Android Google gabe?


Joxe Rojas
Galdetu zalantzak teknopatari:
Honezkero geldiezina da adituek "kakaztea" deitzen dioten prozesua. Gero eta maizago1, ustez gure egunerokoa errazteko sortutako tresna digitalen kontra defendatzen ikasi behar dugu, guretzat baino, gure aurka lan egiten baitute.
Android sistema eragilea, adibidez, software libreko aukera gisa sortu bazen ere, gero eta funtzionalitate gehiago ditu Googleren jabetza pribatukoak, eta jabeak baino ez daki benetan zer pasatzen den barruan gure telefonoan piztuta dugun bitartean.
Barrunta dezakegun gauza bakarra da Android telefonoak sakelan daramatzagun espioi txikiak direla. Gure kontaktuak, aplikazioak, mezuak, joan-etorriak, erosketak, ordainketak... dena xehe-xehe2 batu eta Googlera bidaltzen dute, gutako bakoitzaren profila osatzeko.
Pixkanaka-pixkanaka, hala ere, ari dira alternatibak agertzen, eta indarra hartzen. Androiden kasuan, hainbat enpresa eta komunitate txikik lanean dihardute sistemaren software libreko oinarria hartzeko eta Googlek haren gainean ezarritako geruza3 ilun eta kontakatilu4 horiek garbitzeko. Horrela, Androideko aplikazioekin bateragarriak diren, baina Googleren zaintzatik libre dauden sistema eragileak sortzen ari dira.
Sistema horiek erabiltzeko bi modu daude. Eros daiteke telefono berri bat, sistema librea aurrez instalatuta dakarrena, edo, bestela, norberak instala ditzake bere telefonoan, orain duen sistemaren ordez. Instalazioak badu lan apur bat eta ezin da telefono guzti-guztietan egin, baina egin daitekeen horietan primeran funtzionatzen du.
Pausoa eginez gero, beste erronka bat ere badago: Android bertsio libre horiek Googlek garatutako barne funtzionalitate batzuk ez dituztenez, batzuetan gerta daiteke oso funtzio espezifikoak erabiltzen dituzten zenbait aplikaziok ez funtzionatzea. Hori gertatzea gero eta arraroagoa da, dena den; gainera, behar izanez gero, badira moduak Googleren funtzio propioak sisteman gehitzeko... baina tira, abentura honen muina5 Android Google gabe erabiltzea da, ezta? Horra Olentzerorentzako iradokizuna6!
LOTURAK
https://www.fairphone.com
Fairphone telefonoak irauteko eginda daude, norberak konpon ditzake zerbait apurtuz gero, eta /e/OS sistema libreaz eros daitezke.
https://grapheneos.org
GrapheneOS pribatutasunean zentratutako Android bertsio libre bat da, Google Pixel telefonoetan instala daitekeena.
https://lineageos.org
LineageOS Android telefonoetarako sistema alternatibo aitzindarietakoa7 da, eta hainbat marka eta modelotan instala daiteke.
1. Maiz: askotan, sarritan.
2. Xehe-xehe: zehatz-mehatz, zehaztasun handiz, modu oso zehatzean.
3. Geruza: capa (es), couche (fr).
4. Kontakatilu: soplón, -ona (es), mouchard, -e (fr).
5. Muin: oinarri, funts.
6. Iradokizun: sugerencia (es), suggestion (fr).
7. Aitzindari: pionero, -a (es), pionnier, -ère (fr).
