23. Korrika bertatik bertara jarraitzeko tresna ezin egokiagoa da Korrika aplikazioa. Berritu egin dute, eta nobedade ugari ditu. Batetik, itxura aldatu diote, eta atal berriak gehitu. Esaterako, Korrika Laguntzaile txartela txertatuta dauka. Horrenbestez, sakelakoan bertan eraman daiteke txartela. Era berean, Korrika Laguntzaileen artean astero egiten diren zozketen berri ematen du aplikazioak. Bestetik, Korrikaren ibilbidea xehetasun osoz ezagutzeko aukera ematen du. Dagoeneko ikusgai dago, baina zuzenean ere ikusi ahal izango da: Korrika furgoneten geolokalizazioari esker, erabiltzaileek une oro jakingo dute Korrika non dabilen, atzerapenez edo aurrerapenez datorren... Bilatzaile aurreratua ere izango du, gainera. Horiez guztiez gain, Korrikari buruzko jakingarri guztien berri emango du. Android zein IOS bertsioetarako, korrika.eus webgunean eskura daiteke, doan.

484artxibobiluzia

‘Artxibo biluzia’, antzerkiaz harago

Metrokoadroka kolektiboak Artxibo biluzia estreinatu du, konferentzia performatiboa eta antzerkia uztartzen dituen pieza eszenikoa. Usurbilgo Udalak eta Jakin Fundazioak sortutako I. Joan Mari Torrealdai Ikerketa Bekari esker garatu dute “ikerketa eszeniko hau”. Torrealdairi, Euskaldunon Egunkaria itxi eta atxilotu zutenean, ezin konta dokumentu kendu zizkioten. “Biluzik utzi ninduten, ez fisikoki, baizik eta intelektualki”, adierazi zuen, une hari buruz, geroago. Bada, proiektu eszenikoak egun hartan hutsik geratutako karpeta bat du abiapuntu. Marina Suarez Ortiz de Zaratek eta Oier Guillanek zuzendua, bi aktore paratzen ditu oholtzan, publikoarekin elkarrizketan: Intza Alkain eta Javier Barandiaran. Pieza eszenikoaz gain, beste bi atal ditu proiektuak: idazketa/performance tailerra eta aurrerago plazaratuko duten argitalpena. Urtarrilaren 12an Usurbilen estreinatu ostean, Loraldia festibalean eskainiko dute, martxoaren 12an, Bilbon.

484lautanhiru

VI. LAUTAN HIRU antzerki jaialdia otsailaren 8an, 15ean, 22an eta 29an izango da. Egitaraua hilaren hasieran ezagutaraziko dute, eta, iaz bezala, zortzi ekitaldi izango dira orotara, ostegun bakoitzean bi. Hori bai, gune berri bat gehituko zaio aurten: Bilboko Alde Zaharreko ohiko tokietan ez ezik, La Sinsorga kulturgunean ere eskainiko dituzte emanaldiak. Euskaltzaindiak antolatzen du jaialdia, BIRA Kultura, Cafe Bar Bilbao eta 7Katu gaztetxearekin batera, eta hiru helburu ditu: euskarazko antzerkia hauspotzea, antzerkilariei plaza berriak eskaintzea eta Bilboko Zazpikaleetan euskara eta euskal kultura sustatzea.

484kukai

KUKAI DANTZAK Txalaparta lana estreinatuko du, otsailaren 3an, Donostiako Victoria Eugenia Antzokian. Errenteriako konpainiaren eta Jesus Rubio Gamo koreografoaren arteko elkarlana da, eta Jon Mayak zuzendu du. Zazpi dantzarik taularatuko dute musika tresna eta gorputza harremanetan jartzen dituen pieza: Alain Maya, Arantza Iglesias, Ibon Huarte, Izar Aizpuru, Izaro Urrestarazu, Nerea Vesga eta Urko Mitxelenak. Otsailaren 3an eta 4an Donostian eskaini ostean, 16an Bilbon eta 29an Gasteizen egingo dute, besteak beste.

484neguhurbilak

NEGU HURBILAK filma otsailaren 23tik aurrera ikusi ahal izango da Hego Euskal Herriko zinema aretoetan. Izan ere, Negu Kolektiboaren (Ekain Albite, Mikel Ibarguren, Nicolau Mallofré eta Adriá Roca) lehen fikziozko film luze hau iaz aurkeztu zuten Locarnoko 76. Zinemaldian, eta, jaialdiz jaialdi ibili ostean, orain eskainiko dute areto komertzialetan. Ihesaldi bat oinarri hartuta, isolamendua eta itxarotea ditu hizpide.

484toure

TOURE DETEKTIBEA telesailaren estreinaldia otsailaren 1ean izango da, EITBren Primeran plataforman. Jon Arretxeren eleberri ezagunean oinarritutako lana gaztelaniaz grabatu bazuten ere, euskaraz bikoiztuta eskainiko dute Primeranen. Esteban Crespok eta Violeta Salamak zuzendu dute telesaila. TVEk ere otsailetik aurrera eskainiko du, baina gaztelaniaz. Udaberrian, berriz, ETB1en ikusi ahal izango da.

484irabazleak

BATEN BEHARREAN, euskarazko bi lan saritu dituzte Cafe Bar Bilbao XXI. antzerki sariketan: Iñaki Cid Larrearen Arropa zuria eta Pantzo Hirigarairen Dolu (Bizpahiru antzerki trilogiako lana). Gaztelaniaz, ostera, Braulio Cortés Díazen Diario de desdichas lana izan da garaile. Lautan Hiru jaialdian, euskarazko bi lan irabazleen irakurketa dramatizatua egingo dute, baina dagoeneko irakurgai daude Cafe Bar Bilbaoren webgunean: www.bilbao-cafebar.com.

Harpidedunentzako sarbidea:

Gogora nazazu

Hil honetako AIZU! aldizkarian erreportaje gehiago aurkituko dituzu. Horrez gain, “Ez da hain fazila” gehigarria ere eskura dezakezu. Hainbat eduki biltzen ditu: "Galde Debalde?" ataltxoa gramatika-zalantzak argitzeko, denbora-pasak, lehiaketak... Kioskoetan salgai, harpidetza ere egin dezakezu, digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.