“Euskaraz hitz egiteko aukera asko dago edonon bizita ere, bilatu nahi izanez gero”

Dylan Inglis
Devon, Ingalaterra, 1998
Besteak beste, ingelesa, mandarin txinera, gaztelania, frantsesa, georgiera, katalana eta italiera dakizki; eta euskara, jakina. Batua ez ezik, zuberera, bizkaiera eta nafar-lapurtera ere ikasi ditu. Edinburgoko Unibertsitatean (Eskozia) euskara eta euskal kultura irakasten du, eta Etxepare Institutuko irakurlea da. Eñaut Mitxelena. Argazkia: Izaro Arruti.
Zergatik erabaki zenuen euskara ikastea?
Hizkuntzazalea naiz eta garai hartan, 2017an, frantsesa, gaztelania eta txinera ikasiak nituen. Euskal Herria oporretan ezagutua nuen. Hortaz, batetik, lekua eta inguruko beste hizkuntzak ezagutzen nituen. Bestetik, txinera, zailtzat jotzen nuen hizkuntza, ikastea posible zela ikusita, euskara ikasteari askok diogun beldurra galdu nuen. Gainera, kultura oso interesgarri hau, zaharra baina bizia, ulertzeko nahia nuen.
Nolako prozesua izan zen?
Askotan, indar-maila ezberdinez ikasten ditugu hizkuntzak. Dena den, euskararen kasuan, oso trinkoa izan zen. Nire nahia eta gogoa guztiz jarri nituen horretan. Udan nire kabuz hasi, eta bi hilabete eman nituen oinarri gramatikalak ikasten; gero, beste bi hilabete barnetegian, Zornotzan. B2 titulua lortu nuen arren, beste urtebete behar izan nuen ongi ikasteko.
Zer izan da zailena zuretzat?
Beste hizkuntza batzuekin kristoren zailtasunak izan ditut, baina euskararen kasuan dena egin zitzaidan gustagarria.
Eta errazena?
Jendeak dio zaila dela hitz egiteko aukerak topatzea. Edinburgon euskaldun gutxi dago, baina beti topatu ditut aukera asko. Hori da errazena: euskaraz hitz egiteko aukera asko dago edonon bizita ere, bilatu nahi izanez gero. Bestalde, euskara irakasteko egitura eta pedagogiak oso garatuta daude. Zoragarria1 da zein ongi irakatsia eta zein ongi integratua dagoen euskararen irakaskuntza euskal gizartean.
Erabiltzen duzu?
Bai. Lagun batzuekin sarri mintzatzen naiz euskaraz, WhatsApp bidez. Hemengo euskaldunekin ere maiz samar elkartzen naiz. Gainera, hedabideak, liburuak, filmak eta irratia asko disfrutatzen ditut.
Trikimailuren bat?
Asko daude. Hiztegia ikasteko modurik eraginkorrena2 Anki izeneko aplikazioa da. Hizkuntza-ikasleok asko erabiltzen dugu.
1. Zoragarri: magnífico, -a (es), magnifique (fr).
2. Eraginkor: eficaz (es), efficace (fr).
