Nor zara zu?
Joxe Rojas
Bartzelona inguruko supermerkatu batek arazoak izan zituen, duela hilabete batzuk, auzoko lapur batzuk behin eta berriz sartzen zirelako ebastera eta dendan era guztietako triskantzak egitera. Azkenean, epaitegira eraman zituzten, eta epaileak urruntze agindua ezarri zien bi gaizkileei; ezin dira dendatik 500 metrora hurbildu.
Supermerkatu hori, hala ere, saltokiak Espainia osoan dituen kate batena da. Bada, kateari aukera paregabea iruditu zaio, segurtasunaren aitzakian, denda guzti-guztietan sistema oso sofistikatua instalatzeko: kameren bidez sartzen diren pertsonen aurpegia aztertu eta, datu base batean begiratuta, nor diren jakinarazten du. “Horrela, ziur egongo gara bi zantar horiek ez direla gure dendetan sartzen” azaldu dute jabeek.
Zorionez, lapurren abokatuak auzitara eraman du burutazioa, eta epaileak debekatu egin dio enpresari bere dendetan sartzen den jendearen aurpegiak automatikoki identifikatzea. Alde batetik, urruntze agindua denda bakar bati begirakoa delako; bestetik, Espainia osoko bezero guztiak banan-banan identifikatzea gehiegizko neurria delako denda zehatz batean bi pertsona oso zehatz sartzen ez direla kontrolatzeko.
“Baina, aizu,” -enpresak- “identifikazioa 0,3 segundoz baino ez dugu egingo; zer kalte egin diezaioke horrek inori?”. Eta epaileak, argi asko, kontua ez dela zenbat denboraz identifikatzen den jendea, baizik eta identifikatzea bera dela gehiegizkoa eta legez kanpokoa, izan 0,3 segundoz edo hiru hilabetez. Oraingoan, behintzat, Anaia Handiak galdu du.
Txalogarria da, zalantzarik gabe, epailearen jarrera. Lastima, dena esate aldera, berandu samar iristea: saltoki handi gehienek honezkero ez dute kameren beharrik noiz sartu eta noiz irten garen jakiteko. Gero eta ohikoagoa dugu banku txartelaz edo sakelakoaz ordaintzea, eta horrek zehatz-mehatz identifikatzen gaitu. Eskudirutan ordainduta ere, fidelizazio txartel ditxosozkoak ez dira atzo goizeko asmakizuna. Kamerarik gabe ere, oso zorrotz kontrolatuta gaude!
Loturak, estekak, linkak
https://labur.eus/pkodea
Eskatu dizute inoiz etxeko posta kodea saltoki handi bateko erosketa ordaintzean? Ez, ez da estatistikak egiteko.
https://labur.eus/jarraitu
Online erosten dugunean, saltzaileek zehatz-mehatz jarraitzen dute gure mugimendu bakoitza. Denda fisikoetan erosten dugunean ere gauza bera egiteko saiakerak aspaldi-aspaldikoak dira.
https://labur.eus/aurpegiak
Aurpegiak automatikoki identifikatzeko sistemen inguruan (ere) negozio erraldoia dago. Gero eta handiagoa, gainera.