Martu Rizzo
Buenos Aires, Argentina, 1981

2013an etorri zen Euskal Herrira senarrarekin, eta hasieratik aritu dira euskara ikasten. Lehenik Lazkaon eta ondoren Tolosan eta Usurbilen. Iaz Orion hasi ziren bizitzen, eta Rizzo urritik ari da herriko AEKn ikasten, B1-B2 mailan. Euskaltegiko ikasketak gidoigintza ikasketekin uztartzen ditu. Eñaut Mitxelena.

Zergatik erabaki zenuen euskara ikastea?
Hemengo hizkuntza delako. Euskal Herrira iritsi ginenean, niretzat eta senarrarentzat lehentasuna izan zen euskara ikastea. Gainera, ni kristaua naiz, eta Jainkoak garrantzia handia ematen die herrien hizkuntzei. Hala, nire bizitzan ere eredu hori hartu nuen.
Nolako prozesua izan duzu?
Nirea oso prozesu luzea da. Gutxi gorabehera 11 urte daramatzat euskara ikasten. Lazkaon hasi nintzen, Maizpide barnetegian. Ondoren, Tolosan. Eta Usurbilen bizi nintzenean, Donostiako Urrats euskaltegian. Gero, Argentinara itzuli ginen urte eta erdiz, eta orain Orioko AEKn nabil. Nire haurra jaio zenean, lasaiago hartu nuen, baina beti jardun dut ikasten. Nahiz eta uneren batean uzteko gogoa izan dudan, beti jarraitu dut.
Zer izan da zailena zuretzat?
Ulertzea. Hiztegia. Horrekin etengabe sufritzen dut. Batzuetan, testuingurua harrapatzen dut, baina beste batzuetan jendeak oso azkar hitz egiten du eta asko kostatzen zait. Orain hobeto moldatzen naiz, praktika kontua da. Garrantzitsuena entzutea da: irratia, telebista... Gauza askok laguntzen dute ulermena hobetzen.
Eta errazena?
Hitz egitea. Nahiz eta akatsekin egin, erraz egiten dut. Zergatik? Jendearengatik. Jendeak pazientzia handia dauka nirekin, eta laguntzen didate. Euskaldunek pazientzia dute, garrantzia ematen diote gure ahaleginari, gaizki hitz egiteari ez bezala. Hori oso ona da ikaslearentzat, hitz egitera bultzatzeko.
Erabiltzen al duzu?
Bai. Lagun euskaldunekin eta hainbat lekutan. Ezagutzen ditudan euskaldunekin nahiago dut euskaraz hitz egin. Batzuetan, uneren batean gaztelaniara jotzen dut, euskarari eustea kostatu egiten zaidalako, baina nahiago dut euskaraz egin. Etxean ere erabiltzen dut, haurrarekin. Autismoa duenez, gutxi hitz egiten du, baina aginduak hobeto ulertzen ditu euskaraz: etorri, eseri, lagundu... Horregatik, etxean horrela egitea erabaki dugu. Bestalde, Bibliari buruzko topaketak egiten ditugu zenbait lagunek Orioko taberna batean, eta dena euskaraz egiten dugu. Oso ona da praktikatzeko: irakurri, hitz egin...
Trikimailuren bat?
Hitz egitea da nire trikimailua. Lehenik ikasi eta gero hitz egin, hitz egitera animatu. Entzun ere bai, eta euskaraz bizitzen saiatu. Ez du inporta nola ikasten den: lasai edo azkar, inoiz ez uztea da garrantzitsuena. Beti aurrera egiten badugu, beti pixka bat gehiago ikasiko dugu.

Zelan euskaraz?

Atal honetatik lagun asko pasa dira dagoeneko. Guztiak, euskara heldu aroan eta euskaltegian ikasi duten pertsonak. Haiek ezagutzeko aukera edukitzeaz gain, euskara ikasteko lagungarriak diren aholkuak, trikimailuak eta testigantzak aurkituko dituzue. Ez galdu aukera!

Harpidedunentzako sarbidea:

Gogora nazazu

Hil honetako AIZU! aldizkarian erreportaje gehiago aurkituko dituzu. Horrez gain, “Ez da hain fazila” gehigarria ere eskura dezakezu. Hainbat eduki biltzen ditu: "Galde Debalde?" ataltxoa gramatika-zalantzak argitzeko, denbora-pasak, lehiaketak... Kioskoetan salgai, harpidetza ere egin dezakezu, digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.