“Euskaraz bizitzeko hautua da neure buruari eginiko oparirik ederrena”

Karlos Almonacid
Donostia, 1967
Lan Zuzenbidea1 ikasia, Donostiako Amara Berri AEK euskaltegiko arduraduna eta irakaslea da Almonacid. Hark dioen moduan, “nire etxea” da Amarako euskaltegia: lau urtez, ikaslea izan zen; ondoren, irakaslea. Dagoeneko 30 urte inguru daramatza bertan lanean. Eñaut Mitxelena.
Zergatik erabaki zenuen euskara ikastea?
Familian, euskararen transmisioa eten2 egin zen. Familia euskalduna zen, baina hizkuntza galdu egin zen. Berreskuratzeko, aitak erabaki zuen gau eskola batean hastea. Hark piztu zigun euskalduntzeko grina3. Aitak ez zuen ikasprozesua bukatu; anaiak eta biok, aldiz, bai.
Nolako prozesua izan zenuen?
Euskara oraindik hezkuntzan txertatuta4 ez zegoenean hasi nintzen ikasten nire ikastetxean, 12 edo 13 urte nituela, eskolaz kanpoko ikastaroetan. Ondoren, A ereduko ikastetxe bihurtu zen eta euskara irakasgaia zen. Nik nire kabuz5 ikasi eta ahal nuen guztietan erabiltzen nuen. Unibertsitatean ere eskolaz kanpoko euskara ikastaro batean hasi nintzen, garaiko 6. urratsean (B1.2). Urtebete geroago, Amara Berriko AEKra etorri nintzen. Lau urte egin nituen ikasten eta Zestoan eta Azpeitian barnetegi bana ere egin nuen. C1 eskuratu eta gero irakasle hasi nintzen.
Zer izan zen errazena eta zer zailena?
Errazena, erabakitasuna6. Horrek lagundu zidan ikastean. Zailena, betikoa: aditza, taulak...
Euskara erabiltzen al duzu?
Bai. Euskaraz bizitzeko hautua7 izan da neure buruari eginiko oparirik ederrena. Etxean erabiltzen dut, eta eguneroko bizimoduan ere bai, jakina. Lagun artean, batzuk euskaltegian aritu direnez, haiekin ere hitz egiten dut.
Trikimailua:
Erabiltzea. Eta gero, erabiltzea. Eta gehituko nuke: erabiltzea. Kanpora joaten garenean, ingelesez, frantsesez... hitz egiten dugu. Hemen ere gauza bera egin beharko genuke, lotsarik gabe. Hasi erabiltzen. Hanka sartuko dugu, baina aurrera egin: animo eta ekin!
1. Lan Zuzenbidea: derecho laboral (es), droit du travail (fr).
2. Eten: interrumpir(se) (es), (s')interrompre (fr).
3. Grina: fervor (es), ferveur (fr).
4. Txertatu: sartu.
5. Nor(k) bere kabuz: bakarrik, inoren laguntzarik gabe.
6. Erabakitasun: determinación (es), détermination (fr).
7. Hautu: elección (es), choix (fr).
