! aldizkarian erreportaje gehiago aurkituko dituzu. Horrez gain, “Ez da hain fazila” gehigarria ere eskura dezakezu. Hainbat eduki biltzen ditu: "Galde Debalde?" ataltxoa gramatika-zalantzak argitzeko, denbora-pasak, lehiaketak... Kioskoetan salgai, harpidetza ere egin dezakezu, digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.